Docutec
Oroitzapenez oroitzapen
Maizpide barnetegiaren 25. urteurrenean, Vanesa Alonso ikasleak irakurritako idatzia duzu irakurgai. Bertan, barnetegira joan zeneko esperientzia kontatzen du.
"Lazkaora? Eta non dago hori?" Horixe pentsatu nuen Lazkao aipatu zidaten lehendabiziko aldian.
Garai horretan, Madrilen bizi nintzen ni. Unibertsitateko ikasketak bukatu berria nintzen eta bidegurutze batean nengoela sentitzen nuen, norantz jo jakin gabe, hau da: erabat galduta nengoen.
Gure izebaren eskutik izan nuen Maizpideren berri, bera hemen ikaslea izan zen eta. Ondo azaldu zidan zer zen, non zegoen eta zer eskaintzen zuten. Proposamena erakargarria iruditu zitzaidan, oso. Horregatik, bi egun geroago maleta egiten hasi nintzen. Hona hemen zer sartu nuen:
2010eko martxoaren 1ean, Donostian hartu nuen Beasainera eramango ninduen trena. Hala ere, artean iritsi gabe nengoen nire helmugara: zorioneko Lazkao horretara. Tren geltokian neska jator bati esker jakin nuen autobusez joan nintekeela. Nire irribarrea ezabatu egin zen, neskak abiatuta zegoen autobusa hatzaz erakutsi zuenean. A ze zorte txarra! Oinez joatera behartuta nengoen, berandu iritsi nahi ezean, bederen.
Hasiera ona ez izan arren, Lazkaora heltzea lortu nuen. Eraikina oso handia iruditu zitzaidan, ez nuen espero halako “tenplua” topatzea. Bai, tenplua esaten dut, urrunetik ikusita, grekoen tenplu sakratuen antza daukalako, sarreran zutabe itzel horiekin izugarrizko hiruki batek eutsita. Momentu horretan galdetu nion neure buruari: “Non demontre sartu zara? Hau zer da? Euskaltzaindia?”
Hala ere, sartu nintzenean, jende asko ikusi ahal izan nuen, ni bezala galduta. Orduan, burura etorri zitzaidan esaera hori: “Askoren gaitza, beste askoren poza”.
Ongietorri beroa izan nuen, eta behin maleta musika gelan utzita, klasera joan nintzen. Marian Etxeberria zen nire arduraduna, berak eta beste hamar lagunek osatzen genuen taldea. Hamarretik batek bereziki arreta eman zidan. Neska pinpirina zen, berritsua, eta, gainera, oso azkar hitz egiten zuen: Bea. Geroago jakin nuen klase-kideak ez ezik, logela-kideak ere izango ginela.
Lehendabiziko eguna gogoan izango dut betiko, dudarik gabe. Hortik aurrera, egunak nahastuta ditut; agian, ez dut gogoratzen nola izan ziren gainontzekoak, baina makina bat irudi etortzen zaizkit burura filmetako fotogramak izango balira bezala.Anekdota eta pasadizo ugari bizitzeko aukera izan nuen. Bat kontatuko dut adibide gisa. Nire logela-kidea, Bea, ez zegoen eroso egokitutako koltxoiarekin. Klase-kide baten logelara joan ginen hizketan aritzeko, eta Bea hutsik zegoen ohean eseri zenean, hain erosoa iruditu zitzaion koltxoia, non erabaki baitzuen aldatzea. Imajinatu hiru neska hirugarren pisuko korridoreetatik koltxoi batekin, korrika, Ramonek, Maizpideko gauzainak, nahiz beste inork ez ikusteko. Hau dena zarata atera gabe, noski. Norbait zetorrela entzuten genuenean, saiatzen ginen ziztu bizian beste aldera joaten.
Istorioak aparte, Maizpiden aurkitu nuena ez dut beste inon ikusi. Klase-kideok, logela-kideok, irakasleek, sukaldariek, idazkariek eta garbitzaileek familia osatzen dugu. Maizpideko familia. Badakit topikoa ematen duela, baina benetan diot.
Familia osagaiak
•Laguntasuna
•Anaitasuna
•Barreak
•Malkoak
•Liskarrak
•Ulertezintasuna
Etxetik kanpo bizitzera “behartuta” gaudenean, umezurtz sentitzen gara. Beraz, oso garrantzitsua da bihotz oneko pertsonez inguratuta egotea. Politena da sortzen diren harremanak. Egun batean ezezagunak zirenak, gaur-gaurkoz, lagun bihurtu dira.
Irakasleen ezaugarriak:
1.Pazientzia izan
(beti azkarriloren bat egongo da eta)
2.Psikologia pixka bat eduki
(klinexak eraman, bada ezpada)
3.Teknologia berriak menperatu
(bestela ez saiatu klasean erabiltzen)
4.Trebetasunak izan
(gitarra edo beste musika tresna jotzen baduzu, hobeto. Bertsoak botatzeak ere balio du)
5.Aktore ona izan
(behin eta berriro betiko kexa eta istorioak entzun beharko dituzunez, ezusteko aurpegia jartzen ikasi behar duzu)
Hala ere, bidea ez da xamurra: izan ere, esaerak dioen moduan ”ez dago larrosarik arantza barik”. Gogorra da ikustea nola zurekin hasi zirenek azterketa gainditu ondoren, euren bizitzarekin jarraitzen duten eta zuk lortu ezinik errepikatzailea izan behar duzun. Zigortuta. Hau da, zalantzarik gabe, sentimendurik gazi-gozoena. Baina, egunen batean, gure txanda ere iritsiko da, ziur.
Hau dena aurrera eramateko irakasle zoragarrien lana ezinbestekoa izan da. Nire amonak esaten duen bezala: “Hay de todo como en botica”. Baina, Maizpide ez da lana, baizik eta bizitza ulertzeko era bat, hau transmititzen da euren jardunean.
Ez naiz gehiago luzatuko, oraindik barnetegian jarraituko dudanez, argilun asko biziko ditut, ziur. Dena den, nire maletatik gauza batzuk atera ditut, sobera daudelako eta maleta gauza berriz beteta itzuliko naiz etxera, batez ere, orain Maizpideko estiloak hezurretaraino busti nauelako.
Bidaia egin ahala, ziur nago, gauza gehiago sartuko ditudala maletan.
