detalle dokuteka-generico-fitxa

Jon Maia, bertsolari eta kantari

Ama Extremadura, aita Zamoratik, abuela ta abuelo haien aurretik. Horrela hasi zuen Jon Maiak 1997ko Bertsolari Txapelketaren finalean jendea erabat hunkitu zuen bertsoa. Azken urteotan, Karidadeko Benta taldearekin dabil kantari.

Zuk esana da euskaldun berri eta euskaldun zahar hitzak baztertu egin beharko genituzkeela. Zergatik?

Ez dutelako inolako mesederik egiten. Euskaldun berri terminoa bakarrik erabili beharko litzateke estatistiketarako, bestela ez diot zentzurik ikusten pertsona bati bizitza osorako etiketa hori jartzeari. Beste hizkuntzetan ez dute bereizten hiztunak etxean ikasitakoak diren ala ez. Sekula ez dut entzun norbait ingeles berri edo espainiar zahar denik. Bereizketa hori absurdoa eta kaltegarria da, konplexu eta aurreiritzi asko sortzen duelako. Euskara dakienak badaki, eta kito. AEK-k eta oro har euskalduntze prozesuan parte hartzen duten taldeek pauso hori aspaldi emana beharko lukete. Euskaldun berri asko ikusten dut aurkeztu orduko barkamen eske bezala, zerbait txarra izango balitz bezala.

 

Bertsolaritza uztekotan egon zinen duela zenbait urte.

Krisialdia izan nuen 20 urte buelta horretan. Nik ikusten dut orain jende askok oso garbi daukala bertsolari izan nahi duela. Esango nuke gazte baino lehenago bertsolari direla. Baina bizitzak askotan gaina hartzen dizu, eta bertsolari baino lehenago gazte sentitzen zara. Nik bertsolari gazte bezala arrakasta lortu nuen, baina beste kezka eta bizipen batzuk etorri zitzaizkidan, bertsolaritzaren gainetik jarri zitzaizkidanak.

Beste alde batetik, uste dut hura ez zela nire garaia. Nahiko bakarrik sentitzen nintzen, inguruan ez nuen lagun bertsozalerik, eta bertsolaritza oso urruti ikusten nuen nire mundutik. Ez nuen gozatzen plazetan. Gero, denborarekin, oso urruti sentitzen nituen jendea eta giroa oso hurbil sentitu ditut. Nik uste 25 urterekin, Euskal Herriko finalean sartu nintzenetik, hasi nintzela bertsolari sentitzen. Finalera sartu eta gero konturatu nintzen zer den bertsolari izatea.

 

Eta zer da?

Bizimodu bat da. Ez da bertso bat egiten jakitea, ez da teknika bat menperatzea. Batetik, ia erabat horretara egon behar duzu. Harremanak gustatu behar zaizkizu; herriz herri ibiltzea ere gustukoa izan behar duzu, eta gaitasuna izan behar duzu komunikatzeko edozein publikoren aurrean, ez bakarrik zuri gustatzen zaizkizun giroetan.

 

"Oso transzendentala naiz" zenioen duela zenbait urte. Urteen joanarekin, areagotu edo arindu egin zaizu joera hori?

Transzendentala naiz maila pertsonalean, harremanetan eta sentimenduetan. Bestela oso arin hartzen dut bizitza. Transzendentala naiz, adibidez, Euskal Herriarekin. Asko sufritzen dut inguruan gauzak gaizki daudenean. Euskal Herriak bizi duen egoera txikitatik oso barruan daukadan gauza da. Niretzat politika ere sentimendua da, ez dut bizi politika bezala. Nire ideiak ditut eta sentimenduak bezalakoak dira, nire jarrera ez dago gorabehera politikoen arabera. Ni beti leku berean egon naiz eta egongo naiz, eta ez egoskorra naizelako, baizik eta aita eta ama aldatu ezin ditudan bezala, nire ideiak ere ezin ditudalako aldatu. Harreman sentimental eta pertsonaletan ere oso sentibera naiz.

