Detalle radionovelas

Sin imagen

Hotzikarak 1: Anbulantzia bat elurretan

 

Egilea:           Harkaitz Cano.
Musika:         Jean Louis Argus.

Zuzendaria:    Olatz Beobide.
Aktoreak:
Ritxi:             Jose Kruz Gurrutxaga.
Amaia:          Teresa Andonegi.
Umea:           Nekane Sarobe.
Mamua:         Felipe Barandiaran.
Kamileroa:     Aitor Gabilondo.
Aita:              Joxe Felipe Auzmendi.
Ama:             Marian Galarraga.



Ritxi: Uste baino beranduago helduko gara.
Amaia: Zu zinen amari bisita egin nahi zeniona.
Ritxi: Eta gaizki ez?, zer gutxiago! Sartu-atera bat besterik ez dut egin. Begira, begira gainera nola ari duen elurra.
Amaia: Laster kateak jarri beharko ditugu, bai.
Ritxi: Zergatik ez duzu musika hau kentzen? Buruko mina ematen dit.
Amaia:  Ez dut sekula ulertu zergatik diezun Gabonei horrelako ezinikusia, motel.
Ritxi:  Zer, zer nahi duzu egitea, ez bazaizkit gustatzen ez zaizkit gustatzen. Bale?
Amaia: Bale, bale, bale. Gidatu, eta gainera kopilotuaren gustua egin behar! Ea zerbait badagoen hemen!
Ritxi:  Eh, Amaia, kontuz!
Amaia: Ai, ai!
Ritxi: Gutxigatik!
Amaia: Baina nora zihoan anbulantzia hori?
Ritxi: Auskalo, auskalo.
Amaia: Bazen garaia!
Ritxi: Badakizu, anbulantzia alu hori ahaztu ezinik nabil oraindik, uf!
Amaia: Sua pizteko egurraren bila noa, e?
Ritxi: Joan zen urtean asko sobratu zen, sotoan egongo da zerbait. Aaaah, azkenik egun-pare bat zibilizaziotik kanpo: telefonorik ez, faxik ez, telebistarik ez. Ja, ja! Hau da hau mauka!... Nor da?... Baina, baina nor zara zu?
Mamua: Ez nauzu ezagutzen?
Ritxi: Ez!
Mamua: Iraganeko Gabonetako Izpiritua naiz, Rikardo.
Ritxi:   Ah, Amaiaren laguna zara. Ja, ze broma-klase da hau? Amaia, Amaia, non zaude? Igo gora. Zure laguna heldu da.
Mamua: Lasai, Rikardo. Amaia ongi dago dagoen lekuan egurraren bila. A ze sustoa lehen anbulantziarekin, eh? Ia zuenak egin du.
Ritxi: Nnnn... nola dakizu zuk hori?
Mamua: Nik guztia dakit Rikardo.
Ritxi: Urteak dira horrela deitzen ez didatela.  
Mamua: Baina zure aitak horrela esaten zizun beti, oraindik ere bai.
Ritxi:  Oso estua da gure aita, gauza guztietan.
Mumua: Bai, baita opariak ematen zizkizunean ere: zure arreba txikiarentzat izaten ziren beti jostailuak, eta zuretzat...
Ritxi: Eh, eh, eh... mesedez! Honek ez dauka inolako graziarik!
Mamua: Zatoz nirekin!
Ritxi: Baina zer da hau? Nire ama da!
Mamua: Mila bederatziehun eta laurogeigarren urtean gaude.
Ritxi: Ama, ama!
Mamua: Ez alferrik ahalegindu. Ezin zaitu ikusi.
Ama: Egongo al zara behingoz geldirik? Esan dizut oraintxe etorriko dela aita.
Umea: matxo, noiz irekiko ditugu opariak?
Ama: Aita etortzen denean, aita etortzen denean! Non dago Ritxi?
Umea: Telebista ikusten.
Ama: saiozu ba etortzeko, afaria prestatzen lagundu behar dit.
Ritxi:  Hemen nago ama, he... hemen nago.
Umea: Ritxi!
Ritxi: Hemen nago Nerea, hemen nago.
Mamua: Esan dizut ezin dizutela entzun.
Ritxi: Ez dut gehiago ikusi nahi; mesedez, goazen hemendik!
