Gaueko animaliak

Gaueko animaliei buruzko artikulua. Sarreran ezaugarri orokorrak ematen ditu, ondoren 8 animaliren deskribapena egiten du. 8 orrialdetan banatuta dago sarrera eta animali bakarra. Honela ikasleen artean banatu eta elkarri informazioa ahoz trukatzeko.

Argazkia: C. Robiller (CC BY-SA 3.0)

MAIDER ZAPIRAIN /

Batzuek belarriak gizakiek baino dezente garbiago dituzte, beste batzuek sudurzulo oso eraginkorrekoak dira. Hainbat karraskarik biboteak baliatzen ditu eta guztiek, batez ere ikusmen paregabea dute. Beharko, ilunpean bizi dira-eta animalia gautarrak.

Belarriak erne, begiak zabalik... gaua dator

Animalien erreinu zabalean asko dira gaueko bizitzara egokitu direnak, eguzkiak bazterrak argiztatzen dituen bitartean, basapiztia asko, euren ezkutalekuetan lozorroan egoten dira. Ilunabarra datorrenean, animalia iheskor hauek, nagiak ateratzen hasten dira eguneroko zereginei ekiteko, instintuaren beharrak asetu nahian.

Bizimodu gautarra duten animaliok zentzumenean hainbat moldaketa berezi garatu dute iluntasunean bizirauteko. Ikusmen paregabea dute, asko dira ia iluntasun osoan ikusteko gaitasuna dutenak. Begiak argi intentsitate baxuetara moldatuak dituzte, begi nini handiak eta erretina oso sentikorrak garatu dituzte. Bestalde, entzumen fina izatea ezinbestekoa dute gauetako ibiltari isil hauek. Batetik harrapariek euren harrapakinak atzemateko, ikusi ezean entzumenaren bitartez orientatzeko. Bestetik, harraparien "biktimen" ikuspuntutik, erasotzaileak saihesteko garrantzitsua izango dute zentzumen hau. Usaimenak ere, kasu askotan, muturreko garapena lortzen du. Hartza adibidez, 10 kilometrora gizakia detektatzeko gai da. Bestelako sentimen organu interesgarriak ere topa ditzakegu animalien artean, zenbait karraskari gautarren bibote luzeen kasua adibidez. Beroiei esker elikagaiak atzeman ditzake iluntasun betean.

Saguzarrek ordea soinu uhinak erabiltzeko gaitasuna dute orientatzeko (ekolokazioa deitzen zaio). Sonarraren antzeko mekanismoa darabilte. Belarri inguruan kokatzen da eta igorritako soinu uhinak inguruko objektuekin talka egin eta errebotean jasotzen dituzte. Mekanismo honen bidez, objektuen tamaina, distantzia eta abiadura ezagutu ditzakete. Moldaketa honetaz baliatuz orientatzen dira zokorik ilunenetan ere begien beharrik gabe, oztopoak gaindituz eta harrapakinak atzemanez.
Ohikoena animalia gautar hauek kolore apalak eta oso mimetikoak izatea da. Grisa, marroia eta beltza nagusitzen dira eta gauaren iluntasunean ez dute kolore bizien beharrik izaten.

Oso zaila da gautarrak diren animalien artean aukeraketa egitea, denak baitira zein baino zein deigarriagoak. Orriotan ordea, batzuk aipatu nahi eta asko alde batera utzi behar izan ditugu. Horien artean hainbat taldetako ordezkariak aipatu gabe utzi ditugu, hala nola, anfibio gautarrak eta intsektuak. Aukeratutakoak berriz, hauek: urubia, otsoa, azeria, azkonarra, trikua, basurdea, lepazuria eta saguzarra.

Urubia, gauetako ehiztari bakartia

Hostozabalen basoak maite ditu gure ilunpetako jaunak, horregatik nagusiki, Euskal Herrian, Kantauriar isurialdeko baso ederretan topatu ahal izango dugu. Enbor zaharren batean egingo du kabia, lurraldetasun izaera barru-barrura sartua izaten du. Ia ezinezkoa da egunez hautematea, kamuflaje paregabea izaten baitu. Dituen kolore mimetikoek zaila egiten dute bizi deneko zuhaitzetik bereiztea. Ikusteko aukerarik ez bada ere, urte osoan entzun dezakegu bere ulu beldurgarria gauaren iluntasunak babestuta. Ehiztari paregabea dugu urubia, bere atzaparretan erortzen dira lursagu, satitsu eta intsektuak.

Izaera bakartia araldiarekin batera galtzen dute, bikotean mantenduko dira txitoak heldu bitartean, beroien hazkuntzaz arduratuko direlarik. Ondoren berriz itzuliko dira izaera bakarti eta erasokor horretara.

 


C1
02-16-2002
16425229
3296