detalle dokuteka-generico-fitxa

Gloria Totoricaguena: "Euskaldun izatea ez dago lurraldeari lotuta"

Renoko Center for Basque Studies-eko irakasle da Gloria Totoricaguena. Diasporaren gaineko ikerketak burutzen ari da etengabe eta benetako espezialista da: identitatea, kultura, historia...

Renoko Center for Basque Studies-eko irakasle da Gloria Totoricaguena. Diasporaren gaineko ikerketak burutzen ari da etengabe eta benetako espezialista da. Hamaika lan du argitaraturik: lekuan lekuko euskaldunen gaineko lanak dira batzuk New Yorkekoak, Boisekoak..., azterketa teorikoagoak, berriz, beste batzuk, identitatea, kultura eta historiari buruzkoak.

 

Hitzaldia Jerusalemen...

Bai. Aholku Batzorde moduko bat osatu dugu bi irakasle juduk eta hirurok. Edo partzuergoa, diasporako taldeetan hezkuntza nola gauzatzen den aztertzeko. 95 aditu gara biltzekoak, mundu mailakoak, gai horri buruz nork bere diasporari buruz berri emateko: hungariarrak, kroaziarrak, txinarrak, Ruandakoak, errusiarrak, korearrak, frantsesak, poloniarrak... denetarik izango da han.

 

Zer esango diezu euskaldunei dagokienez?

Nire hitzaldian euskal etxeak gai harturik jardungo dut. Euskal etxeak hezkuntza giroko erakunde direla esango diet. Berez, euskal etxeak ez dira eskola, ez ikastola, ez egitura formal. Bertan ez dago irakaskuntza curriculumik, irakaslerik, testu libururik... baina jendeari euskaldun izaten erakusteko modu bat da euskal etxea, liburutik ikastea baino garrantzizkoagoa, biziagoa. Euskal etxeetan ez da lan intelektuala egiten, baina bai emozioz betetakoa. Zeure familia, zeure arbasoen bidea ulertzera iristen zara bertan. Horregatik esango dut euskal etxeak hezitzaile direla.

Era berean, lehenengo, bigarren eta hirugarren belaunaldiko emigranteen artean kate-maila lana ere egiten dutela baieztatuko dut. Horren berri emango diet, eta berri eman ez ezik, gonbita ere egingo diet, euskal etxeak azter ditzaten, eredu gerta daitezkeelakoan. Izan ere, talde etniko guztiek —nahiz eta "etniko" hitza zuen Herrian erabiltzerik ez dagoen— , jo dute nola-hala antolatzera, zeinek bere moldera egin du.

 

"Etniko" hitza ahoskatu eta muturra okertu duzu...

Etnia hitza arrunt erabiltzen da akademikoen artean, arrunt, hemen izan ezik. Akademikoak ados dira: talde etnikoak ezaugarri bertsuak ditu, historia, kultura, erlijioa (beharbada)... talde etnikoak gizatalde sinestea du. Espainiako Estatuan, etnia aipatu eta arrazakeria leporatuko dizute usterik txikienean! Etniak ez du arraza esan nahi derrigorrean. Espainiako Estatuan bahituran hartu dute etnia hitza, ez dute erabiltzen uzten, "aberri" hitza bezala, independentzia esan nahi duela diote, borroka armatua, terrorismoa... demokrazia eta erreferendum hitzen beste aldean jarri dute etnia hitza...

Gaztelaniaz idazten dudan aldiro, beti jotzen dut zuzentzailearengana, eta beti betikoa: gezia, gorriz, "etnia" hitzaren gainean: "Ez zenuke hitz hau erabili behar. Erabil ezazu besteren bat". "OK!". Kultur taldea, identitate bertsua duen jende multzoa, gizataldea erabili behar. Nekagarria da! Are gehiago, "talde etniko" esan nahi dugunean!

 

Gurean amorratuak gara inori zigilua jartzen: "Halako, euskalduna; halako, ez; halako, ezta; halako, balekoa...". Kanpora joan eta bistan da euskaldun izateko hamaika modu dagoena.

Bistan da guretzat, kanpotik bizi garenontzat! Eta bistan da zuentzat ere, gu bestelako euskaldun bagina bezala ikusten gaituzue eta. Nahitaezko da, ikuspegi lokal horri uko egin eta gauzak bestela ikusi eta aztertzea. Izan ere, kulturari dagokionez, gu hemengoak bezain euskaldun gara, halaxe bizi dugu. Baina lurraldeari dagokionez, egia da: kanpoan bizi gara, gu bizi gareneko gizartean euskal kulturak ez du balio, euskarak ere ez, identitateak ere ez...

Baina Ama Lurrak ez du hemendik joan zirenak epaitzeko eskubiderik, hemendik alde egin behar izan zutenen gaineko juzkuak egiteko eskubiderik ez du, are gutxiago erbestean hemengo euskaltasun bera bultzatzen ari direnak. "Hemengo euskaltasun bera" esan dut, baina hemen bertan ere, arrunt gauza diferente dira euskararen alde jardutea lanean Nafarroako Erriberan, Maulen, edo Santurtzin, edo Durangoko Azokan!

Atzerrian bizi garenok ez dugu konplexurik: izate bat baino gehiagoren jabe izan gaitezke. Ni neu, euskaldun bezain amerikar izan ninteke, uruguaiarra edo argentinarra. Diasporan erantsi egiten ditugu identitateak, bata besteari gehitu. Euskaldun izateko ez diot amerikar izatearen atal bati uko egin behar. Ez, erantsi eta erantsi jarduten dugu guk.

 

Arraroa iruditzen zait gai hauek diasporan buru-belarri aztertzen jardutea eta hemen, aldiz, horren isilik irautea.

Deigarria da bai. Ez EHUn, ez NUPn, ez Pabeko Unibertsitatean dago diasporari buruzko ikastarorik. Emigrazioari buruzkorik ezer ere ez. Eta harrigarri zait, emigrazioak alderdi askotan eragin izan du eta hemen bertan: ekonomiari eragin dio, emakumearen rolari, nekazaritzari...

Emigranteak joan, baina ez zituzten hemengoak ahaztu: dirua bidali zieten, informazioa, ideiak... Orobat itzuli zirenek: Wyoming-en egondakoek, Idahotik itzulitakoek... bestelako mentalitatea dakarte. Nabarnizen utzi zuen familiak ikusi ez duena ikusi eta bizi izan du Idahora joan zen euskaldunak: bestelako planeta ikusi du, izateko modu ezberdinak, beste garai batzuk...

Eta etorri eta Nabarnizen eragin du: dudarik gabe familian, eta, maiz, baita herrian ere. Emigratu zuen euskaldunaren historia azterkizun da oraindik hemen. Alderdi asko ditu gaiak: ikuspegi antropologikoa, soziologikoa, politikoa...

 

Zure lanetan ageri diren ikuspegiak, alegia.

Nik neuk diasporari buruz idatzi dudan testuak ikuspegi horiek denak hartu ditu kontuan: historia —noiz eta zergatik joan ziren, eta abar—, baina baita gaur egungo egoera ere: nola lotzen diren Euskal Herriarekin. Gure lanak hemengo unibertsitateetan erabil ditzaten nahiko nuke, eta diasporari buruz jakin nahi duenak ere gure materialak hartzea. Gaiak merezi du: azken finean, euskaldun gehiago bizi dira kanpoan, Euskal Herrian bertan baino.

 

Bihotza betean mintzo zara gai hauen gainean. Euskaldun zara, ez dut zalantzarik, eta abertzale ere bazara zu...

Abertzale, nirekiko, ekitea da, dela euskararen alde, dela diasporaren alde, edo dena delakoaren alde, baina amorratuta saiatzea, horixe. Ez da politika, ez da alderdi bat, ez da lurraldetasun arazoa, ez independentzia edo autonomia kontua... Euskal mundua zabaltzea da koxka. Ez naiz hemengoa eta ez dut hemen boto emateko eskubiderik, ezta erreferendum batean parte hartzeko ere. Nire mundua diaspora da, hemendik kanpo bizi den jendearen mundua, eta horiei hemengo egoeraren berri ematen saiatzen naiz, nola-halako formazioa ematen betiere.

 Aldi berean, Euskal Herrian bertan bizi direnak heztea ere bada nire asmoa, nola bizi garen jakin dezaten. Euskal gizarteak ez gaitu ezagutzen, ez du gure berri, ez daki diasporan bizi den 33.000 lagunek boto emateko eskubidea dutela, eta hauteskundeetan parte hartzen dutela. Eta, are gehiago, aldiro, hauteskunderik hauteskunde, zazpi-zortzi bat mila gehiago dira hautesle-erroldan ageri diren diasporakoak. Esaterako, AEBetan naziotasun bikoitza libre denetik hainbat e-posta jasotzen ditut egunero, informazio eske. Sasoi batean, Estatuaren esku zegoen hiritartasuna, edo nazionalitatea. Gaur egun halakorik ez da. Izan ninteke venezuelarra, Caracasen bizi baina Euskal Herrian eman botoa, nahi dudanean joan eta nahi dudanean etorri, diru inbertsioak egin industrian edo etxebizitzan...

 

*** laburtua

detalle2

Document library

B2
01-26-2005

x61pRelaContWAR

  • Elustondo , Miel A.
  • Totoricaguena , Gloria
16283172

x61pViewCountWAR

4326

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR