detalle dokuteka-generico-fitxa

Jaione Apalategi: "Jorge Oteizaren borondatea beteko dugu"

Jorge Oteiza artista handiaren heriotzaren ostean ikusteko dago Altzuzan dagoen museo-fundazioak zein norabide izango duen. Inauguratu berria da, eta hori dela eta Jaione Apalategi Oteiza Fundazioko kidearekin hitz egin dugu. Oroitzapenak astindu ditugu, eta aurrera begiratzeko imintzioak egin ere, egin ditugu.

Goizalde Landabaso: Hasi-hasieratik zaude Oteiza Fundazioko patronatuan...

JAIONE APALATEGI: Bai, horrela da. 1992ra jo behar dugu horretarako, orduantxe eman baitzion ondare guztia Oteizak Nafarroari. Sasoi hartan Nafarroako ikastolen elkartean nengoen, eta patronatuan txokoa izan genuen. Gure enkargu nagusia zen Jorge Oteizaren borondatea jaso eta estatutuak egitea. Tartean gauza asko eta asko pasatu ziren, eta 1996an, Jorge Oteizaren urtebetetzean, sinatu zituzten egun ditugun estatutuak. Sei ordezkari izatetik zortzira pasatu ginen, eta ni, beste lagunekin batera, Oteizak berak hautatua izan nintzen.


G.L.: Hedabide batzuetan talde 'kritiko' kide zarela esaten dute.

J.A.: Gustatu edo ez horixe da erabiltzen den terminologia, 'ofiziala' eta 'kritikoa'. Baina, erreferentzia beti Jorge Oteiza izan behar denez, egia da kritikoak garela, Nafarroako gobernuarekiko kritikoak. Oteizaren borondatearekiko leialak izan gara, gara eta izango gara.


G.L.: Bai, sarri zatiketa izugarria dela dirudi kanpotik, baina hainbesterako ez da izaten gero.

J.A.: Zatiketa izan, bada. Gure ustez bere garaian ezarri zen borondatea ez da errespetatzen ari. Eta gero barruko eta kanpoko pertzepzioaz: pitzadurak barruan konpontzekoak dira, nire ustez. Dena den, joko zital bati erantzun beharra gertatzen denean, eta erabakiak bozketa baten esku gelditzen direnean zerbait txarto dabil. Bozketa ia guztietan parra gelditu izan gara, lau alde batera, eta beste lau bestera. Presidenteak behin eta berriro kalitatezko botoari heldu behar izan dio, eta erabaki oso garrantzitsuak era honetara hartu izan dira. Ezin da onartu. Gai potoloetan bilatu behar dira adostasunak, eta ez muturreko neurrietara jo. Haustura bada, baina gu beti izan gara haustura hori konpontzearen aldekoak. Oteizari leialtasuna zor diogu, eta pentsatzen dut bat etortzeak lortzeko irekita egon behar dugula. Izan dira, baina zenbait gauza; esaterako, zuzendaria kontratatzearena. Ez zen Oteizaren gogokoa, eta berak gure alde egin zuen garai hartan. Hala ere, bere horretan segitu zuten eta nahi zuten zuzendaria ezarri zuten. Guk honetan ezin dugu amore eman, ez behintzat joko demokratikoa ez den bitartean.


G.L.: Zure ustez badakite zein den benetan Jorge Oteizak egin duen ekarria?

J.A.: Une honetan patronatua bitan zatituta dago, eta bai alde batekoek eta baita bestekook ere Oteizaren borondatea betetzen ari garela esaten dugu. Baina, ekintzak hitzak baino adierazgarriagoak dira. Zer gertatu zen Oteizak Carlos Catalan bere ordezkaria sartu izan nahi zuenean? Ezezkoa eman zuten. Izugarrizkoa sortu zen orduan, denetarik entzun behar izan genuen. Beste batzuen artean, guk titularitatea izan, bagenuela, eta Oteizari zertan kasu egiten jarraitu ez zegoela. Harrezkero borondate falta gaur bai eta bihar ere izan da. Oteizak gogoko ez zuen zuzendaria ezarri dute, Oteizak oso gustuko zituen teknikari bi bota dituzte. Patronatuan esan zitekeena aintzat hartu gabe bota zituzten, eta zergatik? Ba Oteizaren borondatea jarraitzen zutelako, eta Oteizak esandakoei segitzen zietelako. Pilar del Valle kontserbatzailearekin ere zer gertatu zen? Bota egin zuten, eta berak helegitea jarri behar izan zuen epaitegietan, zorionez ebazpenak bere alde egin zuen, eta berriz ere onartu beharko dute. Oraindik, baina, ez da bere lanpostura itzuli. Ekarriaz jabetzen ote diren? Ba nik uste dut baietz, baina ez dute konpartitzen.


G.L.: Zuk aipatua da Nafarroari eman zizkiola Oteizak lanak. Denbora igarota eta gertatua gertatuta, hanka sartu zuela uste duzu?

J.A.: Ezta pentsatu ere. Oteizak oso gutxitan sartu izan du hanka bere ekarriari dagokionez. Oso gutxitan. Oso asmo zehatz eta garbiak izan zituen, eta horregatik utzi zuen utzi zuen tokian. Ez dakit zenbat denbora pasatu beharko ote den sinesgogorrek Oteizak zuzen jokatu zuela onar dezaten, honetan ere asmatu zuela onar dezaten. Zerbaitengatik utzi zituen Nafarroan, eta arrazoiak asko dira, bere bizitzan zehar emandakoak denak. Euskaldun bezala eta arte garaikideko abangoardista bezala ongi islatuta uzteko tokirik aproposena Nafarroa da, eta Altzuza da.


G.L.: Museoa inauguratu berria da.

J.A.: Bai. Inauguratzeko asmoez prentsaren bidez enteratu ginen, eta saldu zuten moduan gainera. Zerbait egingo zutela pentsatzen genuen, baina horrelakorik... Museo bat inauguratzerakoan, eta are gehiago Fundazio-museoa inauguratzerakoan, lan-talde iraunkorra izan behar da. Ez bakarrik inaugurazio egunera begira lan egingo duena, baita aurrerago begira ere lan egingo duena. Honek ez du horrelakorik betetzen. Egitasmoa hanka-motz abiarazteko edo hobe esan, jarraitzeko asmoa dute. Fundazio-museo hau ez da artelanak erakusteko gela handi soil bat izango; obra horiek sortzeko orduan egon diren esperimentazio lanei ekiteko tokia izan behar du. Oteizak kezka asko eta oso zabalak utzi zizkigun; gizakiari buruzkoak, emakumeari buruzkoak, euskaldunari buruzkoak... eta hau dena gizarteari begira egin behar da. Baina, bozketak dauden moduan egonda, une honetan Nafarroako gobernuan dagoen UPN alderdia horretaz baliatuko da nahi duena aurrera ateratzeko. Hurrengo patronatu-batzarrera eramango dute, presidentearen kalitatezko botoa erabili, eta aurrera egingo du. Hori ere esan behar baita, erabaki guztiak patronatu-batzarrean hartu behar dira, eta inaugurazioarena ere bai. Guk denok erabaki beharko genuke noiz inauguratu. Baina, inauguratu dute, kalitatezko botoari esker. Argi eta garbi hauteskundeei begira egiten dute lan, eta esku artean diogunari ez diote jaramonik egiten, berdin zaie nazioarte mailari begira eman behar zaion proiekzioa zein izan behar duen, zein izan behar ote den museo honek gizarteari egin behar dion ekarpena. Berdin zaie dena. Tamalez horrela gaude. Aspaldi konponduta egon zitekeen afera da, baina barneko pitzadurak sakonegiak eta muturrekoegiak dira. Egoera bideratzeko zenbait gauza egin beharko litzateke baina epe laburrera, gauzak aldatzen ez badira, ez dago zereginik.


G.L.: Epe laburrera, beraz, ez dago konponbiderik, eta epe ertain edo luzera begira?

J.A.: Hasteko komunikazioak etengabekoa izan beharko luke. Une honetan hautsita dago hori ere. Hauteskundeei begira ari da jende guztia, eta egia esan, hauteskundeek aldaketa ekar lezakete. Nafarroako alderdi politiko guztiak ados daude aldaketa behar dela esaterakoan, eta Oteizaren lana eta borondatea errespetatu behar dela esaterakoan. Beraz, hauteskunde hauetan UPN barik beste bat irtengo balitz, hots, gobernu aldaketa balego, birbideratzea askoz errazagoa litzateke. Zeharo aldatuko luke dena, lehenengo egunetik. Bien bitartean nik ez dut irtenbiderik ikusten. Ebazpenak, helegiteak, kalitatezko botoa... aurrerapausorik ez dut nik ikusten. Eta gauza bat argi badago zera da: Jorge Oteizaren borondatea beteko dugula.

x61pRelaContWAR

detalle2

Document library

C1
05-18-2003

x61pRelaContWAR

  • Landabaso , Goizalde
16282995

x61pViewCountWAR

3153

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR