Dokuteka
Hotzikarak 17: Ixo, mesedez!
|
Egilea: Ixiar Rojas |
(negarrak)
Eneko: Ai, ez, ez, ez, berriro ez, berriro ez. Mesedez! Ah, ezin dut gehiago.
Miren: Irratiarekin ez duzu isilaraziko.
Eneko: Zer nahi duzu ba egitea?
Miren: Aita guztiek egiten dutena. Gainera, zure txanda da orain. Ni altxa naiz lehen.
Eneko: Ezin dut, ezin dut. Ezin dut. Leher eginda nago.
Miren: Ados, neu joango naiz, baina azkeneko aldia izango da. Hodei, laztana! Banoa. Badoa zure amatxo, zure aita ohean geratzen den bitartean.
Eneko: Ah, zer nahi duzu ba nik egitea goizeko bostetan esnatu behar badut?
Miren: Eta nik zer?: ez al ditut bihar erosketak egin behar, etxea garbitu, bazkaria prestatu, eta gainera, Hodei zaindu?
Eneko: Ixo,ixo, ixo, mesedez, ixo! Ongi, neu joango naiz. Ixo!
Miren: Sehaska mugitu behar duzu, oso poliki, hamar aldiz.
(arnasa-hotsa)
Miren: Ah, ah! Korrika al zatoz?
Eneko: Zergatik ez duzu oraindik korridoreko bonbilla aldatu?
Miren: Ahaztu egin zait. Barkatu.
Eneko: Badakizu ezin dudala iluntasuna jasan.
Miren: Barkatzeko! Bihar bertan aldatuko dut. Eta Hodei?
Eneko: Ez naiz harritzen esnatu izana. Logelako leihoa zabal-zabalik zegoen; izoztuta zegoen gizajoa.
Miren: Ezinezkoa da, pertsiana eta guzti itxi dut.
Eneko: Zabalik zegoela! Haizea dabil kanpoan, eta ireki egingo zen.
Miren: Baina ezinezkoa da.
Eneko: Nire gurasoen antza duzu, ezinezkoa. "Ezinezkoa da" zioten beti sototik bueltatzen nintzen bakoitzean. Ezinezkoa zela zaratak entzutea, sotoan ez zegoela inor.
Miren: Zer duzu Eneko? Ongi al zaude?
(telebista-hotsa)
Eneko haurra: Aita, utzi lehiaketa ikusten, mesedez!
Aita: Oraindik hemen? Ohera, bihar ikastolara joan behar duzu eta.
Eneko haurra: Ez! Utzi lehiaketa ikusten.
Aita: Ohera esan dut! Aurretik ekarri garagardo bat, hau bukatu zait eta.
Ama: Ekarri niri ere beste bat.
Eneko haurra: Zergatik joan behar dut beti nik?
Aita: Ohera zoazelako.
Eneko haurra: Baina sotoan ez dago argirik. Eta beti entzuten dut ahots hori.
Ama: Ezinezkoa da. Sotoan ez dago inor.
Aita: Hamabi urteko neskak bezala kokilduta?
Eneko haurra: Ni ez naiz ezeren beldur.
(ate-hotsa)
Eneko haurra: Ahh!
(negarrak)
Miren: Eneko, Eneko, esnatu!
Eneko: Zer, zer gertatzen da?
Miren: Ongi al zaude?
Eneko: Arduratu zeure gauzetaz.
Miren: Ez al duzu umea entzun?
Eneko: Ai, ez, ez. Umea berriro ez, mesedez. Oi!
Miren: Neu joango naiz oraingoan. Lasai. Oso aurpegi zurbila daukazu. Eneko, zatoz mesedez, Hodei lurrean dago.
(negarrak)
Eneko: Zer gertatu da?
Miren: Hodei lurrean dago. Ez al duzu ikusten?
Eneko: Baina hori ezinezkoa da. Nola eroriko da ba sehaskatik?
Miren: Eta leihoa? Ikusi al duzu leihoa?
Eneko: Leihoa zabalik? Neuk itxi dut eta.
