Dokuteka
Hotzikarak 26: Urteurrena
|
Egilea: Ixiar Rojas |
Ugazaba: Sartu, sartu, atetik ez da ezer ikusten eta. Egon! Argia piztuko dizut.
Karlos: Egia esan, ondo dago. Oso ondo. Atsegina da, ezta Ane?
Ane: Bai. Aproposa astebururako. Zergatik ez dituzu leihoak irekitzen?
Ugazaba: Leihoak? Gero ez dira ondo ixten eta izoztu egingo zarete.
Karlos: Baina ez al du tximiniarik? Hori jartzen zuen bidaia agentziako propagandan.
Ugazaba: Hementxe tximinia, ez dago agerian, baina hementxe dago. Gero ekarriko dizkizuet erretzeko egurrak.
Ane: Itsasoa ikusteko balkoira atera beharko dugu orduan.
Ugazaba: Balkoitik, bai. Hemen logela, egongela, telebista eta guzti. Tximinia, esan bezala. Hemen komuna, eta sukaldetxoa.
Ane: Eta beste ate hori?
Ugazaba: Ate hori? Ez da benetakoa, apaingarri bezala jarri genuen, espazioa emateko.
Karlos: Bueno, dena primeran orduan. Ederki egongo gara, ezta laztana?
Ane: Bai.
Karlos: Urtebete da ezkondu ginela, ospatzera gatoz.
Ugazaba: Leku aproposa aukeratu duzue, benetan. Hemen egon zen azken bikoteak ez zuen joan nahi, pentsa.
Karlos: Ez naiz harritzen.
Ugazaba: Edozertarako, badakizue, alboko etxean bizi naiz. Txirrina jo, edo deitzea besterik ez duzue. Tori nire txartela, badaezpada... Gabon.
Karlos: Ongi... Ikusiko duzu zein gustura egongo garen, laztana.
Ane: Bai.
Ane: A ze bakea!
Karlos: Telefonorik ez, anbulantzien sirenarik ez, autorik ez. Ah, bi egun jarraian egingo nituzke ohean. Primerakoa zegoen afaria, ezta? Bakailaoa ezin hobea, eta hori atzo egindakoa zenik.
Ane: Ez zegoen txarra, eh?
Karlos: Tira, neska, animatu! Txanpan gehiago.
Ane: Oh, nahikoa edan dut dagoeneko.
Karlos: Tira laztana, azken kopatxoa. Edan goxo-goxo.
Ane: Ongi da, baina azkena, eh? Ez nuke bikoitz ikusi nahi.
Karlos: Je, je... hamabost urte genituenean bezala, gogoratzen?, a ze mozkorrak harrapatzen genituenak.
Ane: Ze izan da hori?
Karlos: Nik ez dut ezer entzun.
Ane: Nola ezetz? Urrats batzuk, atean.
Karlos: Ez al da txanpaina izango, Anetxu?
Ane: Ez. Ziur nago zarata zela. Hotz nago, zergatik ez dugu tximinia pizten?
Karlos: Kaka!
Ane: Zer duzu orain?
Karlos: Jabeak ez digu egurrik ekarri, neuk joan beharko dut bila.
Ane: Zurekin noa. Ez dut bakarrik geratu nahi.
Karlos: Je, je, je... hobeto zaude hemen ohea berotzen.
Ane: Nahi duzun bezala.
Karlos: Eta hau?
Ane: Zer duzu orain?
Karlos: Sarrera egurrez beteta dago. Hilabete oso baterako adina dago hemen.
Ane: Jabeak ekarriko zuen.
(argi-giltzaren hotsa)
Ane: Hauxe bakarrik falta zitzaigun, argirik gabe geratzea. Hor al zaude Karlos?
Karlos: Ez, bakarrik utzi zaitut. Lagunduko al didazu egurra sartzen?
Ane: Non zaude? Ez dut tutik ere ikusten.
Karlos: Atean.
Ane: Zergatik ixten duzu atea horrela?
Karlos: Ez naiz ni izan, haizea izango zen.
Ane: Argia, eskerrak, tira, sartu egurra behingoz eta piztu dezagun tximinia.
Karlos: Anetxu, ez dago egurrik.
Ane: Adarra jo nahian?
Karlos: Benetan desagertu egin da, beno, txanpainaren kontua da inondik ere. Badakit zer egingo dugun, telebista aurrean txintxo-txintxo eseri ezer gertatu ez balitz bezala. Eta gero, ohera.
Ane: Karlos, beldur naiz.
