detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Inle lakua: Myanmar-en bihotzean

Myanmar herrialdea, edo Birmania nahiago baduzu, oso bizkor ari da aldatzen. Bizkorregi. Orain dela 15 urte munduko herrialderik itxienetakoa zen.

Zergatik? Bada, agintariek turistentzat oso bisa-agiri gutxi ematen zituztelako. Orduan hasi ziren agiri horiek errazago ematen, eta, beraz, hala hasi ziren turistak ere ugaritzen; baina, hala ere, exotikoa zen oraindik herria, gutxi batzuen helmuga. Orain dela bost bat urte turismoa dezente garatuta zegoen eta birmaniarrek dolarrak biltzeari ekin zioten.
Myanmarreko jendea, oraindik ere, irribarre errazekoa da. Turista-leku bisitatuenak ere lasaiak dira oraindik, baina egoera hau laster bukatuko da. Txinarekin lehendik zituen harreman ekonomikoak ugaldu egin ditu, eta Amerikako Estatu Batuekin negozioak egiten hasi da. Militarrek berrogei urtez menpean izan dute herria, baina hauteskundeak izango dira azkenean. Horrek esan nahi du Myanmar mundura zabalduko dela, eta turista gehiago etorriko direla. Akabo monumentuen xarma guztia eta jendearen xalotasuna!

 

 

Abandonatutako tenpluak lakuaren ondoan

Baina toki isolatu batzuek bere horretan jarraituko dute. Baliteke garai bateko hiriburua, Mandalay, turistaz betetzea, eta berdintsu gertatzea hiru mila tenplutik gora dituen Bagan hirian ere. (Adibidez, Txinatik datozen turistak ikaragarri handitu dira). Baina barnealdean dagoen Inle lakuak oasi-moduko bat izaten jarraituko du luze.

Inle lakuak tamaina polita du: 22 kilometro luze eta 11 zabal. Hainbat uharte ditu, eta horien itsasertzean badira hamasei herrixka, beren azoka koloretsu eta guzti. Artisau-lantegiak ere badira, eta tenplu budistak; tenpluak erruz, Myanmar osoan bezalatsu. Hemen beti duzu begien bistan tenplu edo monje budistaren bat.


Monje budistak Nyaungshwe-n, lakuko herri nagusian

900 metroko altueran dago Inle. Beraz, eguraldia beti da aparta. Birmaniako behealdean, aldiz, bero handiagoa egiten du. Landare-espezie asko hazi daitezke, eta arrain aldetik ere oso emankorra da lakua. Bertako arrain ederrak erreta eskaintzen dituzte jatetxeetan. Hori dela eta, bertako asko arrantzaleak dira. Sare bitxiak erabiltzen dituzte, konikoak, banbuz eginak.


Arrantzalea bere sarearekin

Arraun ere modu berezian egiten dute lakuan aurrera egiteko, munduan beste inork ez bezala: zutik doaz, eta arrauna uretan bertikalki sartu eta hankarekin eragiten diote. Baina arrantzale hauekin lehian hasi dira txalupa motordunak; luze eta zaratatsuak dira, eta ura harrotzen dute. Betiko arrantzaleak oreka galtzeko zorian izaten dira txalupa hauek sortutako olatua gainera etortzen zaienean.


Arraun ere modu berezian egiten dute

Andreen trebetasuna ehungintzarako oso famatua da. Zeta ehuntzen dute oso aspaldiko zurezko ehungailuetan. Emakumeen longys izeneko hodi-itxurako gona luzeak oso estimatuak dira Birmania osoan. Gona horiek gizonezkoek zein andrazkoek darabiltzate.


Denak azokara

Nga Hpe Kyaung da laku-ertzeko tenpluen arteko dibertigarriena: Katu Jauzilarien Monasterioa bezala da ezagunagoa.  Monjeek katuak hezi dituzte jauzi eginez uztai batzuek zeharka ditzaten. Ikuskizun xume hau gorabehera, monasterioa bere horretan da interesgarria. Zurezkoa da erabat, eta uretan dauden hainbat zutabek eusten diote eraikinari: XIX. gizaldian egin zuten. Buda eskultura-bilduma baliotsua dauka barruan.  

Astean zehar egunero dago azoka laku-ertzeko herrixketan, txandaka. Ywamakoa da ezagunena, baina jende gehitxo biltzen da aukeran. Nam Pan eta Thaundaung herrixketako azokak, berriz, lasaiagoak dira; merezi du bi azoka hauetara joatea: oso koloretsua da hango generoari eta jendearen jantziei esker. Inguruetako shan, bamar eta intha etnietako kideak bertaratzen dira euren arropa tipikoak jantzita. Jakina, monjeak ere hantxe izaten dira beren tunika laranjekin.


Emakumeak Nam Pan-eko azokan

Phaung Daw Do izena du Inle lakuko festa nagusiak: gabarra handi batean herriz herri eramaten dituzte urrezko lau Buda. Festak hiru aste irauten du eta irail-bukaeran edo urri-hasieran izan ohi da. 


Nam Pan-eko kaia

Jakina, Inle lakuan barneratzeko txalupa motorduna behar da… Edota kanoa bere arraunekin: duda-izpirik ez kanoa dela erromantikoena, baina ez da aukerarik gomendagarriena, batez ere ez badakizu kanoa ondo eramaten. Gerta daiteke txalupek sortutako olatuek kanoa iraultzea: halaxe ito zen turista bat. Orduz geroztik lakuko herri nagusienetik, Nyaugshwe herritik, gertuen dauden ur-kanaletan soilik egin daitezke txangoak kanoaz. Urrutirago joateko, aldiz, ezinbestekoak dira txalupa motordunak. Zirrara ziurtaturik dago: hainbesteko abiadura hartzen dute, ezen branka gorantz begira jartzen da. Azken batean Inle lakuan, beste toki askotan bezala, ustezko modernitatea tradizioa suntsitzen ari da.
 


detalle2

Document library

B1
10-08-2014

x61pRelaContWAR

16345571

x61pViewCountWAR

8424

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR