Dokuteka
Azken eguneko bidaia: Nire etxeari agur
Inork ez dizue sekula horrelako istoriorik kontatu. Inork ez dizue sekula nagoen toki honetatik hitz egin. Eta neuretzat ere ez da batere erraza nire oroitzapenetan murgildu eta horiek plazaratzea; baina, egia esan, behin eta berriz etortzen zait iragana orainaldira. Horrexegatik eman nahi dizuet horren berri.
Kristina dut izena eta agian nahikoa da esatea orain dela urte batzuk utzi niola bizitzeari. Gaur egun, ezinezkoa da niretzat istorio honetan aurkituko dituzuen pertsonaien bizitzaren parte berriro izatea. Betiko irten nintzen haien errealitatetik, eta orain eurentzat oroitzapen bat baino ez naiz. Baina iruditzen zait beti gauza bera gertatzen dela. Gauzak ezagutu egiten ditugu eta denborak, lehenago edo geroago, gure albotik eramaten ditu betiko. Eta, tamalez, ez dago haiek berreskuratzeko inolako aukerarik. Grinarik grinatsuena ere ez da nahikoa desio hori lortzeko, eta orduantxe, zauri hori nolabait ixteko ahaleginetan, gure oroitzapenetara jotzen dugu. Hots, gure iraganera.
Eta segidan datorrena nire iraganaren istorioa da, bai; baina ez noakizue orain nire bizitza osoaren berri ematera, ez horixe. Bizirik egon nintzen azken 24 orduez ariko natzaizue soilik. Nire azken eguna, goizetik gauera. Hori besterik ez. Zergatik azken egun hori bakarrik eta ez beste edozein egun esango duzue zuen kolkorako. Bada arrazoi bat, baina horren berri aurreraxeago izango duzue.
Azken egun hartan entzun nuen lehen ahotsa Dorarena izan zen, nire neskamearena. Esnatu berria nintzen orduan.
DORA: Egun on, andere! Altxatzeko ordua da!
"Ez, ezin liteke. Amesgaizto bat izan da, besterik ez" pentsatu nuen. Ba al zuen zentzurik ametsetan bizi izandakoagatik kezkatzeak?
DORA: Ene bada, zer gertatu da hemen? Zer kuxidade da hau, Kristina? Ba al dakizu ezer?
KRISTINA: Piztu ezazu argia, Dora.
DORA: Argia piztu, zertarako? Leihoak irekita egin duzu lo. Eta begira.
KRISTINA: Ene bada, leihoetako kristalak! Puskatuta daude! Zer demontre gertatu da hemen?
Nik banekien zer gertatu zen. Gertaera horrek gauza asko azaltzen zituen; baina hori ezin nion, inola ere, Dorari argitu. "Egia esaten badut, nork sinetsiko dit?" galdetzen nion neure buruari. "Norbaitekin hitz egin beharra daukat, lehenbailehen gainera".
DORA: Bart pertsianak itxita utzi nituela esango nuke. Ziur nago. Zuk ez zenituen irekiko, ezta?
Zurbil-zurbil nengoen orduan. Hala uste dut nik eta hala ikusi omen ninduen Dorak ere.
DORA: Andere, ondo al zaude?
KRISTINA: Ahots horiek... Nor ari da hor kanpoan hizketan?
DORA: Gaur San Joan bezpera da, Andere! Urtero bezala goizean goiz hurbildu dira herriko gazteak gure sutzarra prestatzera. Egun ederra egiten du, gainera; ikusiko duzu zein azkar alaitzen zaren!
Gisa horretan, nire orduko errealitatea zein zen gogoratu nuen pixkanaka: Dora zuzen zegoen, bai, hura San Joan eguna zen, urteko egunik luzeena; nik berrogehita hemezortzi urte nituen eta mundu honetan nuen familia bakarra neure alaba zen, Helena. Munduan gehien maita nezakeen pertsona. Eta uda inoiz baino zoragarriago ageri zen leihoaren bestaldean: bizi izango nuen azkena izango zen artean hasi berria zen uda.
DORA: Nola liteke horrelako leku ederrean egonda, norbaitek gerran pentsatzea, Andere?
Bai, hori ere egia da. Gure herrialdean gerra zen garai hartan, eta horrexegatik oso kezkatuta geunden guztiok; nahiz eta gure lurraldea, Jainkoari eskerrak, ordu arte zorte handikoa izan zen. Hilabete pare bat bazen inguruan bonbardaketarik izan ez zela. Eta ni, bien bitartean, ondoezik nengoen, ohean oraindik.
KRISTINA: Hotzak nago.
Dora niregana bueltatu zen, baina nik ezin nion besterik esan, beldur nintzen. Berak sinetsiko ez zidan beldur, hain zuzen ere.
DORA: Beno, ba orduan altxatu eta irten zaitez terrazara, udako eguzki berri honek berotu zaitzan, ados? Gainera, ez dut ulertzen Paristik ekarritako maindire artean lo gaizki nola egin daitekeen.
Dora maindireak bularraren kontra estutzen ari zen; eta, begiak itxiz, usaindu egiten zituen.
