Esnatu da trikua

Trikuak erdi lo pasatzen du negua, eta udaberri aldean, giroa epeltzen hasten denean ateratzen da bere ezkutalekutik. Trikuaren ohiturak eta beste zenbait jakingarri aipatzen dira entzungai honetan.

Trikuak gustuko duen eguraldia, janaria eta beste hainbat xehetasun aipatzen dituzte Euskadi Irratiko Faktoria saioan animalia honi eskaini dioten tartean.

 

 

 

 

 

Argazkia: Michael Gabler (CC BY-SA 3.0)

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Negualdia egiten baitute. Neguko hibernazioa egiten dutenez.  

Oraintsu esnatu direlako. Duela gutxi esnatu direlako.

Sastraka haien azpian. Sasi haien azpian, basa-zuhaixka haien azpian.

Orbelaz eta goroldioz. Zuhaitzetatik eroritako hosto multzoekin, eta goroldioarekin

Lozorroan sartzen dira. Erdi lotan jartzen dira.  

Milazango. Hanka asko dituen artropodoari egiten dio erreferentzia, ehunzangoaren antzekoa da.

Horien denen gose amorratua da. Zerbaiten gose izan: horien guztien gose da oso, erabat gosetuta dago horiek guztiak jan nahi ditu.  

Tamaina txikiko ornodun bat. Bizkarrezurra duen animalia txiki bat.  

Oro har ugaztun gehienak.  Orokorrean ugaztunik gehienak, alegia, titi-esneak, errapeak edo bularrak dituzten animalia gehienak.   

Baina trikuaren kasuan. Baina trikuari dagokionez.

Gautarra. Gauekoa.

Gaueko ordu txikitan. Gauerdi ondorengo lehen orduetan. 

 


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

Iñaki Guridi, esataria 1. Esnatu da trikua, bai. Ikusi dugu egun hauetan bide-bazterretan, Jone.

Jone Larrañaga, esataria 2. Trikuek ere negualdia egiten baitute, lozorroan eman dute azaro-abendutik orain arteko garaia. Horregatik ikusi dituzu, Iñaki, hainbeste azken egun hauetan errepide-bazterretan, oraintsu esnatu direlako.  

Lander Olasagasti biologoa. Trikuek egiten dutena da, ba sastraka haien azpian edo toki pixka bat ezkutu batean habia moduko bat, orbelaz eta goroldioaz baliatuz, eta lozorroan sartzen dira. Gero igual ba neguan zehar egun epelen bat badago esnatzeko gaitasuna daukate eta atera eta zeozer jan, baina normalean aktibitate oso baxuaz, lozorroan, tasa metaboliko oso baxuaz eta ahal den energia gutxien gastatuaz igarotzen dute negua.  

Esataria 2. Lander Olasagasti biologo-zoologoa da. Kontatu digu oraintxe dutela ugalketa-garaia eta gose direla trikuak. Lurrean eroritako fruituen bila dabiltza baina batez ere intsektuak, larbak, milazango, armiarma…

Esataria 2. Eta Jabier Muguruzak sortu eta orain Ruper Ordorikak kantatzen duen abesti honetan aipatzen dituen guzti horien bila dabil trikua: horien denen gose amorratua da.  

Lander Olasagasti. Eta horregatik kontsideratzen da betetzen dutela funtzio ekosistemiko garrantzitsu bat, nekazaritzako izurrien kontrol biologikoa. Horregatik badira zenbait herrialde sustatzen dutela [dutenak] trikuentzako etxe, etxolatxo egokiak jartzea baratzeen ondoan. Baina bueno, ornogabe horietaz gain, ere bai ikusi da igel bat topatzen badu trikuak, sagu baten kume bat, satitxu bat, tamaina txikiko ornodun bat topatzen badu ere jan egingo du trikuak.  

Esataria 2. Traka, barrura! Gaua aprobetxatuta, gaueko animalia baita.  

Esataria 1. Horregatik ikusten ditugu guk lehen baino triku gehiago, eta zoritxarrez ikusten ditugu bide-bazterrean autoek harrapatutako triku gehiago.  

Esataria 2. Ikusten dituzu gehiago, ikusten ditugu gehiago, gauez esnatzen garelako gu, jakina!  

Lander Olasagasti. Trikua eta bueno, oro har ugaztun gehienak, bizi direla gure aldiko [ gurearen aldean] guztiz ezberdina den zentzumen-unibertso batean. Zer esan nahi dut honekin? Gu, gure zentzumen nagusia bista (ikusmena) da, ezta? Gure, hor, zentzumen-organo garatuena esan dezagun, begiak dira. Baina trikuaren kasuan, adibidez, bai usaimena, bai ukimena eta bai entzumena bista baino garatuago daude. Orduan gaua hauentzat da eguneko aldi faboragarriena-edo esan dezagun, hoberen moldatzen dena bere ezaugarrietara. Bueno, dena den, gautarra esaterakoan ez dugu pentsatu behar gau osoan zehar aktibo egoten denik. Trikuak, eta berriro ere ugaztun gehienek, dauzkate gauean zehar bi aktibitate-piko (bi aktibitate-erpin): iluntasunezko lehen orduak eta azken orduak. Gero gaueko ordu txikitan, hor deskantsu moduko bat egoten da, eta bueno, horregatik ikusten ditugu karreteretan (errepideetan), ezta? Lehen argiak atera baino lehen aktibo daude trikuak eta beraz, hor, hor harrapatzen ditugu karreteretan.  

Esataria 2. Hor duzu erantzuna. Ez daude triku gehiago, zuk ikusten dituzu gehiago. Edo zehatzago esango dizut, ikusi dituzu azken egun hauetan, ze(ren) gaur honako bidean egingo nuke “ez duzu bakar bat ikusi, ezta?”

Esataria 1. Ez. Gaur ez.  

Esataria 2. Ez. Eurek ere sumatu dutelako elurra badatorrela.  

Esataria 2. Trikuak, kirikiñoak, sagarroiak, zein izen politak denak, ezta?, triku hori, animaliatxo hori, kirikiñoak, sagarroiak izendatzeko.

C1
04-25-2022
29364880
00:04:13
788