Docutec
Igor Ezeiza: "Txinan lanean egindako lehen bi urteak oso gogorrak izan ziren"
Igor Ezeiza komertzio-zuzendari da Orkli enpresan. Orain 30 urte ditu ordiziar honek, baina 24 urterekin, Orklin sei hilabete egin aurretik, Txinara bidali zuen enpresak lanera, Ningbo hirira, hain zuzen. Bi egonaldi luze egin zituen han, lehenik bi urte eta gero beste hiru. Geroz eta gehiago dira lanagatik atzerrian bizi behar izaten duten gazteak, eta guk Igor Ezeizarekin hitz egin dugu Txinan bizi izandakoaz.
IGOR EZEIZA.- Orkli MCCren (Mondragón Corporación Cooperativa) barruan dagoen kooperatiba bat da, 2007an 25 urte beteko ditu eta Ordizian dago. Galdara-balbulak eta egiten ditugu. Eta gas-aparailuentzako segurtasun-sistementzako piezak eta. %80 atzerrian saltzen dugu.
H.- Zer dela eta joan zinen Txinara lanera?
I. E.- Azoka batean Taiwango negozio-gizon bat ezagutu genuen, gasaren alorrekoa. Berak saltzen zuena eta guk saltzen genuena elkarren osagarri zirenez, berak eskaini zigun gure ordezkari izatea Txinan. Txina ezagutzen zuen, sektore hori, sukaldeak eta... Guk pertsona honi saldu egiten genion guk egindakoa eta gero berak saltzen zuen han. Denboran aurrera beste pauso bat eman genuen, zeren ez genekien ia ezer Txinako merkatuaz: bezeroek zer nahi zuten zehatz-mehatz, ze kalitate-maila eskatzen ziguten... Eta beraz, hori jakiteko Txinara joan ginen laguntza teknikoa ematera ordezkari honi, egon zedila aurrez aurreko bileretan ere Orkliko norbait han. Merkatua aztertzen aritu nintzen. Eta azterketa horren ondorioz Orkli Ningbo fabrika jarri genuen abian.
Bulegoan eta bulegotik kanpo
H.- Egia da bulegoetatik kanpo erabaki asko hartzen direla, afarietan, esaterako?
I. E.- Bai. Harremanei sekulako garrantzia ematen diete. Negoziatzaile onak dira. Baina, hornitzaile batekin harreman ona badute hari erosiko diote, nahiz eta garestiago atera. Negozioa egiterakoan borrokalariak dira, psikologikoki preparatuta egon behar duzu. Ni asko harritu ninduen negozio-bileretan ez zela ezer idazten, orduan behintzat: ez zegoen akta-libururik, gai batetik zerikusirik ez zuen beste batera egiten genuen jauzi, eta bileran igual zeuden hamar lagun. Eta bai, egia da, batez ere zuzendari bazara afariak eta dezente suertatuko zaizkizu, eta gaizki hartzen dute ezezkoa jasotzea. Goizeko lauretan igual zaude karaoke batean. Horretan, negozioaren kudeaketan, zuzendaritza-mailan, nik uste oraindik alde dezente ateratzen diola mendebaldeak ekialdeari.
H.- Txinatarrez esaten da oso azkar ikasten dutela kopiatzen. Teknologian ere hasiak dira jada aurrea hartzen. Hori gertatzen denean zer izango du eskaintzeko mendebaldeak?
I. E.- Kezka hori badugu gaur egun ere. Uste dut Europa guztian adina ingeniari ateratzen dela urtero Txinako unibertsitateetatik, eta ondo prestatuak. Txinan okerrena duzu, baina hoberena ere bai. Goizeko bostetan hiria borbor dago. Baina, Txinako %70 nekazaritzari lotua bizi da. Gu, orokorrean, pausu bat aurrerago gabiltzala uste dut, eta horri eutsi behar diogu: ikertu, berritu...
H.- Zure ustez arriskua dago hemengo enpresak hara alde egiteko? Merkeago ekoizten dute dena.
I. E.- Beno, gertatzen ari den zerbait da. Kanpora joateak, ordea, ez luke ekarri behar lanpostuak galtzea hemen. Hemen hazteko kanpoan lantegi bat sortu behar bada, ba sortu beharko da. Ezin duzu "bertan goxo" jarraitu eta lehiakortasuna galdu. Egoerak aurreikusi behar dira, eta erabakiak hartu "zezenak" harrapatzerako. Beharbada, autoen arloan eta ez da egoera aurreikusi eta horregatik ari dira enpresak kanporako bidea hartzen. Baina, oraindik garaiz gaude esnatzeko, merkatua aztertu eta estrategiak aukeratzeko.
H.- Eta lanaz at, zure bizimodua nolakoa zen, asteburuak...?
I. E.- Hasieran bi urte egin nituen, eta gero beste hiru urte Orkli Ningboko zuzendari. 5 milioi lagun bizi dira hiri horretan. Hasierako bi urteak oso gogorrak izan ziren: lan asko, lagunik batere ez, asteburuetan etxean interneten, ingelesezko telebista ikusten, eta korrika egiten, eta hiria ezagutzen. Baina, bakarrik nenbilen beti. Orain badakit txinera, kalean ibiltzeko adina. Gure fabrikara, eta handik etxera, eramaten ninduen taxistarekin eta ikasi nuen. Ningbon oso gutxik zekitelako ingelesez ikasi nuen txineraz. Taxista ere gaztea zen, eta ingelesa hitz egiteko gogoa zeukan. Eta horrela, eta hiztegitxo batekin. Gero lagun-talde bat egin nuen, eta asteburuetan saskibaloian jokatzen genuen, edo tabernaren batera joaten ginen. Europan bezalatsu da, toki batean sartu,eta denbora asko ematen dute bertan. Ez dira tabernaz taberna ibiltzen, hemen bezala.
H.- Bukatzeko, galderatxo bat: errazago al da atzerrira lanera joatea ezkongabeentzat?
I. E.- Laguntzen du horrek, bai. Nik orduan andregaia izan banu ez nintzatekeen joango seguruenik, egoera suertatu arte ez dago esaterik, baina. Dena den, ezagutu izan dut andregaiarekin edo familiarekin atzerrira lanera joandakorik ere.
