Docutec
Xanti, eta konpainia 3: Ez da Pakorena
3.1 Xanti+Pako
(Taxi geltokian daude, kalean. Arratsaldea da. Trafiko dezente)
XANTI- Hi, hirekin hitz egin beharra zeukaat, Pako!
PAKO- Zer ondo! Badakizu?
XANTI- Jakin zer?
PAKO- "Me gustas" euskaraz.
XANTI- Utzitzak (utz itzak) txorakeriak, Pako! Kontu serioak zeuzkaat esku artean-eta!
3.2 Serafina+Feli+M.Dolores
(Serafinaren etxeko gela berdean elkartuta daude. Erloju handi baten tik-tak-a entzun genezake atzean; gela txiki bat da)
SERAFINA- Feli, eta aurrean ez dagoen pertsona batekin berdin egin al liteke?
FELI- Segun!
SERAFINA- Segun zer?
FELI- Ba, zenbateraino ezagutzen duzun edo zer dakizun beraz.
SERAFINA- Ez dakit ezagutzen dudan, baina Xantiz ari naiz.
M.DOLORES- Aizu, Serafina, ez dakit, ba, nik...
FELI- Xantiri? Neska, neska! Nola ez, ba? Zure semea izanda!
M.DOLORES- Bera aurrean egon gabe, nik uste ez dela...
FELI- Maria Dolores! Beti pegak aurkitu beharra ere bada ba, e?
M.DOLORES- Ez da pegak aurkitzeagatik, baina beldurra ematen dit.
FELI- Zu beldurtuta jaio zinen, neska!
M.DOLORES- Eta gaur zer egun den kontuan izanda, gehiago!
SERAFINA- Zer egun da, ba, gaur?
M.DOLORES- Once de septiembre.
FELI- Beno, beno, mesedez! Ekarri karta horiek, Serafina.
SERAFINA- Bai, oraintxe.
FELI- Zer jakin nahi duzu, ba?
3.3 Xanti+Pako
(Xantiren taxi barruan doaz. Martxan. Trafiko dezente dago)
XANTI- Pentsatzen nian ez zela hirea izango, baina seguru egon nahi nian.
PAKO- Ez. Zer pena! Bost kilo esan duzu? Pufff!
XANTI- Horixe bera, jaberik gabeko bost kilo nire taxian, hi!!
PAKO- Baina pezetak dira.
XANTI- Eta?
PAKO- Ez dute balio.
XANTI- Bakarrak ez dik balioko, baina bost kilo, bost kilo izango dituk oraindik!
PAKO- Zer egingo duzu?
XANTI- Lehendabizi zentralera joango gaituk, eta ea han ba ote duten berririk.
PAKO- A, bale!
XANTI- Eta gero, ba, gero ez zekiat. Igual, komisaldegira joan beharko diagu, ala? Diru asko duk txorakeriatan ibiltzeko, e!
3.4 Serafina+Feli+M.Dolores
(Gela berdean jarraitzen dute)
SERAFINA- Hau poza, Feli!
FELI- Oso garbi hitz egiten dute, garbiago ezin.
M. DOLORES- Nork hitz egiten du?
FELI- Kartek, Maria Dolores, kartek.
SERAFINA- Ai, Feli, emakume bat, beste detailerik ez, ezta?
FELI- Zer nahi duzu? Izena ere esatea, ala?
M. DOLORES- Lehen ez duzu emakumea esan, halere.
SERAFINA- Nola ez duela emakumea esan?
M.DOLORES- "Bere bizitzako maitasuna" esan du, ez emakumea.
SERAFINA- Hori, ba! Uste dut badakidala nor den.
M.DOLORES- Ba, hori! Emakumea ezetz!
FELI- Beno, Maria Dolores, horrela hasi behar badugu...
M.DOLORES- Nik zuri entzundakoa esan besterik ez dut egin.
SERAFINA- Feli, eta esan duzu, oso gertu dagoela, baina bera jabetzea falta dela, ezta?
FELI- Horixe. Eta kartek ez dute inoiz gezurrik esaten. A, eta diruarena ere oso argi: diru asko ibiliko da Xantiren inguruan.
SERAFINA- Bai, baina hobe lehenago emakumearena konpontzen badugu, ze, badakizu, dirua baduzu, denak lagun.
M.DOLORES- Beno, aizu, dirua ere ez da gaizki etortzen.
SERAFINA- Ez, utziozu (utz iezaiozu), utziozu, berez zintzoa denari pezeta batek duroa balio dio.
3.5 Xanti+Pako
(Taxi barruan martxan, geltoki aldera doaz. Trafiko dezente)
XANTI- Lastima, hi!
PAKO- Bai, baina espero nuen.
XANTI- Nik ez.
PAKO- Ez?
XANTI- Ez. Zera pentsatzen nian egun osoko lana izango zuela.
PAKO- Zer esaten duzu, Xanti? Batzuetan ez dut ulertzen.
XANTI- Neska berria, motel, zera, irratikoa, zera, zentralean topatzea espero nuela!
PAKO- A hori! Bai.
XANTI- Eta depaso, maletina erakutsiko nioan, Xanti nor den konturatzen has dadin, baina...
PAKO- Baina ez da zurea.
XANTI- Beno, hi, oraingoz bai! Inork ez dik bere galderarik egin-eta.
PAKO- Orain zer, komisaldegira?
XANTI- Beste momenturen batean joango nauk. Orain etxera joan beharra zeukaat, amaren lagunen bila.
PAKO- A, nahi duzu laguntza, edo?
XANTI- Ez, ez, horretarako ondo moldatzen nauk bakarrik ere. Estimatuta zagok, Pako! Hementxe utziko haut, hire taxiaren ondoan, konforme?
(Taxitik jaisten den bitartean)
PAKO- Eskerrik asko. Eta pentsatu, mesedez!
XANTI- (Taxi barrutik) Ez kezkatu, Pako, bihar bertan joango nauk Komisaldegira! (Taxia martxan jarri eta badoa)
PAKO- Ez, ez, pentsatu nirea esan nahi dut.
3.6 Xanti+Feli+M.Dolores
(Taxi barruan doaz. Bi emakumeak atzean. Trafiko izugarri, puntako ordua)
XANTI- Eta, zer, kartek hitz egin al dute, edo?
M.DOLORES- Hitz egin? Kartek hitz egin esan al duzu?
XANTI- Ez, zera! Espiritu Santuak!
FELI- Zorte ona izan ote dugun galdetu nahi digu Xantik, M. Dolores.
XANTI- Hori da, hori da. Esateko modu bat da.
FELI- Beno, baietz esango nuke.
XANTI- A! Bien, orduan!
M.DOLORES- Zortea? Zortea guk daukagu zurekin, Xanti. Ez dakit nola eskertu beti...
XANTI- Bale, Maria Dolores. Egunen batean utzi behar didazue zuen mus partida horiek ikusten, e! Nola jokatzen duzue hiru izanda? Txandaka, edo?
