detalle dokuteka-generico-fitxa

Euskal Herrian 100 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira

Arabieraren Munduko Eguna ospatzen da abenduaren 18an. Euskal Herrian 100 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira, eta gehien hitz egiten den atzerriko hizkuntza arabiera da.

Xabier Aierdi soziologoa Euskal Herrian dagoen hizkuntza aniztasunaz aritu da. 

Kike Amonarrizek gidatzen duen ‘Tribuaren Berbak’ saioak Euskal Herrian, euskaraz gaindi, hitz egiten diren beste hizkuntzei buruz galdetu du Euskal Babel izeneko saioan. Kalera irtetea nahikoa da inguruan atzerritar ugari ditugula eta bakoitzak bere hizkuntza duela ikusteko.

Xabier Aierdi irakasle eta soziologoari galdezka hasi da Kike Amonarriz lehendabizi. Inoizko aniztasunik handiena dugula baieztatu du Aierdik eta Unesco Etxeak eta Ikuspegik 2007 inguruan egindako ikerketa baten arabera,Euskal Herrian 100 hizkuntza baino gehiago hitz egiten direla jakinarazi du.

Eta horietan guztietan, arabiera da hiztun gehien dituen atzerriko hizkuntza. Aspalditik bizi dira gure inguruan arabiar hiztunak. ETB1eko saioak argitu duenez, arabiarrak 713. urte inguruan iritsi ziren Euskal Herrira lehendabizikoz. Casius konde bisigodoak islama besarkatu zuenean.

Eta gainera, gure hizkuntzan eragin dezente izan duen hizkuntza da. Euskarak arabieratik eratorritako hitz pila bat ditu; ‘al’ silabarekin hasten direnak horietako asko: albistegi, alkate,albaitari, alkandora…

Arabiera baldin bada Euskal Herrian hiztun gehien dituen atzerriko hizkuntza, gure artean hiztun gutxien dituena Okzitaniera da. Gure artean, Baiona eta Biarritz inguruan presentzia duen hizkuntza erromanikoa da. Frantziako estatuan eta munduan bi milioi pertsona inguruk hitz egiten dute, baina Unescok galtzeko arriskuan daudenen artean sailkatu du.

Okzitanierak hainbat dialekto ditu eta Lapurdin hitz egiten dena itsasaldeko gaskoia da. Garai batean, Gipuzkoako kostan ere hitz egin zen hizkuntza hau eta Donostiako izen asko horren ondorio dira: Urgull, Gros, Polloe, Morlans, Monpas, Aiete, Ulia, Miramon…

Euskararekin lotu izan duten beste hizkuntza bat Amazigera da. Guk bereberen hizkuntza bezala ezagutzen dugu, nahiz eta “Bereber” hitza Amazigera gutxiesteko erabili izan den. Afrika iparralde osoan hitz egiten da, eta bizirik iraun du arabieraren eta hizkuntza kolonialisten menpean.

