Aldizkari Digitala
Etxean ala eskolan ikasi?
Bi aukerak daude; bakoitzak bere alde onak eta txarrak dauzka eta bata zein bestea aukeratzeko arrazoiak era askotakoak izan daitezke.
Haurrak eskolara hiru urterekin joaten hasten dira. Gure inguruan, behintzat, hori egiten dute gehienek. Egokitzapena egin eta gero, egunero, ordu berean, haurrak ikastetxera eramaten dituzte. Legeak honakoa esaten du: umeek sei urtetik hamasei urtera bitartean (LH eta DBH) joan behar dute eskolara. Umeen ikastetxea familiak aukeratzen du: eskola publikoa, pribatua, erlijiosoa, alternatiboa… abanikoa gero eta zabalagoa da.
Hala ere, badago jende askok kontuan hartzen ez duen beste aukera bat: haurrak etxean heztea. Euskal Herrian zenbat familiak hartu dute erabaki hori? Ezin da jakin, ez baitago zerrendarik. Ameriketako Estatu Batuetan, berriz, ume askok ikasten dute etxean.
Luixa Reizabal Arruabarrena (Donostia, 1964) Psikologian doktorea da, eta, 1995. urteaz geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia fakultatean irakaslea da. Haurrak etxean edo eskolan heztea, hezkuntza-motak edo etxeko lanak izan ditugu hizpide berarekin.
HAURRAK ETXEAN EDO ESKOLAN HEZTEA
Luixaren ustez, ume bat etxean hezteak alde onak ditu, baina baita eskolan hezteak ere: “Etxeko hezkuntza haur bakoitzaren beharretara egokituko dugu, eta ikasketa-prozesua horren arabera antolatuko dugu. Ikastetxeetan, berriz, gela bakoitzean, gero eta ume gehiago daude, eta ez da hain pertsonalizatua”. Bestalde, etxean ikasten duen umea bakarrik egongo da, ez da jende askorekin harremanetan egongo. “Etxean hezitako haurrei elkarrizketak egin dizkiete, eta, esaten dutenez, beraientzat hutsunerik handiena lagunik ez izatea da”, kontatu digu Reizabalek. Beraz, garapen sozialerako, eskolara joatea hobea dela uste du: adin berekoekin edo zaharragoekin harremanetan egoteko, irakasleekin, guraso gehiagorekin… “Harreman horiei esker, euren burua hobeto ezagutzen dute, eginbeharrak eta rolak ikasten dituzte, irakasle-ikasle zereginak, arauak… Etxean ezinezkoa da hori”, azaldu digu.
Etxeko txikia eskolara ez bidaltzeko, ordea, hainbat arrazoi izan ditzake familiak: haurra gaixorik egotea, bizimodu konbentzionala ez duen familia batekoa izatea (zirkukoa, adibidez), leku isolatu batean bizitzea (urrutiko baserri batean, esaterako) edo arrazoi ideologikoengatik ere izan daiteke: “Eskolak jendartean nagusi diren balioak transmititzen ditu. Gurean, sistema kapitalistarenak, hain zuzen ere. Familia bati sistema hori gustatzen ez bazaio, agian, umea etxean heztea erabakiko dute”. Horrez gain, erlijioa edo umeak bizitako bullying-a izan daitezke beste bide hori aukeratzeko arrazoiak.
ETXEKO IRAKASLEEI JARRAIPENA
Etxeko irakasleek haurraren heziketa hiru modutan planifika dezakete: batetik, umearen kezkei edo interesei jarraituta; bestetik, curriculum formala seme-alabaren beharretara egokituta; edo, azkenik, curriculum formalari bere horretan jarraituta. “Edozein bide aukeratuta ere, irakasleak ordu gehienak etxean emango ditu, eta lan gogorra egin beharko du”, azaldu du.
Erregulazioa zehazki zein den ez daki Reizabalek, baina jarraipen bat egitea aukera bat da berarentzat: “Topaketa bat egitea, esperientziak partekatzea, eta elkar ezagutzea ona da. Gainera, bertan profesional batzuk egon daitezke umeen garapena aztertzeko”. Etxeko hezkuntza amaitu eta gero, prestakuntza akademikotik ongi prestatuta irteten dira. “Atzerrian, zenbait unibertsitatek horrela ikasi duten pertsonak eskatzen dituzte”.
ETXEKO LANAK ONURAGARRIAK DIRA?
Ikastetxe bat aukeratzerakoan, zer hartzen dugu kontuan? Metodologia. Erlijio-eskoletan, adibidez, metodologia tradizionala jarraitzen dute. “Ikasgelan, irakaslea da jaun-andre eta jabe; berak bere espazioa du, eta haurrek jaso eta idatzi egin behar dute”, azaldu digu Luixak. Hezkuntza-mota honetan, haurrei etxeko lanak agintzen zaizkie. Horiek dira nagusi gure sisteman.
Baina badaude Amara Berriren sistema bezalakoa jarraitzen dutenak. Bertan, haurrek txokotan ikasten dute, eta ez diete etxeko lanik agintzen, tarteka-marteka soilik. “Nire ustez, haurrek etxeko lanekin motibazioa galtzen dute, gogorik gabe egiten dituzte, askotan haserre, eta nire uste apalean, ez dute ezertarako balio”.
Luixaren iritziz, jolastea ezinbestekoa da umeentzat: “Garapen kognitiboa, fisikoa eta soziala behar bezalakoa izateko, haurrek jolastu egin behar dute. Jolasten asko ikasten dute, eta beraientzat esanguratsua den modu batean, gainera”.
Eta zuk, etxeko lanak beharrezkoak direla uste duzu? Zergatik? Haurrak etxean edo ikastetxean heztea, zer da egokiagoa?
Haurra etxean hezteak zer onura ditu?
Bereziki arreta guztia ikasleak jasotzen duela. Nolabait, indibidualizatuagoa da, pertsonalizatua da hezkuntza-mota hori, eta alde horretatik, ikasleak arreta guztia jasotzen du.
Gero, bestalde ere, gurasoak, eta gurasoak esaten dudanean, guraso-rola hartzen dutenak, berdin zait, bat edo bi diren, sexu berekoak, bi sexutakoak, baina guraso-rola hartzen duenak, harreman sakonagoa egiten du haurrarekiko, berarekin egoten delako 24 orduz. Beraz, hori harremanari dagokionez, positiboa da.
Gero, nolabait, gainera, hezkuntza haur horren beharretara, interesetara eta abar dago zuzenduta, eta ez jendartearen edo sistemaren tokian tokiko sistemaren arabera. Beraz, abantailak alde horretatik ere asko dira.
Haurrak eskolan ikastearen alde onak zein dira?
Eskolak ere baditu bere alde onak, izan ere, haurrak etxeko giro magaletik atera, eta beste pertsona batzuekin hasten dira harremanetan, pertsona horiek izan daitezke: adinkideak (adin berekoak) edo zaharxeagoak, gaztexeagoak, gero helduekin ere harremanak izaten dituzte, eta alde horretatik hori positiboa da.
Gainera, eskolan harreman horiei esker, bereziki haurrek asko ikasten dute, bai bere buruaren inguruan, bai pertsonen inguruan, eta baita harremanak izateko moduaren inguruan (ere). Beraz, oso garrantzitsua da. Gainera, lagunak egiten dituzte, eta hori ezinbestekoa da garapen osasuntsua gerta dadin eta eskolan ikaskuntza asko izaten dira. Adibidez, arauak errespetatzea, eskolan dauden arau inplizituak zein esplizituak, eskolan eta beste erakunde batzuetan dauden rolen inguruan ikasten dute. Eskolan daude irakasleak, zuzendariak, jangelako langileak eta horien inguruan ikasten dute, badakite bakoitzak bere funtzioa duela, badakite beraiek ere beraien funtzioa dutela eta abar. Ikaskuntza handia jasotzen dute eskolatik.
Gurasoek, etxean irakasle izateko, zerbait ikasi behar dute?
Irakaskuntza hori egiteko zenbait modu daude, bereziki hiru izaten dira orokorrean. Batetik, guraso askok aprobetxatzen dute edo aprobetxatzen dituzten bizitzak edo haurrengan sortzen dituzten interesak, beharrak eta abar. Eta horietan oinarrituta abiatzen dira hezkuntza-prozesuan. Beste batzuk, berriz, hartzen dute hezkuntza formala, eskolatan aplikatzen dena, eta nolabait egokitu egiten dute bere haurren beharretara eta interesetara eta abar. Eta beste batzuk, besterik gabe hartzen dute curriculum formala, eta horri jarraitzen diote, besterik gabe. Beraz, ez da horrelako prestakuntza berezirik behar, hori bai, behar dena da motibazio handia, gogo handia eta dena emateko prest egotea.
Haurrei etxeko lanak bidaltzea ona da?
Umeek eskolan ordu asko ematen dituzte, lan handia egiten dute ordu horietan guztietan. Beraz, eskola bukatzen dutenean utzi behar zaie arnasa hartzen, nahi dutena egiten, jolasten, eta jolastea azpimarratzen dut, jolastea delako haurren oinarrizko premia bat beraien garapen orokorra, bai soziala, afektiboa, kognitiboa, fisikoa eta abar bermatzen duen jarduera bat. Jolasten ez badute, orduan arazoak izan ditzakegu. Gainera, jolasten asko ikasten da, haurrak motibatuta sentitzen dira ikastera eta ez hori pertsona batek esaten dielako “orain egingo ditugu ez dakit ze ariketa” horrek ez du asko motibatzen egia esan. Bai ordea, jolas baten inguruan, jolas batek asko motibatzen du eta haurrek asko ikasten dute. Orduan, uste dut, etxeko lanak ez direla sistematikoki eman behar. Beste gauza bat da, tarteka-marteka nolabaiteko ohitura bat hartu dezaten. Tarteka ez nuke esango ezetz, baina bueno, baina ez dadila, nire iritzi apalean, behintzat, ez luke ohitura sistematiko bat izan behar, salbuespen bat baizik. Beraz etxeko lanak ez.
Document library
-
Malutafilms