 

Maitasunaz zerbait ikasi duzu urteekin?

Lezio batzuk atera ditut, bai. Ikasi dut aurreiritzirik gabe jokatzen; nik lehen pertsona ideal bat nuen buruan, eta uste nuen ideal horretatik kanpo ez nuela ezer nahi. Gero bizitzak erakutsi dit ez dela idealizatu behar ezer. Beste lezio bat izan da ikastea ezer ez dela betiko. Edo beharbada egon daiteke zerbait betiko, baina niretzat betiko ziren gauzak ikusi ditut erortzen. Horregatik, ikasi dut burua eta bihotza zabaltzen nire estereotipoak gainditzeko. Lehen erabat erromantikoa nintzen, eta orain ere banaiz, baina ez ditut idealizatzen gauzak lehen bezala.

 

Nabarra aldizkarian irakurri dizugu: "Gure gizartea gutxienez bi zati agerikotan banatuta dago: euskaldunak eta gure kultura, eta espainiarrak eta berea. Tartean, amildegia. Bere garaian inork zubirik eraiki ez zuelako". Emigrazioarekin lotzen duzu gatazka politikoa?

Bai. Duela 50 urte inguru Espainiatik hona egon ziren emigrazio masibo horiek zirela-eta hanka sartze handiak egin ziren, eta ez arkitektonikoak bakarrik. Milaka pertsona etorri ziren, gehien-gehienak bere gogoaren kontra. Bertold Brechtek dio bere herritik behartuta ateratzen dena ez dela etorkina, desterratua baizik. Espainiako beste herrietatik goseak, pobreziak behartuta etorri ziren, eta gerra galduta asko eta asko.

Nire aiton-amonak horrela etorri ziren, eta sartu zituzten herritik kanpoko auzo batean, beraientzat egindako etxe batzuetan, pixka bat animalia edo bigarren mailako pertsonak balira bezala. Ez zen egon inolako zubirik edo estrategiarik pertsona horiek gizarteratzeko. Haiek ez zekiten nora zetozen ere. Erraza da jende horri esatea euskara ikasteko, baina gauzak ez dira teilatutik hasten. Lehendabizi erakutsi beharko diegu nora etorri diren, nortzuk garen, lan baldintza txukun batzuk eskaini... Bizitzeko lehendabizi janaria dago, eta gero hizkuntza, nire ustez.

 

Hanka sartze hura berriz gerta daiteke egungo etorkinekin?

Bai, nik ez dut ikusten estrategiarik kanpoko jendea gizarteratzeko. Lehen haustura sozial hori gertatu zen, eta orain ere gerta daiteke. Ez zaizkie gauzak errazten, inondik ere. Euskaraz ikasten duten etorkinen portzentajea oso txikia da, % 4-5ek bakarrik bidaltzen dituzte umeak D eredura. Geratzen dira sektore horiek bazterkerian eta nostalgian, bereari eusten.

Zergatik dira espainiar gehienak PPkoak edo PSOEkoak eta euskaldunak alderdi abertzaletakoak? Alde batera normala da gehiago izatea, baina duela 50 urte etorritako jendea da, gurea hirugarren belaunaldia da. Gure familian hirugarren belaunaldikoak, ni eta lehengusuak, euskaldunak gara, baina gure gurasoek aukera pertsonal bat egin zutelako. Hiru urterekin ikastolara bidali gintuzten eta beraiek ere euskara ikasi zuten, baina inork ez zien bidea erraztu. Erabaki horiek ezin dira jendearen kontzientziaren menpe utzi; baldintza estrukturalak eskaini behar zaizkie, eta nik ez dut halakorik ikusten inguruan.

x61pRelaContWAR

detalle2

Document library

B2
03-03-2005

x61pRelaContWAR

  • Unanue , Ana
16282841

x61pViewCountWAR

5294

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR