Amabitxiaren opila San Marko egunean

Gipuzkoako mendebaldean, Bidasoaldean eta Oarsoaldean zehazki, oso zabalduta dago San Marko egunean opila oparitzea. Bizkotxo moduko bat egiten diete amabitxiek beren besoetakoei, eta arrautzak izaten ditu gainean. Ohitura horren ingurukoak bildu ditugu.

Opilaren jatorria Lehen Gerra Karlistaren aurretik koka daiteke. Garai hartan jada, San Marko egunean, apirilaren 25ean, inguruko mendietara prozesioan joateko ohitura zuten inguruko herrietakoek. Aipatutako gerra bukatu ondoren ere prozesioak egiten jarraitu zuten: mendiak bedeinkatzera joaten ziren, uzta ona izateko. Agintari eta apaizez gain, herritarrek ere parte hartzen zuten prozesio horietan. Hamaiketakoa egiteko bideko baserriren batean gelditzeko ohitura zuten. Agintariei eta apaizei platerean ematen zieten hamaiketakoa. Gainerakoei, aldiz, ogitxo bat arrautza egosi batekin edo birekin.

Betiko opilak bizkotxoa eta arrautza egosi koloredunak izaten dituzte. Argazkia: Ikasbil

Denborarekin San Marko egunean prozesioak egiteko ohitura desagertu egin zen, baina mendira joateko ohitura ez. Era berean, ogitxoa arrautza egosiekin saltzen hasi ziren bailara horietako okindegietan. Horrela, amabitxiak besoetakoei ogitxo horiek oparitzen hasi ziren mendira joatean indarra hartzeko. Itxura denez, behin, Irungo emakume dirudun batek ogiaren ordez bizkotxoa egiteko eskatu zion okinari. Eta arrakasta handia izan zuenez, aurrerantzean horrela egiten hasi ziren, ogia opil bihurtuz. Gerora, bizkotxoaren osagaiei almendra gehitu zieten eta arrautza egosiei kolore gorria eman.

Amabitxien egitekoa
Baina zergatik hartzen du amabitxiak opila oparitzeko lana? Beste kultura batzuetan ere amabitxi edo aitabitxiak badu urtero opariren bat egiteko ardura, esaterako, Katalunian. Han aitabitxiak Mona de Pasqua delakoa oparitzen dio besoetakoari. San Marko opilaren tradizioa ere hor koka daiteke, eta besoetakoa ezkondu arte luzatzen da. Arrautza-kopuruak ere badu esanahia: normalean, urte bakoitzeko arrautza bat gehitzen zaio, bost edo seiraino. Eta sukaldari onak edo txarrak izan, opila erosteko ohitura izan dute amabitxiek, etxean egin beharrean. Garai batean gari-irinik ez zen izaten etxeetan eta horregatik izan daitekeela uste da.

Gaur egun txokolatezko opilak ere badaude. Argazkia: Dorronsoro okindegia, Hernani.

Gaur egun mota askotako opilak daude. Irunen eta Hondarribian garai batekoen antzekoak ikusten dira, batez ere, eta inguru horretakoa da guk jaso dugun errezeta: almendradun bizkotxoa, kolore gorridun arrautza egosiak dituena. Oarsoaldera (Errenteria, Oiartzun, Lezo eta Pasaia)  hurbiltzen garen neurrian, gehiago aurkituko ditugu txokolatez edo mokaz apaindutako bizkotxoak, eta txokolatezko arrautzak dituzten opilak. Hori bai, batean zein bestean, den-denak goxoki txikiekin, lumekin eta txita batekin apainduta.

Opilarekin mendira
Bedeinkatzeko ohituraren inguruan, Hondarribian eta Irunen egiten jarraitzen dute. Lehen San Marko egunaren bezperan jasotzen ziren opilak. Hurrengo egunean, etxeko zapi eder batean bildu eta bedeinkatzera eramaten zituzten elizara. Ondoren, inguruko mendiren batera joan eta etxekoekin jaten zituzten. Gaur egun, askok, egunean bertan jaso eta jaten dute bedeinkatu gabe.

Jende asko Guadalupera joaten da apirilaren 25ean eguna pasatzera. Argazkia: Zarateman (CC0)

Baina gauza bat ziurra da: amabitxiek, edo Hondarribia eta Irunen esaten duten bezala, amaidinek edo amautxiek, ez dute hutsik egingo. Eta modu batera edo bestera, jende asko joaten da urtero Guadalupera (Hondarribia), San Martzialera (Irun), San Markora (Errenteria) edo beste mendiren batera apirilaren 25ean, egun-pasa eta opila jatera.


B1
04-24-2020
21896511
824