Belarrondokoaren itzal luzea

Seme-alaben aurkako zigor fisikoak mundu zabalean. Seme-alaben aurkako zigor fisikoak legez ez galarazteagatik oharra egin dio Europako Kontseiluak Frantziari. Debekatzea ez, gurasoen hezkuntza emozionala jorratzea dute giltzarritzat psikologoek.

Zortzi urte ditu ume koskorrak. Bazkaltzen ari dela, oldarkor altxatu da. Zarata atera, txantxa egin, albokoa mindu eta zerbait puskatu du. Gurasoak, suminduta, haserre. Masailekoa jaso du haurrak. Errieta ere bai. Eta zigorra, akaso: logelara bidali, itxi, eta bi egun etxetik irten gabe. Horixe lezioa. Edo diziplina. Diziplina eta zigorra sinonimoak balira bezala. «Bestela zelan ikasiko du?». Guraso batzuentzat, berba eginda ez omen da aski, eta zigorra beste biderik ez dago. Edonon: ikasgelan, jolas orduan, jangelan eta etxean. Bada, orobat, hezkuntzaren tresna gisa ulertzen duenik. «Nork ez du noizbait ipurdiko bat jaso?». Baina ozenagoak dira horri aurre egitea galdegiten duten ahotsak, jokaera zaharrei irtenbide berriak eman nahi dizkietenak. Frantziak abisu bat jaso du berriki. Zigor kutsuko ohartarazpen zorrotza egin dio Europako Kontseiluak, legez ez dituelako «erabat» galarazten haurren kontrako eraso fisikoak.

Praktika horiek saihesteko eta errotik ezabatzeko neurri «eraginkorrik» ez abiatzea egotzi dio aho batez Europako Kontseiluak. Bortizkeriarik ez du baimentzen Frantziako Zigor Kodeak. Edonola ere, lausoa eta aski labainkorra da adingabeen aurkako zigor fisikoei erreparatuta. Handia da zalantzarako lagatzen duen tartea, «seme-alabak zuzentzeko eskubidea» ematen dielako gurasoei. Hori dela eta, «lege hutsuneak» antzeman ditu Frantzian Europako Kontseiluak, eta neurri argiak hartzeko premia nabarmendu.

Anbiguotasun horrek Eskubide Sozialen Gutuna urratzen du, Europako Giza Eskubideen Kontseiluak dioenez. Justuki, horregatik bide eman dio Approach gobernuz kanpoko elkarteak ezarritako salaketari. Isunik ez dute zehaztu ebazpenean, baina araua moldatzeko aski izatea espero du Europako Kontseiluak. Beste bost herrialde ipini ditu jomugan, antzeko arrazoiengatik; maiatzean helaraziko die erabakia horiei.

Sinbolikoa da ebazpena. Ohartarazpen bat baino ez da: ez da loteslea, hau da, ez da bete beharrekoa. Frantziako Gobernuak, gainera, legean aldaketa ñimiñoena ere egitea baztertua du, indarrean dituen neurriekin «haurren osotasuna» babestua dagoela iritzita. 2003an, 2005ean eta iaz ere egin zizkioten antzeko oharrak. Frantziak, alabaina, bizkar eman zien. «Araudiarena ez, helduen hezkuntzarena da arazoa», argudiatu ohi du beti gobernuak.

«Jotzeak ez du inoiz hezten»

Ezin daiteke uka, ostera, ebazpenak haurren kontrako «zigor fisikoen» inguruko eztabaida biziberritu duela asteotan Frantzian. Puri-purian da: jo, bai ala ez? Etxe barruko kontu pribatua delakoan, erabakia gurasoei dagokiela uste dute zenbaitzuek. «Zuzentzeko eskubidea» galarazteak askatasuna kentzea dakarrela deritzote beste zenbaitek. Orotariko iritziak plazaratuta ere, ez da batere ohikoa umeei noizean behin ipurdia astintzea edo belarrondoko bat ematea ontzat duten adituekin topo egitea. Politikoki zuzena ez dela eta, bat datoz: «Helburuak gorabehera, jotzeak ez du sekula hezten. Arriskutsua da».

Eider Iruretagoiena psikologoaren hitzak dira. Zigor fisikoei aurre egiteko neurriak onestea ezinbestekotzat badu ere, gehiegizkoa deritzo debekuak ezartzeari. Iruditzen zaio arreta gurasoen hezkuntzan jarri beharko litzatekeela, «muturrera heldu gabe», eta gizarteari dagokiola esku hartzea, ez agintariei. «Iparra galtzen hasi gara. Gurasook badakigu noraino ailega gaitezkeen eta noraino ez».

Belarrondokoen muinean helduen hezkuntza emozional «eskasa» ikusten du Iruretagoienak. Gizartearen «isla» dela azpimarratu, eta hezkuntza jo du arazoari buelta emateko giltzarri: «Kontzientziazioa sustatzea, eztabaida mahai gainean jartzea... Helduok gure emozioak hobeto kudeatzen ikasi behar dugu, egoera horietan hanka ez sartzeko». Zigor kodera beste erremediorik ez dagoenean jo beharko litzatekeela azaldu du.

Antzeko ikuspuntua du Arantza Quecedo psikologoak. Belarrondokoak emateko modua eta maiztasuna kontuan hartu behar direlakoan dago. «Ez da ume bat hezteko modurik aproposena, ados, baina, lantzean behin gertatuz gero, ez da nahastu behar tratu txarrekin». Quecedoren ustez, jotzea eta zigortzea ez dira sinonimoak. «Zigorra apropos erabilita dagoenean, heziketarako tresna nahitaezkoa da, eta ez du eragin gaiztorik guraso eta seme-alaben arteko hartu-emanean». Argitu du, nolanahi, badirela bide eraginkorragoak: «Gauzak ondo egiten dituenean txalotzea; azalpenak, mugak, ohiturak eta erritmoak behar bezala finkatzea...». Horren harira, aurrerapenak igarri ditu Iruretagoienak, oraindik egiteko franko dagoela uste arren.

Aginpidea erakustetik jotzera urrats bat dagoela ohartarazi du. Erdibidean dago gakoa, haren irudiko. «Ez da samurra horretara iristea: belaunaldi gazteek tolerantzia gutxiegi diote frustrazioari. Luzera, segurtasun falta eta beldurrak onartzeko ezintasuna dakartza». Ez soilik umeengan. «Jotzea helduen oldarkortasun eta frustrazioaren erakusle da». Harago jo du Quecedok: «Autoritate positiboa premia handikoa da heziketan: umeak beharrezko ditu muga eta lege jakin batzuk». Lehengo gurasoak autoritarioagoak zirela ere esan du: zigorrak, kolpeak, errietak, oihuak... Eta mezu argia haurrentzat: arazoak indarrez bideratzen direla. Hori iraultzeko beharraz mintzo da Quecedo: «Jotzeak haserrea, mina eta frustrazioa eragin ohi du umeengan. Ulergaitza da; gurasoen eta haurren arteko arazoak konpontzeko bide antzua».

Mugak ezartzearen premiaz

Iraganeko aginpide hori motzegi geratu ote den sentsazioa du, ordea, Iruretagoienak. Gizartearen hainbat aldaketarengatik, seme-alabak gehiegi babesten dituzte. «Malguegi jokatzen dute orain. Zorroztasun handitik gehiegizko malgutasunera igaro gara». Eta horrek autoestimu gutxiko umeak izatea dakarrela dio psikologoak. Uste du mugek onuragarriak izan behar dutela guraso eta umeentzat: «Masaileko bat ematea ez da ona ez batentzat eta ez bestearentzat ere». Muga horiek hasiera-hasieratik adostearen eta haurrarekin afektibitatea lantzearen aldekoa ere bada. «Umeak ez ditu nahastu behar harremanak: gurasoak umeen zaintzaile eta erreferente dira, ez lagun. Komunikazio falta handia da, eta badira mugak eskatzen dituzten haurrak».

Eman eta jaso. Jaso eta eman. Hori da komunikazio ez-bortitzaren muina, Iruretagoienak azaldu duenez. «Haurrarekin sutan banago, ulermena eta enpatia eman behar dizkiot lehenik eta behin». Halakorik ez bada, arazoari iraunarazteko arriskua ikusten du. Izan ere, psikologoaren ustez, guraso eta hezitzaileen zeregina da haurren garapenerako ahalik eta oinarri sendoenak jartzea. «Umeak behar ez den zerbait egiten duenean, zigortu beharrean, egoera hori konpontzeko bideak aurkitu behar dira, haurrari egindakoaren eraginak ikusaraziz, betiere». Iruretagoienaren arabera, umeak sor ditzakeen kalteak ulertzea eta gogoeta egitera bultzatzea da inportanteena. «Zigortzen ez da hori lortzen».

Zigorren ordez, ondorioak

Joera aldaketa bat gertatzen ari da, oro har. Lehen, zigorrak gailentzen ziren hezkuntzaren tresna gisa. Gaur egun, ez horrenbeste. Haurrak ekintzaren ondorioen jabe egitea lehenesten da. «Betiko zigorren ordez, hezitzaileagoa dena», zehaztu du Iruretagoienak. Zerbait hautsi badu, konpon dezala; bota badu, jaso; min eman badu, barkamena eskatu; mugitu bada, gelditu dadila; eta buila egin badu, isil dadila. Argi du Quecedok: «Haurrak barneratu behar du zer-nolako jokabideak dauden bere kontrolpean. Eragozpenak aurreikusi eta konponbideak topatzen ere ikasi behar du». Horretarako, psikologoak ezinbestekotzat jo du, ondorioez jabetzeaz gain, erreparazioa sustatzea eta norbere muga ezartzea. «Eginikoa errepika ez dezan, konturatu behar da egindakoa gaizki dagoela, eragina eduki baitezake aurrera begira». Adingabeen kontrako zigor fisikoak teorian irmoki gaitzesten direla esan du Iruretagoienak, baina praktikan ezberdin dela, oraindik askok ontzat jo eta erabili egiten baitituzte sarri.

«Nola egin errespeta zaitzaten, aldi berean zuk haurra errespetatuta?». Guraso ugariren duda da. Hitz egitea da gakoa, Quecedoren esanetan: «Umeak iraindu egin banau, sendo erantzutea dagokit, ahotsa eta jarrera zainduta. Guraso gisa, iseka egitea zer den eta zelan sentiarazten didan azaltzea dagokit, lasai eta bakardadean».


C1
03-17-2015
16267166
5777