DORA: Duten euri usain honekin! Horrelako maindireekin ametsak ederrak izango dira beti, ezta? Usaindu eta berehala Parisko espaloi heze horietako batean zaude, gizon batekin eskutik helduta, "oh, la, la, Monsieur". Eta egunaren azken argi-izpiak desagertu aurretik, bera Nôtre Dameko kanpandorrean gelditzen da, beti zure zain. Orain ulertzen dut zergatik ez duzun lorik egin. Gau guztia Parisen batera eta bestera amodioa banatzen eman ondoren, egongo ez zara ba nekatuta?
Dorak beti nire ezpainetan irribarre bat marrazteko abilezia zuen, eta orduan ere ez zuen hutsik egin. Bere sentiberatasuna argi eta garbi agertu zen orduan, ametsetan ibili berriak ginela konturatu baitzen. Arnasa sakon hartuz hauxe esan zuen:
DORA: Nork esango luke gerra honetan maindire hauek usaintze hutsarekin zoriontsu izan daitekeenik, ezta?
Eta nik irribarre triste batez erantzun nion. Iruditzen zait tristurazko momentu hartan hasi zela nire barnean inoiz izan dudan desiorik biziena pizten: Helena. Berarekin, neure alabarekin, hitz egin beharra nuen. "Bai, gertatutakoa berari kontatuko diot, hori da" pentsatu nuen arazo bat zegoela kontuan hartu gabe: bere etxetik bost ordura bizi nintzela, herrialdeko maparen iparraldean.
GAZTEA: Aizue! Mesedez, ba al da hor inor? Bukatu dugu. Egurrak prest daude sutzarra egiteko!
DORA: Ongi da. Zaudete pixka batean. Banoa eskupekoarekin. Eta zu, Kristina, zutituta ikusi nahi zaitut ni bueltatzerako. Entzun?
KRISTINA: Ai, bste erremediorik ez badago...
Baina bazegoen, bai, gauzak beste era batean egiteko modua. Eta nik horrelaxe egingo nituen.
Sentitzen nuen zorabioaren erdian, ohetik salto egin, telefonoa hartu eta dei bat egiteko gai izan nintzen.
KRISTINA: Bai? Geltokiko arduradunarekin, mesedez. Eskerrik asko, bai (...)Samuel? Bai, Kristina naiz, egun on. Hamarrak eta laurdenetan izaten zen trenak bere hartan jarraitzen al du? (...) Bai, ezta? Ongi da ba; gorde iezadazu (gordeidazu) txartel bat. (...) Ez, ez da ezer larririk gertatu, baina derrigorrez hartu beharra daukat tren hori. (...) Ez, eskerrik asko. Jakobek eramango nau, txoferrak... Beno Samuel, eskegi egin behar dut, Dora dator eta ezin dugu segundorik galdu. (...) Oso ondo, bai. Orain arte.
DORA: Beno bada, bakoitzak badu orain bere eskupekoa.
KRISTINA: Dora, ezer esan aurretik... zera... Banoa, Dora.
DORA: Jaitsi zaitez ba. Kafea egin berria duzu.
KRISTINA: Ez, Dora. Alabarengana noa. "Laku magikora". Gogoan al duzu? Telefonoz deitu dit oraintxe bertan. Berak deitu dit.
DORA: Telefonoz? Ez dut ba txirrinik aditu!
KRISTINA: Hor kanpoan zeunden eta! Trena hartu behar baldin badut, mugitzen hasi beharko dugu, Dora.
DORA: Ez dut ezer ulertzen. Helenak berarengana joateko eskatu al dizu?
KRISTINA: Helenak oporrak gaur bertan hartzea proposatu dit. Eta ez du arrazoi faltarik. Zergatik elkar ikusteko beste hilabete pare bat itxaron?
DORA: Ez duzu ekipajerik, ez duzu arropa egokirik; ongi pentsatu al duzu?
KRISTINA: Horrelako gauzak, Dora, ez dira gehiegi pentsatzen. Egin egiten dira. Eta horrekin nahikoa izaten da. Komunera noa, minutu pare batean irtengo naiz. Ah, esan iezaiozu (esaiozu) Jakobi ordurako atean egon behar duela.
DORA: Gaur jaieguna du, ordea; ez dago hemen.
KRISTINA: Ai... Ongi da. Orduan zuk gidatuko duzu.
DORA: Zer? Gidatu nik? Urteak dira autorik gidatzen ez dudala, andere!
KRISTINA: Iraganeko ohiturak berreskuratzea garrantzitsua da, Dora.
Logelatik irtetear nengoen, baina azkeneko gauza esan behar nion:
KRISTINA: A, eta kanpoan nagoen bitartean, nahi izanez gero, euri usaineko nire ohe honetan egin dezakezu lo.
Biok barre egin genuen, baina bere algara alaia eta egiazkoa zen. Dena den, ez zuen denbora gehiegirik galdu, eta geltokirako bidean jarri ginen. Tren hura hartzen baldin banuen, orduan hasiko zen nire benetako bidaia. Inoiz izan dudan sekreturik itogarriena agerian uzteko egin nuen bidaia ahaztezin hura. Baina sekretu hori benetan askatzeko (argitzeko) gai izango al nintzen? Prest al nengoen orduan?
