Docutec
Etxean ala eskolan ikasi?
Bideo honetan, Luixa Reizabal psikologoak bi aukera horien aldeko eta kontrako arrazoiak ematen ditu.
Haurra etxean hezteak zer onura ditu?
Bereziki arreta guztia ikasleak jasotzen duela. Nolabait, indibidualizatuagoa da, pertsonalizatua da hezkuntza-mota hori, eta alde horretatik, ikasleak arreta guztia jasotzen du.
Gero, bestalde ere, gurasoak, eta gurasoak esaten dudanean, guraso-rola hartzen dutenak, berdin zait, bat edo bi diren, sexu berekoak, bi sexutakoak, baina guraso-rola hartzen duenak, harreman sakonagoa egiten du haurrarekiko, berarekin egoten delako 24 orduz. Beraz, hori harremanari dagokionez, positiboa da.
Gero, nolabait, gainera, hezkuntza haur horren beharretara, interesetara eta abar dago zuzenduta, eta ez jendartearen edo sistemaren tokian tokiko sistemaren arabera. Beraz, abantailak alde horretatik ere asko dira.
Haurrak eskolan ikastearen alde onak zein dira?
Eskolak ere baditu bere alde onak, izan ere, haurrak etxeko giro magaletik atera, eta beste pertsona batzuekin hasten dira harremanetan, pertsona horiek izan daitezke: adinkideak (adin berekoak) edo zaharxeagoak, gaztexeagoak, gero helduekin ere harremanak izaten dituzte, eta alde horretatik hori positiboa da.
Gainera, eskolan harreman horiei esker, bereziki haurrek asko ikasten dute, bai bere buruaren inguruan, bai pertsonen inguruan, eta baita harremanak izateko moduaren inguruan (ere). Beraz, oso garrantzitsua da. Gainera, lagunak egiten dituzte, eta hori ezinbestekoa da garapen osasuntsua gerta dadin eta eskolan ikaskuntza asko izaten dira. Adibidez, arauak errespetatzea, eskolan dauden arau inplizituak zein esplizituak, eskolan eta beste erakunde batzuetan dauden rolen inguruan ikasten dute. Eskolan daude irakasleak, zuzendariak, jangelako langileak eta horien inguruan ikasten dute, badakite bakoitzak bere funtzioa duela, badakite beraiek ere beraien funtzioa dutela eta abar. Ikaskuntza handia jasotzen dute eskolatik.
Gurasoek, etxean irakasle izateko, zerbait ikasi behar dute?
Irakaskuntza hori egiteko zenbait modu daude, bereziki hiru izaten dira orokorrean. Batetik, guraso askok aprobetxatzen dute edo aprobetxatzen dituzten bizitzak edo haurrengan sortzen dituzten interesak, beharrak eta abar. Eta horietan oinarrituta abiatzen dira hezkuntza-prozesuan. Beste batzuk, berriz, hartzen dute hezkuntza formala, eskolatan aplikatzen dena, eta nolabait egokitu egiten dute bere haurren beharretara eta interesetara eta abar. Eta beste batzuk, besterik gabe hartzen dute curriculum formala, eta horri jarraitzen diote, besterik gabe. Beraz, ez da horrelako prestakuntza berezirik behar, hori bai, behar dena da motibazio handia, gogo handia eta dena emateko prest egotea.
Haurrei etxeko lanak bidaltzea ona da?
Umeek eskolan ordu asko ematen dituzte, lan handia egiten dute ordu horietan guztietan. Beraz, eskola bukatzen dutenean utzi behar zaie arnasa hartzen, nahi dutena egiten, jolasten, eta jolastea azpimarratzen dut, jolastea delako haurren oinarrizko premia bat beraien garapen orokorra, bai soziala, afektiboa, kognitiboa, fisikoa eta abar bermatzen duen jarduera bat. Jolasten ez badute, orduan arazoak izan ditzakegu. Gainera, jolasten asko ikasten da, haurrak motibatuta sentitzen dira ikastera eta ez hori pertsona batek esaten dielako “orain egingo ditugu ez dakit ze ariketa” horrek ez du asko motibatzen egia esan. Bai ordea, jolas baten inguruan, jolas batek asko motibatzen du eta haurrek asko ikasten dute. Orduan, uste dut, etxeko lanak ez direla sistematikoki eman behar. Beste gauza bat da, tarteka-marteka nolabaiteko ohitura bat hartu dezaten. Tarteka ez nuke esango ezetz, baina bueno, baina ez dadila, nire iritzi apalean, behintzat, ez luke ohitura sistematiko bat izan behar, salbuespen bat baizik. Beraz etxeko lanak ez.
