irakurgai-mailakatuak-fitxa
Berriak jaio ginen
80ko eta 90eko hamarkadetan bertsolaritza sakon hasi zen eraberritzen. Jon Maia bertsolariak liburu honen bidez hamarkada horietako esperientzien liburu autobiografikoa eskaini digu, hainbat gairi buruzko hausnarketa tartekatuz.
Egilea: Jon Maia Soria
Argitaletxea: Lanku
Argitalpen-urtea: 2017
Nola heldu zen Jon Maia bertsolaria 1997an Euskal Herriko bertso-txapelketako finalera, gurasoak erdaldun etorkinak izanda, ama Extremadurakoa eta aita Zamorakoa? Hori kontatzen du Jon Maiak berak liburu honetan. Euskal Herriko bertso-giroaren bilakaera ere azaltzen digu: belaunaldien arteko talka, bertsolaritzan bizi izandako harreman onak, bertso-eskolak, Maia eta bere belaunaldikoen kultura-erreferentziak, bertsolaritza eskola arautuan nola hasi zen Zumaian, bertsolaritza urbanoa eta landa-eremukoa, noiz erabaki zuen Maiak euskara ikastea …
Hona pasarte bat:
Maya abizenari, berriz, kamuflaje funtzio ordainezina zor diot. Maya. Zalantzarik gabe, euskalduna izan zitekeen hitza eta hotsa. Baina, batere zalantzarik gabe, gainera. Mahai horren azpian ezkutatu izan ditut, hain justu, nire gainerako abizenak. Badakizue euskaldun askok zortzi abizenen mitoa nola elikatu izan duten Sabinoren oihartzun atabaliko gisara. Alegia, arraza garbiaren eta pedigriaren sinbologiarena, ume jolas bat zirudikeen arren: Ainhoa Etxabe, Aizpurua, Larrañaga, Mendizabal, Azkue … eta ni … Jon Maya. Nire garaikoa den erletxo sinpatikoarekin egiten zizkidaten txisteek ez ninduten bereziki molestatzen. Asko gustatzen zitzaidan niri ere.
(35-36 or.)
