Docutec
Xanti, eta konpainia 2: Zer da hau?
2.1 Kristina+Olatz
(Kristinaren tabernan. Goiza. Jende gutxi. Giro lasaia. Olatz erdi-lotan)
KRISTINA- Ai, gajoa, gaur gauean ere lana egitea tokatu zaizu, orduan?
OLATZ- Bai, gau osoan. Bihar azterketa daukat, baina aitak ez dit barkatzen!
KRISTINA- Ederrak dira, ba, taxistak ezer barkatzeko!
2.2 Kristina+Olatz+Xanti
(Tabernako atetik hitz egingo die Xantik)
XANTI- Egun on, Kristina! Pako ez zen azalduko?
KRISTINA- Egun on, Xanti! Ez, oraindik ez.
XANTI- Erdigunera noa, baina esaiozu (esan iezaiozu)... esaiozu...(Tonua aldatuz) Egun on, e, Olatz!
OLATZ- Egun on bai, Xanti.
XANTI- Ez zaitut ikusi ere egin!
OLATZ- Ondo esnatu gabe zatozen seinale.
KRISTINA- Xanti! Emaidazu (eman iezadazu) enkargua, bestela ahaztu egingo zaizu-eta!
XANTI- Pakori esateko bere bila nabilela. Besterik ez!
KRISTINA- Azaltzen bada, esango diot.
XANTI- Beno, e, bale. Aio, e, Olatz!
OLATZ- Aio, Xanti
2.3 Xanti+Pruden
(Xanti taberna atarian, Pruden taberna aldera, kalean)
XANTI- Jode, aurpegia behar dik gizonak alaba gajoa gau osoan lanean edukitzeko!
PRUDEN- Ikasi dezala zer den lan egitea!
XANTI- Hobe huke etsenpluarekin erakustea, hi!
PRUDEN- Hi! Hemen etsenplua ematen batek baino gehiagok ikasi beharra zeukak, e?
XANTI- Alde egin ezak hemendik lehenbailehen! Gajoa erdi-lotan zagok-eta!
2.4 Xanti+Ines
(Taxia martxan. Gidatzen doa Xanti. Trafiko lasaia)
XANTI- Prexioxa, egun on! Egun on! (...) Hemen Xanti, 1777, zentralera!
INES- Zer behar duzu?
XANTI- Hara, hor zaude-eta!
INES- Ez, Konstantinoplan.
XANTI- E, E! Nola ez didazun erantzun, ba...
INES- Ez duzu nire izenik esan.
XANTI- Ez dakit eta zure izenik.
INES- Beharrik ere ez. Zer nahi duzu?
XANTI- Jode, esnatze txarrekoa zu ere, e?
INES- Aizu, oso sinpatikoa izango zara, baina ez daukat nik denborarik... Taxi onenak, esan? Bai, oraintxe. Ez daukat nik denborarik, horrela, kontu-kontari aritzeko, e?
XANTI- Beno, bale, bale. Beno, zehatz eta labur: bezeroren batek galdetu al du maletinen bati buruz?
INES- Nola? Momentu bat. Bai, esan? Ez, emakumea, hau ez da komisaldegia! Nola esan duzu?
XANTI- Kasualitatez, galdutako maletinen baten galdera egin ote dizun norbaitek!
INES- Bai, once de septiembre inbestigatzen ari direnek hots egin dute FBI-tik maletin susmagarri batez galdezka eta zurekin hitz egiteko esan diet!
XANTI- (Bere kasa) Uff, printzesa, lanak emango dizkigu hau domatzeak, dio!
2.5 Xanti+Kristina+Pruden
(Kristinaren tabernan, eguerdia da. Jende mugimendu dezente. Xanti eta Pruden barraren alde banatan daude. Elkarrengandik urruti, alegia)
KRISTINA- Keba, ez da goiz osoan azaldu!
PRUDEN- Zer, Xanti, elkarrengandik aparte ezin bizi, ala?
XANTI- Kristina, mesedez, esaiozu haruntz aldeko gizon horri bakean uzteko!
PRUDEN- Hori dik txarra maitasunak, Xanti, momentuoro faltan botatzen dela maitea!
XANTI- Kristina...
KRISTINA- Aizue, pareja! Ni ez sartu zuen saltsatan!
PRUDEN- Saltsan sartuta dabilena bera da. Beno, bera eta Pako!
XANTI- Hara, Pako etortzen denean, esaiozu, mesedez, maletina utzi zuela atzo nire taxian. E?
PRUDEN- Maletina bakarrik?
XANTI- Mekaguenla...
KRISTINA- Dueloa kanpoan, e? Odola oso zaila da garbitzen-eta!
2.6 Xanti+Olatz
(Taxi geltokian, kalean dago Xanti. Olatz azalduko da)
XANTI- Honbre, hemen al zara berriz ere? Zer, ohetik bota al zaituzte edo?
OLATZ- Ez. Liburutegira noa, Xanti. Ea pixka bat ikasten dudan!
XANTI- Zure aita barruan dago.
OLATZ- Pentsatzen dut.
XANTI- Gozoa dabil gaur ere!
OLATZ- Beno, ezagutzen duzu!
XANTI- Ez daukazue batere antzik, Olatz!
OLATZ- Zuk eta zure amak ere ez!
XANTI- Ez, aita zenaren iguala naizela esaten didate!
OLATZ- A, zerbait entzuna naiz, bai! Taxista hura ere, ezta?
XANTI- Zerbait hori etxean entzun baduzu, ezer onik ez!
OLATZ- Zuk dena jakin nahi duzu. E, Xanti?
XANTI- Den-dena ez dakit, baina ahal den guztia bai. A, gauza bat, kasualitatez, (Autora inguratu eta atea zabalduko du maletina ateratzeko) maletin hau ez zaizu ezaguna egingo, ezta, Olatz?
OLATZ- Bai gauza polita! Ez, lastima, baina ez.
XANTI- Eta Pakorena ote den?
OLATZ- Pako... Pakorena? Ez dakit. Ez diat ezagutzen, e! Harritzen naiz.
2.7. Xanti+Ines
(Autoan doa, baina geratzen entzungo dugu. Geratu, purua piztu, leihoa ireki, zer pentsa dago)
XANTI- Zer, printzesa, ireki egin beharko dugu, ezta? Zer iruditzen zaizu? Norena den jakiteko bakarrik. Hori da! Zu ere ados orduan, e Mertxe? Giltzarik ez dauka, baina... ez du zaila ematen. Ea pixka bat tiratuta...
INES- Ea, nor dabil hirigunean? Inor ba al dabil?
XANTI- Dedio! A zer sustoa neska honek!
INES- Erantzungo al dit bakarren batek hirigunetik?
XANTI- (Maleta zabaldu du indarrean) Aibalaindia! Hau bai dela edozeini sustoa emateko modukoa! Baina zer kristo?
