Baku, "suaren lurraldearen" hiriburua
Azerbaijango hiriburua, Baku, Europaren eta Asiaren arteko salerosketa-harremanetan gune estrategikoa da. Horregatik izan zen jomuga garrantzitsua Zetaren Bidean.
Menderik mende, gamelu-karabanek Txinako zeta eta Indiako espezieak garraiatzen zituzten Europara, Turkia-Iran-Afganistan korridorean barrena. Kaspiar itsasertzean, Bakuk baditu oraindik caravasar batzuen aztarnak. Caravasarrak korta modukoak izaten ziren gameluentzat, eta ostatu gameluzainentzat.
Bakuko malekoia Kaspiar Itsasertzean.
Gaur egun, zetaren ordez aparailu elektronikoak ateratzen dira Txinatik, eta ez gameluetan, kontainerrez betetako itsasontzietan baizik. Dena den, Azerbaijanek altxor berri bat aurkitu ditu merkaturako: gasa eta petrolioa. Altxor horren parte bat berak ekoitzia da, baina inguruko Kazakhstan eta Turkmenistan (Asia Erdialdea) herrialdeetakoa ere Azerbaijandik igarotzen da, hainbat gas- eta petrolio-hodiren bidez, eta Mediterraneoko eta Itsaso Beltzeko kaietara iristen da.
Zitadelako metro-geltokia.
Azerbaijango toki askotan lurrazalean ateratzen da petrolioa, lurra zulatu gabe, eta gasa ere bai. Bakutik gertu, Yanar Dag (Suzko mendia) izeneko muinoak hamarkada batzuk darama sutan. Izan ere, artzain batek zigarro bat piztu, lurrera bota, eta gas naturala duen gune bati su eman zion. Marco Polok ere aipatu zuen Kaspiar itsasertzeko etenik gabeko su hori. Bera ez zen han izan, baina norbaitek esan eta halaxe utzi zuen idatzita bere bidaia-kroniketan.
Yanar Dag (suzko mendia) Baku inguruan.
Beraz, ez da harritzekoa Azerbaijanen lelo turistikoetako bat “suaren lurraldea” izatea. Islama VIII. gizaldian heldu arte, zoroastrismoa zen bertako erlijio nagusia eta sua gurtzen zuten. Erlijio horretako tenpluek sua beti piztuta izan behar zuten. Oraindik ere badute horrelako tenplu bat Baku inguruan, Ateshgah aldean, baina guztiz eraberrituta dago eta turistak erakartzeko baino ez dagoela dirudi.
Bikote bat Bakuren erdialdean.
Baku ondo-ondoan, etxeetatik eta monumentuetatik ikusten dela, petrolio-eremu bat dago martxan. Petroliorik ez dugunontzat guztiz harrigarria da, hiriaren erdi-erdian petrolioa ateratzen ikustea. Eremu hori oso ezagun egin zen, James Bonden film batean agertu zen eta.
Petrolio-zelaia martxan, hiri-erditik 2 kilometrora.
Bakuko Hiri Zaharra garai batean zena errespetatuz zaharberritu dute, eta harriek berri-itxura dute, aukeran berriegi, baina oso atsegina da hango kaleetan paseatzea. Zitadela harresitua nabarmendu behar da, eta batez ere, Dontzeilaren Dorrea, trinko eta garaia. Eta zergatik du izen hori dorreak? Kondairak dio erregea maitemindu egin zela bere alabaz. Desio zuen, baina alabak ezer jakin nahi ez eta bertan espetxeratu zuen, alabak men egin arte. Intzestuak halako izua sortu zion alabari, azkenean bere burua bota baitzuen dorretik.
Dontzeilaren Dorrea, Bakuko eraikinik garrantzizkoenetakoa.
Bakuren parte batek hiri-itxura du; hor Baku Flame Towers (Sugar Dorreak) izeneko kristalezko hiru dorretzar nabarmendu behar dira. Esan bezala, Azerbaijan suaren lurraldea dela gogoan, sugarrak dirudite dorreok. Gauez argiztatu egiten dituzte, eta su handi bat ematen dute. Baku modernoaren ikur dira bai dorre horiek, bai dendaz betetako oinezkoentzako kale luzea. Azeriarrak aberastu berriak direla nabaritzen da, eta petrolioaren dirua barra-barra dabilela ere bai, zeren marka esklusibo eta garesti guztiek zabaldu baitute boutiqueren bat Baku erdian.
Dendaz betetako oinezkoentzako kalea, Bakun.
Sugar Dorreez gain, Heydar Aliyev kultura-etxea ere eraikin modernoa garrantzizkoa da, irakiar jatorriko Zaha Hadid arkitekto britainiar ospetsuak egindakoa. Heydar Aliyev zena Azerbaijango aurreko presidentea izan zen, eta toki guztietan daude bere izaera omentzen duten izen bereko eraikinak, edo estatua eta argazkiak. Bere semeak du gaur egun agintea, seinale demokraziatik ezer gutxi duela Azerbaijanek.
Aurreko presidentea, Heydar Aliyev zena: haren erretratuak daude toki guztietan.
Dirua sobera dutenez, arkitektura-lan handiak soilik ez, beste jarduera batzuk ere hasi dira egiten Azerbaijan atzerrian ezagutarazteko. Adibidez, Atlético de Madrid futbol-taldean dirua jartzen: kamisetetan “Azerbaijan Land of Fire” leloa darama taldeak. 2012an Eurovision Azerbaijanen izan zen, eta 2015ean Europar Jokoak antolatzen ari dira lehendabizikoz.
Gazte koadrila, Bakuko geltokiaren alboan.
Musulman-herria da Azerbaijan. Islama ezartzeko era ez da ordea zorrotz-zorrotza. Baimenduta dago kafetegietan eta jatetxeetan alkohola edatea, eta emakumeak ez daude behartuta musulmanen jantzi-kodea betetzera. Beraz, era askotako janzkerak ikusten dira emakumeen artean. Batzuek zapi batekin estaltzen dute ilea, beste batzuek ez; badira takoi eta minigona zaleak eta baita den-dena ezkutatzen dutenak ere, begiak salbu. Oro har, ezkondu ondoren hasten dira zapia janzten, baina alboko Iranen ez bezala, emakumeak ez daude behartuta gorputza ezkutatzera. Izan ere, Iranen emakume guztiek, ezkonduek eta ezkongabeek, ilea estalita eraman behar dute.