Bartzelonako Euskal Etxea ezagutu dugu
Aitor Arruti Bartzelonako Euskal Etxeko lehendakaria da. 500 bazkide inguru ditu Euskal Etxeak eta bere helburua katalenek euskal kultura ezagutu dezatela da.
Bazkideen erdiak euskaldunak dira eta beste erdiak katalanak.
Tribuaren berbak saioko bideoa.
Kike Amonarriz.- Aitor, noiz sortu zen Euskal Etxea eta zenbat bazkide dituzue?
Aitor Arruti.- Sortu zen 79an, orain dela 35 urte eta oraintxe-oraintxe pasa dugu bostehuneko muga, bostehun eta lau, bostehun eta bost bazkide inguru gara. Gutxi gorabehera erdiak euskaldunak eta erdiak katalanak.
K.A.- Erdiak katalanak?
A.A.- Bai, asko gerturatzen dira igual euskara-eskoletara edo ekitaldietara eta bertan geratzen dira eta bazkide egiten dira.
K.A.- Aizu, eta nola funtzionatzen duzue zuen artean? Nola hitz egiten duzue, euskaraz, katalanez?
A.A.- Hemen katalanez, hemen denok egiten dugu katalanez. Dago euskalduna ere bai hemen Bartzelonan bizi dena eta Euskal Etxean dagoena, euskaraz ez dakiena edo egiten ez duena eta katalanez perfekto egiten duena.
K.A.- Aizu, zenbat euskaldun egon daitezke Bartzelonan?
A.A.- Datu ofizialen arabera, 11.000 inguru, baina badakigu horietako, o sea, euskaldun asko enpadronatu gabe daudela, ba ikasleak direlako edo bai botoa han ematen jarraitu nahi dutelako eta guk kalkulatzen dugu bikoitza baino gehiago izan litekeela.
K.A.- Eta zuek ze ekintza antolatzen dituzue eta zeini begira, euskaldunei begira edo katalanei begira?
A.A.- Euskal Etxe bat gara eta noski, antolatzen ditugu San Sebastianak, Santo Tomasak, futbol-partidak eta dena delakoak, baina konturatu gara gaur egun horretara mugatzeak ez daukala zentzu askorik gaur egun Internetekin, vueling-ekin eta dauden komunikabideekin galdu egin du zentzu asko eta baita ere konturatu gara Katalunian euskal kultura uste duguna baino askoz gutxiago ezagutzen dela.
Ezagutzen dira hiru gauzatxo eta listo, guk kontrakoa uste badugu ere. Orduan, antolatzen ditugun ekitaldi ia denak publiko katalanarengana zuzentzen dugu. Antolatzen dugu musika-jaialdi bat, Euskal Herria Sona, azaroan, hamasei kontzertu dituguna, Bartzelonako areto desberdinetan: Razzmatazz-en, Apolon, KGB-n, momentu honetan ari gara euskal zinema, Bartzelonako zinema-areto batean erakusten sekula etorri ez diren pelikulak erakusten. Literaldia ere badaukagu eta urte guztian zehar 150 ekitaldi kultural inguru antolatzen ditugu.
Gure helburua da katalanek euskal kultura ezagutu dezatela.