Igotz Ziarreta: "Irudiak sortzea dut gustuko, burua beti dabil bueltaka ideia berriekin"

Igotz Ziarreta bizkaitarra ezaguna egin da Euskal Herrian, Bartzelonan eta beste hainbat lekutan, berak egindako argazki eta diseinu-lanengatik. Euskal diasporan lan egiten du, Bartzelonako Euskal Etxean, eta bere sormen-lanek askoren jakin-mina piztu dute, euskal tradizioa eta modernitatea uztartzen baitituzte eta bestelako irudia erakutsi. Kataluniako hiriburuko diseinu- eta kultura-eragile honen lan deigarriak hemen dituzue ikusgai: www.igotz.com edo www.facebook.com/igotzziarreta

Igotz Ziarreta

Zeren bila jo zenuen Bartzelonara? Eta zer aurkitu zenuen han?
Bartzelonak hiri handi baten abantaila eta desabantailak ditu. Europa-mailan Bartzelona diseinu eta argazkigintza-mailan erreferente da eta ikasten jarraitzeko gogoz egin nuen bidaia Meñakatik Bartzelonara. Pertsona jator asko aurkitu ditut, langileak eta irudimentsuak, eta festazaleak batzuetan.

Euskal Etxeek aurreiritzi asko apurtu behar dituzte oraindik?

Bartzelonako Euskal Etxean aurreiritzi horiek apurtzea lortu dugula uste dut, baina urte askotako lana izan da. Bartzelonako Euskal Etxeak aspaldi erabaki zuen kultura-etxea zela eta horretara bideratu zituen lanak. Gaur egun, kultura- eta ekimen-maila handia du, bai kopuru eta bai kalitatean.



Txalaparta

Asko aldatu da Bartzelonako Euskal Etxearen irudia hor zaudenetik?
Asko, urte asko dira jada, eta irudia zentzu guztietan aldatu da. Orain dela urte batzuk amestu ere egiten ez genuen lekuetara heltzen gara orain gure irudi eta ekitaldiekin.

Egia da behin bakarrik parte hartu duzula lehiaketa batean?

Durangoko Azokako lehiaketara aurkeztu nintzenean lehen aldia izan zen, gero Irudimena lehiaketara ere aurkeztu nintzen eta zorionez, saritua izan nintzen. Ez naiz lehiaketa-zalea, bakarrik aurkezten naiz ikasten/jolasten egindako lan bat lehiaketa baterako moldatu badaiteke edo ideia oso argi badut. Lehiaketek denbora, lana, dirua eta inbertsioa eskatzen dute, eta gehienetan, nahiz eta saritua izan, ez du jarritakoa berdintzen.

2007a urte sonatua izan zen zuretzat: Olentzero, Lumagorri... Norberaren lanaz, polemikarekin bada ere, hitz egitea garrantzitsua da?
Badirudi garrantzitsua dela norberaz hitz egitea, baina ez da inoiz nire asmoa izan polemikak sortzea. Izatez, Olentzeroren kartelarekin ez zen inolako polemikarik izan eta uste dut Durangoko Azokarako kartel ausarta izan zela. Lumagorri taldearentzat sortutako kartelaren kasuan, garai hartako lehendakaria Gay-tu genuen, euskaldun guztien ordezkari bezala, euskaldun gayen ordezkari ere bazela azalduz.



Setmana De la Dona

Bartzelonako Euskal Etxea plataforma oso garrantzitsua da euskal kulturako diziplina desberdinek beraien lanak erakuts ditzaten, ezta?
Gure iritziz, euskal kulturaren Euskal Herritik atzerrirako bidean Katalunia da lehen geltokia eta hori bideratzen saiatzen gara. Bartzelonan gaur egun euskal kulturaren ekitaldi garrantzitsuenak ikus daitezke, Euskal Etxearen eta hango ehunka pertsonaren lanaren ondorioz.

Irudikatu ahal izango genuke Made In bilduma 'Baskitos y neskitas' kontzeptua existitu gabe? Meñakan mutikotan kaikua janzten zenuen? Tradizio hark markatu zintuen?
Fikziozko erretratuak dira: Nolakoa izango litzateke gaur egungo Euskal Herria gure janzteko erari eutsi bagenio? Galdera horri argazkiekin erantzuten diot. Fikzioa den heinean aukera gehiago ematen dizkit irudimenarekin jolasteko. Eta Superman euskalduna balitz?
Tradizioa eraberritu beharra dago, gaur egungo gazte askok erabiltzen dugu txapela, adibidez. Beste arropa batzuekin ere berdin egin genezake. Bai, kaikua jantzi nuen txikitan eta euskal tradizioak arrastoa utzi zuen nigan.

Inoiz esan duzu kartel bat ona izateko, arreta erakartzeaz gain, ikusleak eroso sentitu behar duela. Zure lanen kontraste- eta probokazio-puntuarekin, mugan egoten zara. Erraza da oreka?
Hain probokatzaileak dira nire kartelak? Nik ez dut horrela sentitzen, eta ez dut hori bilatzen. Fikzioarekin jolastea gustatzen zait, nolakoa izango litzateke? galderari erantzutea. Irudimenari zabaldu eta zubitik salto egin, bidean zerbait berria sortzeko asmoz. Ez dut neure burua zentsuratzen irudiak egiterakoan, baina argi daukat irudi bakoitzak bere lekua duela.

Egia da argazkilaritzan eta diseinuan dakizuna zeure kabuz ikasi duzula? Eta uneoro ikasten ari zarela?
Bai, informatika ikasi eta programatzaile gisa lan egin nuen, baina ez ninduen motibatzen. Beti gustuko izan dut irudiaren mundua eta ikasten jardun dut nire kabuz, diseinuan eta argazkigintzan. Han eta hemen ikasten, hamaika liburu irakurriz eta mila proba eginez. Irudiak sortzea gustuko dut, ezin naiz hori egin gabe egon, burua beti dabil bueltaka ideia berriekin.



Josa jaiak

Tradizioa eta modernitatea, bi ertz horiek elkartzen diren puntua erakargarria da zuretzat, ezta?
Made In bilduman erabili nuen gai hau eta erabiltzen jarraituko dut, bizi-bizirik baitago, baina gehienbat fikzioak erakartzen nau, eta horrek mundua eta errealitatea ikusteko eskaintzen dituen hamaika aukerak.

Zer hutsune sumatzen duzu Meñakatik eta Euskal Herritik?
Meñakatik, familiaz gain, baserri batean bizitzeak dituen gauza on guztien falta sumatzen dut. Euskal Herritik… bada, ez dakit, Bartzelonako Euskal Etxean Euskal Herrian sentitzen bainaiz.
 


B2
04-11-2012
  • Igotz Ziarreta (argazkiak)
  • Barandiaran (Arteman), Iker
16359429
12838