Patata, iragan iluneko elikagai oparoa

Batata, Indietako gaztaina, deabruaren fruitua... Hamaika izen izan ditu patatak bere historian. Gaur egun edozein sukaldetan ohiko osagaia da, baina askotariko oztopoak gainditu behar izan ditu. Urrutitik ekarritako tuberkulua izateak misterioz inguratu du mendeetan bere onura, eta horregatik, abere-bazka izatera mugatu zen hasieran.

Patatak 8.000 urte inguru ditu, eta Andeetako gizakien ohiko elikagaia zen. Jatorriak luzaroan zalantza eragin badu ere, egun, onartua da Peru eta Ekuador inguruan sortu eta handik hedatzen joan zela: lehenik, Hego Amerikara, eta ondoren, Ipar Amerikara. XVI. mendean, Espainiar kolonizatzaileek egungo Kolonbia eta Boliviako guneetan topatu zuten, eta Pizarrok Inka inperioa menderatu zuenean, Atlantikoaren beste aldera ekarritako gauzetako bat izan zen.

Alvaro Aragón historialaria Amerikako jakien eragina ikertzen ari da. Argazkia: Ikasbil

Bitxikeria gisa, Alvaro Aragon historialariak zera azaldu du: kolonizatzaileek uste zuten bertakoak basatiak zirela eta, haiek jaten bazuten, “zibilizatuentzat” ezin zela ona izan. Ondorioz, luzaroan baztertutako elikagaia izan zen.

Sineskeria ugari zeudela dio historialariak. Hasteko, itxura: orduko europarrak ez zeuden horrelako elikagaietara ohituta. Bestetik, lurpean hazten den tuberkulua da, eta lur-azpiko guztiak mesfidantza pizten zuen garai hartan. Gauza arraroa izanik, pentsatu zuten deabruaren bitxikeria bat zela. Ikuspegi hori are gehiago indartzen zuen patata kristau-erlijioan ez agertzeak. Horregatik, askok maltzurkeriarekin edo deabruarekin lotzen zuten, eta zenbait gaitz sortzen zituela zioten, legenarra edota tuberkulosia, adibidez.

Patata ia edozein klimatan haz daiteke, lur azpikoa izanik, biziraun egiten du. Argazkia: Pixabay

Aurreiritzien aurkako borroka
Errezelo horrek pare bat mendez iraun zuenez, espainiarrek patata gutxi landu zuten eta lortutakoa abere-bazka izaten zen. Garaiko zenbait agirik diotenez, XVI. mendean, Kanariar Uharteetan hasi ziren hura landatzen, eta handik penintsulara eramaten zuten barkuan. Geroago, Galizian sartu zuten, eta XVII. mendean Kantauri eremuan. Hala ere, Ruano historialariaren hitzetan, ez zegoen argi norentzat ereiten zuten patata. Badirudi, gutxi batzuek kontsumitzen zutela, eta gehienbat abereentzat zela.

Europan barrena egoera antzekoa izan zen. Aurreiritziak gainditzea kosta egin zen: “XVIII. mendearen hasieran, Prusiako Federiko II-k errege-agindu batzuk argitaratu eta patata jatearen aldeko kanpainak egin zituen. Bertako nobleak jaten hasi ziren eta hori ikusita, herri xeheak ere pixkana hala egin zuen. Gizaldi berean Flandesen, Irlandan edo Alemanian ohiko elikagai bilakatu zen.

Egun, askotariko platerak prestatzen dira patatarekin. Argazkia: Pixabay

Euskal Herrian, Independentzia-gerra izan zen aldaketaren abiapuntua. “Jendeak ez zion begirune handirik patatari, baina frantziarrek jaten zutela ikusita, ez zela txarra ohartu ziren”. Horren aurretik, kleroko zenbait kide edo Euskal Herriko Adiskideen Elkartea ahalegindu ziren hura dietan sartzen, arrakasta handirik gabe. Aragonen esanetan, euskaldunek tuberkulu honen alde egiteko gakoak batez ere bi izan ziren: ahoz ahoko informazioa eta jaten zutenak hiltzen ez zirela ikustea. Hala, 1830etik 1840ra bitartean orokortu egin zen patata, artoarekin edo gariarekin nahasten zen, ogi edo talo moduko bat eginez.

Nekazaritzaren lagungarri
Tomatea, piperra, babarruna, artoa... Ameriketatik ekarritako elikagaiak, oro har, “oso mesedegarriak” izan ziren eta hemengo nekazaritza asko hobetu zuten. Patatak, adibidez, nekazariei aukera eman zien urtean uzta bat baino gehiago izateko eta soroei etekin handiagoa ateratzeko. Bestalde, abereen bazka izateak ere abantaila ekarri zien laborariei, gorotzak ongarri aberatsago bihurtu baitzituen.

Patata lur-eremu zabaletan ereiten da. Argazkia: Pixabay

30 urtetan izugarri hedatu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hori horrela, XVIII. mendearen hasieran landare exotikoa zena, lur-eremu zabaletan ereiten hasi ziren. Patata ia edozein klimatan haz daiteke, eta lur-azpikoa izanik, iraun egiten du.

Egun, plater ugari prestatzen dira patatarekin, baina hasiera batean egosita, erreta edo zopan erdi gordinik jaten zutela zehaztu du historialariak.


Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Nor da Alvaro Aragón?
EHU-ko irakaslea naiz, historialaria, historian aditua, eta bueno ba, pues, gaur egun ari naiz, batez ere, Amerikako gaien eta jakien sarrerak, ba Euskal Herrian izan zituen ondorioak aztertzen eta ikertzen.

2. Zein da patataren jatorria?
Bere jatorria da Ekuador eta Peruko Andeak. Gertatzen dena da denborarekin hedatu zela ba Kolonbia aldera eta beste lekuetara (leku batzuetara), batez ere, Hego Amerikara eta Ipar Amerikara. Eta orduan, espainiarrak ailegatu zirenean zenbait lekutan aurkitu zuten.

3. Nolako hedapena izan zuen Europan?     
Ba badakigu Pizarrok aurkitu zuela patata eta bueno ba ale batzuk ekarri zituela ez (ezta)? Baina nonbait ematen du Espainian sartu baino lehen, bueno edo penintsulan sartu baino lehen, batez ere, Kanariar uharteetan hasi zirela landatzen. Ja XVI. mendearen bukaeran ikusten da, jada kargatzen dituztela bertako barkuetan patatak. Horrek esan nahi du, ba landatzen zituztela. Eta gerp hortik ja  penintsulara etorriko da, eta penintsulatik ere hedatuko da Europa aldera.

4. Hasieran abereei ematen zieten jateko. Zergatik?
Bueno, hor adituek esaten dute, bada, eta garaian ere esaten da, pixka bat, alde batetik itxura ez (ezta)? Itxura horrela arraroa dauka eta orduan mesfidantza edo sortzen zuen. Bestetik, ba, lur azpian landatzen zen, orduan jendearentzat lur azpitik ateratzen zenak ez zeukan konfiantza handirik. Gero, bestetik ere kontuan hartu behar dugu Itunean edo Biblian ez dela ateratzen. Orduan jendeak esaten zuen: “Ez bada ateratzen Itunean, joe, hau deabruaren kontua izango ote da?”. Gero ere askotan lotu egiten zen legenarrarekin eta tuberkulosiarekin. Eragiten zituela esaten zen (Gaixotasun horiek eragiten zituela esaten zen) eta orduan beti izan du ikuspegi ezkor bat. Eta hori, pixkanaka-pixkanaka, joan zen aldatzen denboraren poderioz.

5. Noiz hasi ziren gizakiak patata jaten?     
Lehenengo lekua ematen du Prusia dela. Han bertan, bertako erregeak, Federiko II.ak, zenbait agindu atera zituen, bueno, pixkat (pixka bat) bere kontsumoa bultzatzeko. Hasiera batean, bueno, ba jendea ez zen gehiegi fidatzen, baina bueno erregeak berak sortutako lege horien ondorioz, eta gero ere, pixkat (pixka bat) inplikatuz noblezia, nolabait horren aldeko kanpainak sortu zituen eta azkenean jendea hasi zen kontsumitzen. Gero badakigu Europa-mailan XVII. mendean Frantzian, Ingalaterran, Holandan edo Herbeheretan… sartu zela, landatzen zela. Batez ere, abereentzat eta gero ja XVIII. mendean bere kontsumoa pertsonen artean eta gizakien artean orokortu zen.

6. Euskal Herrian zer bilakaera izan zuen patatak?
Hasiera batean, pixkat (pixka bat) proba egiten hasi ziren. Baserritar batzuk, adibidez, Hondarribian eta Legazpin eta abar, Bizkaiko zenbait lekuetan (lekutan) eta Araban hasi ziren batez ere, ba bueno, lur-soroen izkinetan landatzen. Gero ja denborarekin hasiko dira baratzetan, baratze edo lur osoetan. Eta gero ja, bukatzeko, konturatzen direnean bueno ba gizakiaren elikadurarentzat eraginkorrak izan daitezkeela ja hasiko dira lur-soro osoak landatzen.

7. Zer eragin izan zuen nekazaritzan?
Normalean lur zati bat lugorrian uzten zen, landu gabe. Orduan patata, artoa bera… landatuta hori ekidin egiten da eta orduan ekoizpena haunditu egiten da. Ez hori bakarrik, kontuan eduki behar dugu ere, patatarekin adibidez, ba jaten ematen zaiela abereei. Orduan, abere horiek ukuiluratu daitezke eta orduan ongarriak ekoizten dituzte. Gero ongarri horiekin, ongarritzen dituzte lurrak eta hor ekoizpena, produktibitatea asko igotzen da. 

B1
05-07-2021
28222608
00:05:04
7387