Amazigerak eta euskarak hitz asko dituzte oso antzekoak: nekk-nik, akir-aker, aste-asto, aña-anai… Hala ere, duela urte dezente baztertu zuten bi hizkuntzen arteko ahaidetasun posiblea: Trask linguista estatubatuarrak frogatu zuen bezala, kasualitate hutsa izan liteke; azken finean bi orduko bilaketa labur baten ondoren, antzeko 65 hitz topatu baitzituen hungarieraren eta euskararen artean, bi hizkuntzek bata bestearekin zerikusirik ez izan arren.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Kike Amonarriz.- Kontxo, Xabier. Aspaldiko!
Xabier Aierdi.- Kaixo, zelan bizi zara? Ondo? Barrura?
K.A.- Goazen, goazen.
Xabier, esan liteke Euskal Herrian inoizko aniztasunik handiena dugula?
X.A.- Bai, bai. Aniztasuna inoiz baino handiagoa, hemen aniztasuna sortzen joan da, kanpotik etorri izan delako jende ugari, lehenengo eta behin Espainiatik eta aspaldian, ba, atzerriko herrialdeetatik etorri izan da, ezta? Eta orduan, aniztasuna gero eta handiagoa da eta hori maila gustietan ikusten da.
K.A.- Eta zenbat jende etorri da kanpotik azkeneko urte hauetan?
X.A.- Bueno, ba, ehun eta laurogei mila inguru kontsideratzen dut nik erkidegoan eta beste 65.000 edo Nafarroan. Nik esango nuke 200…ba milioi laurden.
K.A.- Eta horien artean zenbat hizkuntza hitz egiten dira?
X.A.- Bueno, ba hori datu kurioso bat da, UNESCO etxeak eta IKUSPEGIk egin genuen ikerketa bat 2007-2008an eta deskubritu genuen ehun eta zortzi hizkuntza ezagutzen zituztela hemen zeuden atzerritarrek.
K.A.- Ehun eta zortzi hizkuntza!
X.A.- Ehun eta zortzi hizkuntza ezagutzen zituzten.
K.A.- Beraz, hemen jada titular bat atera genezake: Euskal Herrian gaur egun ehun hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira.
X.A.- Bai, halaxe da.
K.A.- Jende askok aniztasun hau arriskugarritzat jotzen du euskararentzat.
X.A.- Bueno, alde batetik nik hori ulertu egiten dut. Hau da, ba azken finean hemen egon gara azkeneko urteetan euskalduntze-prozesu batean, alfabetizatze-prozesu batean, eta uste genuen ba egonkortuak zeudela kontuak… ba, halako batean, etortzen zaizu biztanleria berri bat eta badirudi berriro hasi behar duzula. Eta gainera pentsatu behar dugu ba biztanleria horren ba zati inportante bat ba gaztelerarekin datorrela. Bueno, ba hor, nolabait, ba alarma batzuk piztu izana logikoa da, baina nik uste dut hor ba hau ikusi behar dugula ere erronka berri bat egon litekeela, ba bai hizkuntza horiek nola tratatu behar ditugun eta euskarak berak ba zelan bide berriak aurkitu ditzakeen.
K.A.- Eta kanpotik etorri diren hizkuntza hauen artean, zein da gaur egun Euskal Herrian gehien hitz egiten dena?
X.A.- Bueno ba, zergatik uste duzu etorri garela hona? Ingurua begiratu ezazu, hemen gaude, teteria arabiar batean. Ba, arabiera.
K.A.- Arabiera.
X.A.- Arabiera, bai.
K.A.- Eta zuk uste duzu kaleko jendeak ere pertzepzio hori izango du?
X.A.- Ba igual bai.
K.A.- Ba, jakin dezagun.
Zein da, zure ustez, Euskal Herrian gehien hitz egiten den atzerriko hizkuntza eta zergatik?
Kaleko gizona 1.- Ba errumaniar asko etorri direlako kanpotik.
Kaleko gizona 2.- Momentu honetan arabiar gehiago dagoelako.
Kaleko gizona 3.- Etortzen diren bisitariak edo turistak gehienbat ingelesez hitz egiten dutela.
Kaleko emakumea 1.- Ez dut entzuten, baina ingelesa hemen jende askok daki, baina ez du hitz egiten. Orduan, hitz egitekotan, ba igual hori izango zen.
Kaleko emakumea 2.- Atzerritar asko dagoelako eta bereziki ba aljeriarrak, gertutasunagatik, asko etortzen direlako.
Kaleko gizona 4.- Iruditzen zait Errumaniatik etorritako, edo jatorri horretako jende asko izango ote den edo…
Kaleko gizona 5.- Ba nik uste dut jendea kanpotik etortzen denean-eta gurekin eta harremanetan jartzeko ingelesa erabiltzen dutela, eta haien artean ere bai.
Kaleko gizona 3.- Teorian igual ikasten da hemen ingeles asko, baina hitz egin ez dakigu hitz egiten. O sea que, eta txinatar asko etorri direnez… hori esango dut.
Kaleko gizona 6.- Ba atzerritar eta ikusten dira marokoarrak eta horrelako jendea, eta nik uste dut hori izan daitekeela.
K.A.- Xabier, ba erantzunetan uste baino aniztasun gehiago jaso dugu.
X.A.- Bai, baina bueno, pentsatu behar duguna da beharbada jendeak ba tokian tokikoak egin dezakeela pertzepzio desberdin bat ze agian bere inguruan ez dago hainbeste pertsona arabiera-eta hitz egiten duena edo Magrebetik etorritakoak, batez ere, ezta? Baina, hala eta guztiz, pentsatu behar duguna da ba hori bera dela inportanteena errumanierarekin batera.

detalle2

Document library

B2
11-29-2013

x61pRelaContWAR

16293349
04:22

x61pViewCountWAR

13519

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR