Aldizkari Digitala
Etiopia: Goseaz harantzago
Ideia nagusi bat bada Etiopiari buruz: hura desertua da, ez dago ezer ikusteko, eta goseak hiltzen da jendea. Gosearena egia da, baina euria egiten duen urteetan zer jana izaten da, eta lehorte-urteetan azaltzen dira komunikabideetan hain ezagunak diren irudi lazgarri horiek. Baina ez da egia, Etiopiak ez duela ezer interesgarririk. Kultura oso antzinakoa du, oso abegitsuak dira, eta paisaia ederrak ditu.
Etiopiar gehientsuenak kristauak dira, musulmanak ugaritzen ari badira ere. IV. mendean iritsi zen kristautasuna Etiopiara, Europako bazter askotara baino lehenago, eta orduz geroztik han segitzen du, musulmanez josita inguru guztia. Etiopiako arte sakroak ez du berdinik munduan. Eliza askotako hormetan Jesukristoren bizitza ikusten da, pintura horiek arte bizantziarra eta Afrikako arte tradizionala uztartzen dituzte. Bada besterik. Kondaira batek dioenez, etiopiarrek badute judutik. Izan ere, orain mende asko etiopiarren Saba erreginak eta Salomon errege juduak seme bat izan zuten. Horregatik azalduko dira, agian, juduak diruditen ezaugarriak Etiopiako arte erlijiozkoan.
Etiopiako monumenturik esanguratsuenak Lalibelako elizak dira, XII. mendekoak, harkaitza zulatuta eginak. Harkaitz-zuloraino bertaraino iritsi arte ez dituzu bistaratuko: hain daude ezkutuan! Etsaiak urrutitik antzeman ez zitzaten daude horrela eraikiak. Beta Giorgis (San Jorge) da gehien nabarmentzen den eliza, gurutze forma du, eta 15 metroko luzera.
Gondar hiriko gazteluak ere interesgarriak dira, parerik gabekoak Afrikan. Fasiledes enperadoreak XVII. gizaldiko arkitekto portugaldarrekin hitz egin zuen, eta hiri hartan gazteluak egiteko enkargua eman zien. Gondar orduan inperioko hiriburua zen. Etiopia 2.000 metrora dagoen goi-lautada da gehiena: eta iparreko aldetik mendiak ditu, eta hegotik, berriz, desertua. Goi-lautadako eguraldia atsegina da beti: bero egiten du, baina ez lartxo, ekuatoretik gertu baitago. Eta ez du euri askorik botatzen, altuerak tenperaturak hozten dituelako. Euria egiten duen urteetan lurra emankorra da: artasoroak eta galsoroak badira, baita behi-talde handiak ere. Hara sasoi honetan helduz gero, ezustean harrapatuko du hura basamortua delakoan doan bidaiaria. Etiopia, egia esatera, herrialde behartsua da oso. Egunean birr bakarrarekin moldatu behar dute. Birr-a da hango txanpona, eta birr bat 0.10 euro da. Erabiltzen diren billete bakarrak, birr 1eko horiek hain zuzen, oso zikinak daude, erabiliaren erabiliaz zahartuak. Beste billete batzuk, 10 birr-ekoak, berri-berriak daude, eta 100ekoak fabrikatik irtenda legez. Ekonomiak indar gutxi duenez, Estatuak apenas biltzen duen zergarik, eta ez du dirurik errepideak egiteko, soroak ureztatzeko, ez elikagaiak urte batetik bestera gordetzeko biltegiak egiteko. Beraz, horregatik dakarte lehorteek berekin gosea. Laborarien bizimodua latza da erabat. Ez argirik ez iturriko urik. Lanik gehiena emakumeen bizkar dago: eurak joaten dira etxetik urrutira ur bila, egur bila. Addis Abbeba hiriburua da benetan hiritzat hartzeko moduko bakarra: kale asfaltatuak, dendak, jatetxeak, erietxeak, hotelak, Internet bidez konektatzeko gune bakan batzuk. Baina hiriburuan 3 milioi etiopiar bizi dira bakarrik, beste 62 milioi landan edo hiri txikietan bizi dira. Mende askotan, 1975. urtera arte, Salomon eta Sabaren oinordeko zuzenak zirela zioten enperadoreek izan dute agintea Etiopian. Estatu federala da egun, eta talde etniko bakoitzak bere lurraldea gobernatzen du.
Oromo, amhara, tigray. horiek dira etniarik jendatsuenak, etiopiarren erdia pasatxo, baina etniarik interesgarrienak hegoaldean daude: mursi, karo, surma, hamer, konso. Tribu hauetako bakoitza milaka bat lagunez osatua dago, baina euren sinismen eta ohiturak bizirik gordetzen dituzte. Etiopiak ez du inguruko lurraldeekin antzik faunaren aldetik. Ez da horren emankorra. Lehoirik eta elefanterik apenas dabilen, baina krokodiloak bai galant askoak, 7 metro arterainokoak. Piztia horiek aintziretan ikusiko dituzue. Ugariak dira aintzirak Etiopian, eta hantxe bizi dira, besteak beste, hipopotamoak, flamenkoak eta pelikanoak ere. Tilapia izeneko arrain goxoak ere aintzirak ditu bizileku, eta haien ondorenean arrantzara irteten diren arrantzaleak krokodiloen bazka bihurtzen dira. Urtero hiltzen dute gizasemeren bat Chamo aintziran. Izan ere, hain dira babes gutxikoak enborrekin egindako txalupak! Mendizaleak ere zorteko daude Etiopian.
Simien mendikatea txundigarria da, Etiopiako iparrean dago kokatua eta hango gailurrik garaiena, Ras Dashen (4.500 m.) Afrikako laugarrena da. Laburbilduz, harako bidaia nekosoa den arren, Etiopia Afrikako herrialderik liluragarrienetakoa da. Jendeak sinistu ala ez.
Irudiak: Pixabay
