Aldizkari Digitala
Euskal Herria 11 Kolore
Joan den abenduan aurkeztu zuten, Euskal Herriak bizi duen jatorri eta kultur aniztasunaren inguruan gogoeta eta eztabaida bultzatzeko asmoa duen herri-ekimena.
Euskal Herria ia hiru milioi biztanle dituen herri plurala da, jatorri eta kultura askotako herritarrak biltzen ditu. Hain zuzen, pluraltasun horrek euskal kulturari eta euskal jendarteari ekar diezaiekeen aberastasuna abiapuntu hartuta, Euskal Herria 11 Kolore herri-ekimenak argia ikusi zuen joan den abenduaren 17an. Aurkezpenean kultura horietako zenbait ordezkarik azaldu zutenez, “herri-ekimena aniztasun honen inguruan gogoeta egiteko eta eztabaidatzeko sortu da”.
Samira Goddi ekimenaren bozeramaileetako batek jakinarazi duenez, “hilabeteetako lanaren ondorio” da Euskal Herria 11 Kolore. “Euskal Herrian bizi garen pertsona guztiok, bertan edo beste herri batean jaioak izanik ere, euskal herritarrak” garela aldarrikatzen dute eta “Euskal Herria bere herria dela sentitzen duena ere euskal herritarra” dela gaineratu.
EH 11 Kolorek Euskal Herriko herritar guztien eskubideen, betebeharren eta aukeren berdintasuna defendatu nahi du, “haien jatorria edozein dela ere, jatorri- edo identitate-arrazoiengatik izan daitezkeen diskriminazio-egoerak arbuiatuz, eta hura gainditzeko lan eginez”. Euskal gizartearen kultur aniztasuna ere babestu eta sustatu nahi ditu herri erakunde berriak eta jatorri askotako euskal herritarren arteko topaketako, elkarrekintzako eta elkarlaneko esparruen alde lan egingo du, “gure aniztasuna ikusgai bihurtuz eta elkar ezagutzako dinamikei bide emanez, elkarrekiko errespetua eta onarpena lortzeko”.
Azkenik, gogoeta, elkarrizketa eta etengabeko eztabaida bultzatu nahi dute euskal jendartean, “bizikidetza eraikitzeko asmoz, geure aniztasunetik abiatuta, denok parte sentituko garen gizartea osatuz”.
Euskara, “lokarri”
Pluraltasun honetan, kulturen arteko giltza euskara dela ere argi dute herri-ekimen honetan, eta horrela jakinarazi zuten adierazpenean: “Euskara euskaldunon hizkuntza izan da eta da gure historian zehar hiritarren artean partekatu dugun identitatearen adierazpen gorena; gure aniztasunean elkartu eta Herri egiten gaituen lokarria da; gizadiaren ondare da hizkuntza, eta kultura- eta identitate-aniztasun horri Euskal Herriak ematen dion jatorrizko mundu-ikuskera desberdindua”.
Atxikimenduak biltzen
Ekimen hau gure herriko gizarte-eragile zein erakunde ororen parte-hartzeari irekita dago. “Horregatik, eremu akademiko, kultural, sozial, heziketako eta sindikatu-arloko pertsona askok eta askok eztabaida hau geure gizartera eramateko ekimena hartu dugu”, aitortu du Goddi bozeramaileak. Webgunea ere martxan jarri du herri-ekimen honek (www.eh11kolore.org) eta bertan edonork eman dezake bere atxikimendua. “200 atxikimendu inguru bildu ditugu dagoeneko, jatorri askotakoak. Ekimena bera bultzatu zuen taldearen aniztasunari eusten ari ari zaizkio atxikimenduak”.
**************
Samira Goddi, EH 11 Kolore ekimenaren bozeramailea
“Euskara da aniztasun kultural eta linguistiko guztien arteko kohesiorako elementu nagusia”
Samira Goddik EH 11 Kolore ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu eta “aurretik aniztasunaren gainean zegoen interesaren ondorio” izan dela aitortu du.
Nola sortu zen ekimenaren ideia?
Abenduan aurkeztu genuen, baina lehenago alor askotatik interes berdintsu bat zegoen aniztasunari balio positiboan heltzeko. Ekimenaren helburua Euskal Herriak duen jatorri askotako mosaikoa onartzea, aitortzea eta bultzatzea da, jatorri guztiak Euskal Herriko errealitate direla aitortuz eta eskubide, betebehar eta aukera berdintasuna aldarrikatuz.
Orain arte ez da horrelakorik egin Euskal Herrian?
Gaur arte inork ez dio heldu aniztasunaren gaiari aberastasun gisa eta balio positibo gisa. Euskal Herria ez da jatorri bakarrekoa, bere ezaugarriak kontuan hartu behar dira, hau da, kanpora joan den herria da eta kanpotik etorritako jende asko dago. Honi guztiari heltzeko, beharrezko jotzen dugu etengabeko elkarrizketa eta gogoeta. Hori dena horrela planteatzen zuenik ez zegoen orain arte. Azkenean iritsi da aniztasuna modu honetan ikusteko unea. Elkarbizitzarako modelo propio eta herri- ekimenetik abiatutakoa eratu nahi dugu, guztion parte-hartzetik egina, eta geure neurrira egokitua.
Zer pauso emango dituzue aurrerantzean?
Datozen hilabeteotan bi ekitaldi izango ditugu. Batetik, kultura- eta kirol-alorreko ordezkariek agerraldi batean beren babesa emango dute, otsailaren 16an, Bilbon. Bestetik, martxoan, lehen aipatutako gogoeta zabaltze aldera, jardunaldiak antolatu ditugu, trukerako eta esperientziak partekatzeko. Baina pixkanaka goaz, ekimena prozesu bat da. Aurkezpenaren ondoren, atxikimenduak biltzeko epea zabaldu zen. Jendea batzeko gonbita egin dugu eta erantzun horrek zehaztuko du gure norabidea.
Adierazpenean hauxe esaten duzue: “Euskal Herrian bizi garen guztiok gara euskal herritar, baina ez euskaldun”.
Bertan bizitzeak egiten gaitu euskal herritar eskubide, betebehar eta aukera berdintasunarekin. Ondoren, identitate kontuetan sartzen gara. Euskal herritarrak ez du zertan euskaldun sentitu, baina argi izan behar dugu guztiek osatzen dutela bertako mosaikoa.
Mosaiko horretan, euskara da guztiok batzen gaituena.
Bai, aniztasun kultural eta linguistiko guztien artean zubiak eraiki behar dira, guztiak batu behar dira eta kohesiorako elementu gisa euskara planteatzen dugu. Ia mundu osoko jendea bizi da egun Euskal Herrian eta hori guztia euskarak batu behar du, aukera-berdintasuna bermatzeko, batetik, eta hizkuntzaren sostengurako, bestetik. Denek euskara erabiltzea da, hain zuzen ere, gure abiapuntua.
Eta hori nola lor daiteke?
Lehenik eta behin, denon artean esfortzua eginez eta euskararen muina zabalduz; hau da, zer den euskara, nola bizi garen euskaraz, euskaraz hitz eginez, ez dakitenek euskarara gerturatzeko baliabideak jarriz… Azken batean, euskara bere osotasunean erakutsi behar da, tresna bezala eta sentimendu bezala.
Interesting for you
Document library
-
Noelia Lataburu (Maramara taldea)