Karlos: Ez dugu zertan beldurtu, ados? Zu lasai, eseri eta kito.
Ane: Karlos, zure atzean!
Karlos: Zer?
Ane: Begiratu zure atzean!
Karlos: Begiratu, zer, ez dut ezer ikusten!
Ane: Zin dagizut, zin dagizut ez dela txanpaina izan, zure atzean dagoen lorontzia mugitzen ikusi dut, eskuinean zegoen, eta orain, orain ezkerrean dago!
Karlos: Baina hori, hori ezinezkoa da Anetxu! Zatoz hona, lasaitu. Hemen ez dago inor. Zu eta biok bakarrik gaude. Eta nik dakidanez, lorontziek ez dakite bakarrik ibiltzen. Ez da ezer gertatzen, ados?
Ane: Arrazoi duzu, txanpaina izango zen.
Karlos: Zatoz telebistara.
Ane: Ongi da. Ongi da.
(euri-hotsa)
Ane: Karlos, esnatu. Lokartu egin gara.
Karlos: Ah, non gaude? Zer egiten dugu logelan?
Ane: Ez al nauzu ohera zuk ekarri?
Karlos: Zuk ekarri ninduzula uste nuen.
Ane: Tira, tira, utzi behingoz ergelkeriak, sekulako ekaitza dago kanpoan eta zu galdera inozoak egiten.
Karlos: Orduan zuk ekarri ez banauzu, nork ekarri gaitu?
Ane: Isiltzeko!
Karlos: Lasai, ez ikaratu, mendiko linterna ekarri dut. Motxila gorrian dago. Kaka, ez dabil. Pilak aldatuko dizkiot.
Ane: Ezin al zenizkion etxean aldatu?
Karlos: Nola jakingo nuen ba argia joango zitzaigula? Ikusten? McGiber baino hobea naiz.
Ane: Eskerrak.
Karlos: Ane, Anetxu, zure atzean.
Ane: Nire atzean, zer?
Karlos: Ez mugitu, itzal bat ikusi dut.
Ane: Karlos, goazen hemendik oraintxe!
Karlos: Baina nora joango gara orain ekaitz honekin?
Ane: Ez dakit, bost axola, baina goazen etxe honetatik!
Karlos: Jabea, jabeari deituko diogu oraintxe.
Ane: Telefonoa ez dabil.
Karlos: Eskerrak nire mobila ekarri dudan. Non dago ugazabak emandako txartela?
Ane: Eta zuzenean bere etxera bagoaz?
Karlos: Ni ez naiz hemendik mugituko.
Ane: Txartela, aurkitu dut! Baina ez da ezer ikusten! Deseginda bezala dago.
Karlos: Zure esku ahurrean desegiten ari da. Ane, zer duzu? Zer duzu aurpegian? Zergatik begiratzen didazu horrela?
Ane: Ze galdu zaizu zuri etxe honetan?
Karlos: Ane, ez nago txantxetarako!
Ane: Ni ere ez.
(Zaplazteko-hotsa)
Ane: Baina, baina... zergatik jo nauzu? Erotu egin al zara?
Karlos: Eskerrak Anetxu, bidean azalduko dizut. Goazen hemendik oraintxe! Ane: Eta gure gauzak?
Karlos: Goazen!
(oin-hotsa)
Ane: Eskerrak azkeneko trena hartu dugun!
Karlos: Ane, zer zenuen etxean? Zergatik hitz egin didazu horrela?
Ane: Hitz egin, nola?
Karlos: Ahots horrekin.
Ane: Baina zertaz ari zara?
Karlos: Ez al zara gogoratzen? Ugazabaren ahotsarekin hitz egiten hasi zara.
Ane: Utzi txorakeriak, ados? Trenean gaude, arriskutik kanpo. Bihar bertan joango gara agentziara, epelak entzun beharko dituzte.
Karlos: Arrazoi duzu, ardura daitezela gure gauzez.
Ane: Karlos, zure atzean...
Karlos: Ez adarrik jo! Bale? Ez nago...
Ane: Atean, kristalaren bestaldean itzal bat ikusi dut.
Karlos: Rebisorea izango zen.
Ane: Zer da hori?
Karlos: Zer?
Ane: Lurrean dagoen paper hori!
Karlos: Etxeko jabearen txartela da.
Ane: Emaidazu niri, laztana!
Karlos: Ane!
Ane: Nik gordeko dut txartela hurrengo baterako.
Ane: Ze galdu zaizu zuri etxe honetan?