Miren: Ziur al zaude itxi duzula? Ez al zenuen amestuko?
Eneko: Ja, niri adarra jo nahian?
Miren: Eta orduan zer egiten du berriro zabalik?
Eneko: Eta nik zer dakit ba. Norbaitek zabalduko zuen.
Miren: Baina hori ezinezkoa da. Etxe honetan zu eta ni bakarrik gaude.
(telefono-hotsa)
Eneko: Joder, nor izango da ordu honetan?
Miren: Nik zer dakit?
Eneko: Ez da ba zure lagunen bat izango?
Miren: Oso ondo dakizu ez dela niretzat. Baina lasai, nik erantzungo dut.
Eneko: Isiltzeko!
Miren: Baietz, banoala!
Eneko: Isilduko al zara behingoz?
Miren: Bai, nor da? Nor da? Nor zara?
Eneko: Nor da?
Miren: Ez dakit, moztu egin du.
Eneko: Eta zergatik moztu duzu?
Miren: Inork erantzuten ez zuelako. Ixo, laztana. Ez da ezer, zure sehaskatxoan zaude berriro.
Eneko: Ai, eskerrak, sekula ez zela isilduko uste nuen.
Miren: Hainbeste joan-etorriekin garrantzitsuena ahaztu dugu. Bihar Hodeiren urtemuga da.
Eneko: Bi urte. Ezin dut sinetsi.
Miren: Eta ez diogu oparia erosi.
Eneko: Zuk uste konturatuko dela?
Miren: Jakina baietz. Zu ez al zara zure haurtzaroaz akordatzen?
Eneko: Ez. Oso gutxi gogoratzen dut nik. Ia ezer ez. Benidorm-eko oporrak, hori bai.
Miren: Ez al dago orain isilegi? Ongi dagoen begiratzera joango naiz.
Eneko: Ez, ezta pentsatu ere. Joaten bazara, igual esnatu egingo duzu. Zu ez zara hemendik mugituko.
Miren: Nola ezetz? Baina txantxetan ari al zara? Ez, askatu! Utzi nire zangoa!
Eneko: Zu ez zoaz inora hemendik.
Miren: Hodei! Hodei, non zaude? Eneko!
Eneko: Ai, ze demontre gertatzen da orain?
Miren: Hodei ez dago! Desagertu egin da! Eta leihoa, ikusi al duzu leihoa?
Eneko: Berriro zabalik?
Miren: Eta Hodei, non dago Hodei? Zer egin diozu? Esan, zer egin diozu Hodeiri?
Eneko: Miren, Miren, lasaitu! Sehaskan utzi dugu lehenago, ezta? Orduan hemen nonbait egon behar du.
Miren: Sehaska azpian begiratu dut, leku guztietan. Eta ez dago inon.
Eneko: Hori ezinezkoa da.
(telefono-hotsa)
Miren: Ni ez dut erantzungo.
Eneko: Ba nik ere ez.
Miren: Entzun al duzu?
Eneko: Ez. Nik ez dut ezer entzun.
Miren: Hodei, non zaude Hodei? Hor al zaude?
Eneko: Miren, nahikoa da, Miren, nahikoa da fartsa hau, entzun? Antzerki bat da hau.
Miren: Zergatik esaten duzu hori orain?
Eneko: Ez dago. Ez al duzu ikusten? Ez al duzu ikusten ez dagoela?
Miren: Nola ezetz? Hementxe zegoen oraintxe!
Eneko: Miren, Miren! Mesedez, nahikoa da, ezin dut gehiago, nahikoa da! Noiz onartuko duzu Hodei hilda dagoela, eh? Noiz onartuko duzu istripu hartan hil zela?
Miren: Ez jarraitu... Ez dut kontu hori berriro entzun nahi. Ez al duzu negar hori entzuten?
Eneko: Ah, begira, neuk ere entzuten dut. Lortu duzu; ni ere zoratzeko bidean jarri nauzu, Miren; nik ere entzuten dut. Baina, baina ez dakit nondik datorren. Ez dakit, ez dakit nondik datozen etxe honetako hotsak.
(negarrak)
