detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Itziar Mate: "Austriarrak bizitzaz gozatzeko prest daude beti"

Ezagutu, maitemindu, aldendu… eta berriro ere elkartu. Bere maitasun-istorioa filmetan ikusi ohi dugun horietakoa da. Maitasunak jota Euskal Herria, familia, lagunak, lana… atzean utzi eta Austriara joan zen bizitzera Itziar Mate arrasatearra.

Gaur egun, “oso zoriontsua” da Vienan duen bizimoduarekin. Bere maitasun-istorioa kontatu nahi izan digu, bigarren aldiz ama izatekotan dagoenean.
 

Noiz eta nola ezagutu zenuen gaur zure senarra dena?
Oso istorio polita da. 1999an, karreraren azken urtea egitera joan nintzen Eskoziara, Erasmus bekarekin. Hara heldu ginen egunean bertan ikasle jai batera joan ginen, eta han ezagutu nuen Erik Urbania -senarra-. Niri hasieratik gustatu zitzaidan (kar, kar).

Eta nola hasi zen zuen maitasun-istorioa?

Ez zen berehala hasi. Ni hara joan nintzenean, beste gauza batzuk nituen buruan: ikasketak, bidaiatzea, ondo pasatzea… Ez zitzaidan oso ideia ona iruditzen Erasmus bekarekin joan eta han bikotekidea izatea. Horrez gain, heldu nintzenean bera Frantziako beste neska batekin zegoen eta, beraz, tartean ez sartzea erabaki nuen. Hala ere, egoitza berean geunden, elkar ezagutuz joan ginen eta adiskidetasuna sortu zen. Zerbait berezia zegoen gure artean, baina azken hilabetera arte ez zen ezer gertatu. Orduan, hitz egin eta zera erabaki genuen: “Zergatik ez? Falta den denbora elkarrekin igaroko dugu”. Hala, nahiz eta jakin kontu laburra izango zela, azken hilabetea elkarrekin eman genuen. Zoragarria izan zen, jota maiteminduta geratu ginen. Bueltako bidaia bi aste luzatu genuen, Eskozian barrena elkarrekin bidaiatzeko. Gure maitasun-istorioa bertan amaitzea zen asmoa, oso zaila zelako eustea.

Bueltatzea gogorra izango zen, beraz.
Bai, elkarren falta ikaragarria geneukan. Baina, hasieran nork bere bizitzan aurrera egin zuen. Nik lana topatu nuen Ingalaterran, Fagor lantegian, eta bera Santanderrera joan zen karrera amaitzera. Bi urtez egon nintzen Ingalaterran eta epe horretan tarteka ikusten genuen elkar, oporretan-eta.
 


Noiz hartu zenuen Euskal Herritik joateko erabakia?

Ez zen berehala izan. Esan bezala, gure bizimoduekin jarraitu genuen, baina erabat maiteminduta geunden. Gure egoera nolakoa zen ikusita, hasiera batean asmoa Bilbon elkarrekin bizitzea zen, Erikek Euskal Herrian geratu nahi zuen Euskal Herria asko gustatzen zaiolako, baina nik bere kultura, jaioterria, ohiturak… ere ezagutu nahi nituen eta horrexegatik erabaki genuen Austriara joatea.

Gogorra izan al zen?

Ez zen gogorra izan, hasiera batean urtebeterako joan ginelako. Asmoa han urtebete igaro eta bueltatzea zen. Ni artean gaztea nintzen eta ez neukan galtzeko ezer. Erabaki hau 2002an hartu genuen. Ez zitzaidan batere gogorra egin, bueltatuko nintzela uste nuelako, baina hara heldu ginenean segituan topatu genuen lana. Ni Philips lantegian hasi nintzen lanean. Jardunaldi-erdia egiten nuen lan eta alemana ikasteko ere aprobetxatu nuen. Geroago, jardunaldi osoa eskaini zidaten marketing-sailean eta gaur egun ere bertan ari naiz. Sekula ez naiz damutu hartutako erabakiaz. Azken batean, damutu izan banintz, Euskal Herrira bueltatuko nintzen. Esperientzia oso positiboa izan da.

Nolakoa da zure egunerokoa Austrian?
Hemen niri gustatzen zaidan bizimodua antolatu dut, hau da, Euskal Herrian egingo nukeena egiten dut. Lanean ordu asko ematen ditut eta nire zaletasunei eusten saiatzen naiz: semearekin eta senarrarekin egotea, kirola egitea, irakurtzea, lagunekin egotea… Hori bai, hemen dena lehenago hasten da, 08:00etarako umeak eskolan daude eta 19:00etarako afaltzen ari gara. Goizetan, askotan nabil berandu...

Bizimodua beste era batekoa al da?
Bai, aldea badago. Adibidez, hemen astean zehar ateratzeko ohitura daukate, ez asteburuetan. Horrez gain, hemen indibidualistak dira, baina zentzu positiboan. Hau da, bakoitzak nahi duena egiten du, ez daukate markatutako arau edo ohitura sozialik.  Esaterako, bazkaltzeko aukera goizeko 11:00etatik arratsaldeko 16:00etara daukate. Agian bat bazkaltzen ari den bitartean, bestea kafea hartzen ari da. Ez da han bezala, denok batera.

Nolakoak dira bertakoak?

Jendea asko elkartzen da, hau da, oso aktiboak dira sozialki, baina planak alternatiboak dira. Nork berea egiten du, bestearena errespetatzen dute eta moldatu egin beharra dago. Hemen filosofia da “Zergatik egin behar dugu nahi ez dugun zerbait?”. Adibidez, hemen nork berea ordaintzen du tabernetan edo jatetxeetan, baina ez zuhurrak direlako, baizik eta beste filosofia bat delako. Bizitzeko era ere oso bestelakoa da, ez dago dena araututa. Adibidez, Euskal Herriko etxe batean non topatuko ditugu garbitzeko produktuak? Bada, harraska azpian. Hemen, aldiz, bakoitzak nahi duen lekuan uzten ditu. Horrez gain, aniztasun handia dago, baita herri txikietan ere.



Kontserbadoretzat hartzen da hango jendea
Kontserbadoreak baino gehiago, tradiziozaleak dira. Ohiturak, folklorea, euren musika eta jaiak asko maite dituzte eta haiei eusten saiatzen dira. Politikan aniztasun handia dago. "Berdeak" 5 probintziatan daude gobernuan (guztira, 9 probintzia daude Austrian); Vienan, adibidez, sozialistekin koalizioan eta, Tirolen, berriz, kontserbadoreekin. Haien beste ezaugarri bat aipatu beharko banu, aurreztaileak direla esango nuke. Hau da, diruarekin oso zentzudunak dira: Haientzat gauza handiak dira garrantzitsuak -etxea, autoa, oporrak…- baina gauza txikietan oso diru gutxi gastatzen dute. Gainera, beti daude prest bizitzaz gozatzeko. Euskal Herrian jendea beldurtuago bizi da lanez aldatzeko, mugitzeko… Baina hemen, egonkortasun ekonomikoa dagoenez gero, askatasun handiagoa daukate. Adibidez, lanean gustura ez badaude, hori utzi eta beste hobe baten bila hasten dira. Horrek bizi-kalitatea ematen die. Hala ere, beldurra Austriara ere iristen ari da, oso kezkatuta daude Europako gorabehera ekonomikoekin, noski.


Euskal Herrian ere krisia gogor astintzen ari da. Nola bizi duzue hori han?
Euskal Herria irla baten antzekoa zen lehen. Baina orain entzuten hasi da. Espainiako krisiaz ere asko entzuten da hemen. Nik, noski, desberdin bizi dut, han nire jendea daukadalako. Jendea hemen ondo informatuta dago, baina oso irudi tragikoa ematen da, batzuetan dramatikoegia, nire ustez. Hemen egoera bestelakoa da, oraingoz. Pentsa, langabezia-tasa % 5etik behera dago. Hango arazo garrantzitsua gazte jendea formatuegi egotea da. Hemen formazioa errealitatera egokitzen da, eta karrera bat egiten duenak argi du zergatik, hau da, postu zehatz batzuetan egin nahi duelako lan. Besteek formazioa egiten dute. Horregatik gazteek ez dute alde egiten, euren neurriko lana topatzen dutelako bertan. Han, aldiz, titulu-pila daukate gazteek, baina ez dute lanik topatzen eta egoera honek frustrazioa eragiten die.

Hemengo jende gehiago ikusten da orain?
Alemanian eta Austrian formazio handia daukan jendearentzako lana badago oraindik. Horregatik, hango jendea etortzen ari da pixkanaka. Nik animatu egiten ditut, hasieran gogorra izan daiteken arren, horrelako esperientziekin asko ikas daiteke eta.

Euskal Herriko zer oroitzapen daukazu?

22 urtera arte han bizi izan nintzenez gero, oroitzapen asko dauzkat. Batez ere, lagun minak, familia eta jendearen umorearen eta berotasunaren falta sentitzen dut. Euskal Herrian jendeak berotasuna ematen digu. Hemen, aldiz, beste kodigo batzuk daude gauzak adierazteko. Itsasoaren falta ere sumatzen dut.



Zer kontatu diozu semeari Euskal Herriaz?
Zaharrenak lau urte beteko ditu laster eta asko daki Euskal Herriaz. Eta txikiarekin ere gauza bera egingo dugu. Oso presente daukagu beti Euskal Herria. Hango ohiturak kontatzen dizkiogu, hango musika entzuten du, Pirritx eta Porrotx ere asko gustatzen zaizkio… Gainera, familia ere han dago eta urtean bitan, gutxienez, joaten gara hara. Euskal Herriaren oso konnotazio positiboa du gure semeak.

Hizkuntza transmititzen saiatzen al zara?
Hizkuntzarekin gatazka handia izan nuen. Euskal Herritik kanpo hainbeste urte pasatu eta gero, nire euskara-maila kaskarra da eta, gainera, hemen gaztelerak balore handia dauka. Senarrak ere gazteleraz badaki, baina ez euskaraz. Garrantzitsua iruditzen zitzaidan biok genekien hizkuntzan egitea horregatik erabaki genuen gazteleraz egitea. Pena handia ematen zidan, baina uste nuen ez nintzela gai izango euskaraz bakarrik egiteko. Dena den, semeak euskara ezagutzea nahi nuen eta topatu nuen euskararekin harremana izateko modua: Marc (semea) jaio zen urtean ikastola garaitik nire laguna den neska bat etorri zen Vienara lanera, Leire. Ahizpa bezala da niretzat. Berarekin hitz egin eta berak erakutsiko ziola adostu genuen. Beraz, berarekin gaudenean, euskaraz egiten dio. Horrela, euskara ere jasotzen ari da.

Etorkizun batean, Euskal Herrira bueltatzea pentsatzen al duzu?

Ez dugu aukera hori baztertu. Nire senarra ere prest dago. Baina hemen oso-oso gustura gaude, lanean, lagunekin… Bizimodu ona daukagu, baina Euskal Herrian lan aukeraren bat topatuz gero, akaso bai. Beraz, batek daki etorkizunean zer egingo dugun! Hori bai, nik Euskal Herria beti gertu izan nahi dut.

 


detalle2

Document library

B2
10-17-2013

x61pRelaContWAR

  • Noelia Lataburu (Maramara taldea)
16292412

x61pViewCountWAR

9360

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR