Docutec
Txakur-kaka
Txakur-kaka zapaltzeak zorte ona ematen duela dio jendeak. Bai, kaka-zaharra!
Txakur-kaka zapaltzeak zorte ona ematen duela dio jendeak. Bai, kaka-zaharra! (hara! ezingo nukeen espresio aproposagorik hautatu!). Nondik nora izango da parte onekoa txakur batek libratu ondoren kale erdian uzten duen sorpresatxoa zapaldu, eta haren kiratsa zapata azpian dugula batera eta bestera ibiltzea? Gero gainera, nondik dator usain nazkagarri hori? entzun behar ingurukoei aurpegiko gorritasuna disimulatzen saiatzen garen bitartean. Ez diot nik honi alde onik ikusten, bada! Baina txakur gaixoek nonbait egin behar dituzte beren eginbehar fisiologikoak, hori egia da. Eta kale erdian egiten badituzte, jabeek belardi batera eramaten ez dituztelako izango da. Eta are gehiago, guk txakur-kaka zapaltzeko zorte txarra (edo ona, edo dena delakoa) badugu, jabeek paper zatitxo batekin jaso eta zakarretara botatzen ez dituelako izango da. Inor ez da ikasita jaiotzen, ezta txakurrak ere! Beraz, erakutsi egin beharko zaie etxean kakarik egin behar ez duten bezala, herriko kaleak ere komun publiko gisa ezin dituztela hartu! Tira, bestalde, arazo eskatologiko hau konpontzeko txakurrentzat komunak jartzeko saiakera egin duen hainbat herri sofistikatu ere badago. Txakurrei egokituriko komuna, ur-zisterna eta guzti! Ez du ideia txarra ematen, baina ez dut uste arrakasta handiegirik izan duenik. Agian txakur fin eta aristokratek erabiliko dute, auskalo! Baina, txakurrek izugarrizko usaimen zorrotza dute eta beren eginbeharrak egiteko, hango usaina ezagutu behar dute, bestela, jai du kaka eta pixa han eginarazi nahi dien nagusiak! Txakurrak ez dira zikinak, eta gaizki hezita badaude, hezitzaileen errua dela uste dut nik. Ez da hainbesteko lana txakurra paseatzera atera behar dugunean, egunkari bat besapean eramatea. Horrela, gure lagunari bere eginbeharrak egiteko gogoa sartzen baldin bazaio, hura jasotzeko modua izango dugu. Dena den, egunkaria irakurritakoan atera beharko dugu kalera, bestela, eguneko berriak irakurtzeko modurik gabe geldituko gara!