Mamua: Zaude, orain dator zure aita.
Umea: Aitatxo, Olentzero aspaldi etorri da, opariak ireki behar ditugu.
Aita: Oraintxe bihotza, oraintxe. Kaixo, laztana!
Ama: Kaixo.
Aita: Non dago Rikardo?
Ama: Telebista ikusten ari da.
Aita: Rikardo, zatoz hona! Zenbat aldiz esan behar dizut ez dudala egun osoa telebistaren aurrean pasatzerik nahi?! Garuna lehortuko zaizu!
Ritxi: Ni, Jainkoarren! Ni naiz eta. Goazen hemendik, ez dut gehiago ikusi nahi.
Mamua:  Zaude pixka bat!
Umea: Anbulantzia bat, ze polita... io,io,io...
Ritxi: Ezin dut gehiago hau ikusi, eraman nazazu hemendik, mesedez! Mamua: Nahikoa da bai, zatoz!
Ritxi:  Beti berarentzat izaten ziren nik nahi nituen opariak. Ez dakizu zer den hori.
Mamua: Bai, badakit.
Ritxi: Ez, ez dakizu. Badakizu urte hartan zer oparitu zidaten niri?
Mamua: Bai, badakit.
Ritxi: Erronbodun galtzerdiak eta eskolarako arkatzak.
Mamua: Zu zaharragoa zinen.
Ritxi: Bai, baina arreba jaio zenetik nire haurtzaroa infernu bat izan zen, dena helduek bezala egin behar nuen, eta hamar urte besterik ez nituen, joder!
Mamua: Benetan merezi izan zuela uste duzu egin zenuena egiteak? Esan nahi dut...
Ritxi: Nik ez nuen nahita egin, nik ez nuen nahita egin!
Mamua: Istripu bat izan zela esan nahi duzu?
Ritxi: Dudan jartzen duzu? Nik Nerea maite nuen, Nerea maite nuen.
Ritxi: Jauna, jauna... non demontre?
Amaia: Ah, egur hau heze-hezea dago, ez dakit balioko duen.
Ritxi: Nola?
Amaia:Norekin ari zinen hizketan Rikardo? Telefonorik ez zenuela ekarri behar esan zenidan, eh?
Ritxi: Nola deitu didazu?
Amaia: Nola deituko nizun ba, beti bezala, Ritxi.
Ritxi: Ez. Ez. Rikardo deitu didazu.
Amaia:Bai zera!
Ritxi: Baietz, ziur nago.
Amaia: Tira, agian bai, ez dakit, deskuidatu egingo nintzen.
Ritxi: Zatoz Amaia, zerbait kontatu nahi dizut.
Amaia: Zure arreba hil zenuen?
Ritxi: Zorte txar kontua izan zen, istripu bat.
Amaia: Jostailuzko anbulantzia bategatik zure arreba hil zenuen? Ezin dut sinetsi.
Ritxi: Esan dizut ez zela hori bakarrik izan. Istripu bat izan zen. Gainera, bera jaio zenetik ni ez nintzen existitu ere egiten nire gurasoentzat.
Amaia: Zure burua justifikatzen ari zara, munstro bat zara, Rikardo!
Ritxi: Esan dizut istripu bat izan zela, joder!
Ikusten? Gainera berriro ere Rikardo deitu didazu.
Amaia: Bere jostailu bat edukitzeagatik zure arreba hil zenuen.
Ritxi: Ezetz ba! Gainera, batere jostailurik gabe geratu nintzen. Gurasoek Nerea bere jostailuekin lurperatzea erabaki zuten. Eta horien artean anbulantzia. Badakizu? Nire argazki bat sartu nuen anbulantzian nire oroitzapen bat izan zezan. Gurasoei ez nien ezer esan, noski!
Amaia:    Burutik zaude Rikardo, beldurra ematen didazu. Banoa. Ezin dut zure ondoan minutu bat ere gehiago segi.
Ritxi: Amaia! Amaia! Nora zoaz? Egia esan dizut! Horrela eskertzen al... ?... Ah, ulertuko zenuela uste nuen. Kaka zaharra!
Mamua: Ondo egin duzu Rikardo, egia esatea da beti onena, zure kontzientzia askoz lasaiago egongo da egin behar duzun bidaia honetan.
Ritxi: Ikusten duzu zer lortu dudan? Zergatik etorri zara hona nire bizitza konplikatzera, e? Gabonak lasai-lasai pasatzera etorri gara hona, dena ondo zihoan, zu agertu arte.
Mamua: Dena ondo zihoala? Zure gurasoek ez lukete ba hori esango egia jakingo balute?
Ritxi: Nire gurasoek?
Ama: Ritxi!
Ritxi: Kaixo, ama!
Ama: Pasa, pasa, sartu barrura, zure aita berehala helduko da.
Ritxi: Eh... eh... ez, ez, ez.... Sentitzen dut, baina joan beharra daukat.
Ama: Gabon-gaua da, ez zarete afaltzera geratzen? Non dago Amaia?
Ritxi: Hori esatera etorri naiz, Amaia gaixorik dago ohean. Egundoko gripetzarra dauka, eta bera zaintzera joan behar dut.
Ama: Hara, bai zorte txarra!
Ritxi: Urteberri egunean, beharbada!
Ama: Eta Urtezaharretan?
Ritxi: Kanpoan afalduko dugu, "kotilloi" batean, badakizu.
Ama: Ja, kanpokoa beti hobea.
Ritxi: Tira, ama, joan beharra daukat eh?
Ama: Ondo da. Ondo da. Deituko dizuegu geroxeago.
Ritxi: Ez. Ez. Ez. Ama, lasai. Deituko dizugu guk; telefonoa kenduta daukagu, badakizu, Amaiari, bestela, bulegokoek molestatu besterik ez diote egiten eta.
Ritxi: Tira, tira. Ez da hainbesterako, gezur txiki bat izan da.
Mamua: Ja, ja! Gezur txiki bat... Tori!
Ritxi: Zertarako ematen didazu telefonoa?
Mamua: Zure gurasoen zenbakia markatu dut. Esaiezu bihar bazkaritan hor izango zarela.
Ritxi: Ba... baina... hori... hori ezinezkoa da, entzun? Eh... ah... oh... Ama? Kaixo, ama! Bai. Bai. A... Amaia? Askoz hobeto dago, bai. Goraintziak bidaltzen dizkizue... Aizu, ama, bihar... bihar hor izango garela bazkaltzen. Bai, bai. Ni ere pozten naiz.
Tira, bai. Gabon... Bai: gabon. Ondo lo egin.
Mamua:  Ikusten zein gutxi kostatzen den ama bat zoriontsu egitea?
Ritxi: Tira, buka dezagun behingoz komeria hau! Orain etorkizuneko Gabonak tokatzen dira, ezta? Benga ba, goazen etorkizuneko Gabonetara. Lehenbailehen egin, eta bakea!
Mamua: Oker zabiltza Rikardo, ez dizut etorkizuneko Gabonik erakutsiko, etorkizuneko Gabonetan zaude dagoeneko.
Ritxi: Nola?
Kamileroa: Marka da gero! Irteera bat egin, eta bidean beste auto bat jotzea ere...!
Mamua: Zer moduz dago?
Kamileroa: Gaizki. Oso gaizki.
Aizu, lehen atera garenean ez dizut galdetu, baina zu berria zara, ezta?
Mamua:    Berria ni? Ez. Aspaldi dedikatzen naiz honetara.
Kamileroa: Harritzekoa da orain arte elkarrekin ez egokitu izana, ezta?
Mamua:    Azkenean beti egokitzen gara.
Kamileroa: Bai. Hasieran, bata jantzi gabe zeundenean, beste norbaitekin nahastu zaitut.
Mamua:    Askori gertatzen zaie. Ez dakit zergatik inori ez zaion iruditzen medikua izan naitekeenik.
Kamileroa: Galtzen ari gara, badoakigu joder, galtzen ari gara... Zer egingo dugu?
Mamua: Lasai. Maite zuen jendearekin zituen zorrak kitatuta dituela uste dut.
Kamileroa:  Baina zer ari zara esaten?
Mamua: Gainera, beti gustatu izan zaizkio anbulantziak.
Umea: Io-io-io... hara amatxo, begira zer dagoen anbulantziaren barruan! Ama!
Ama: Zer da Neretxu?
Umea: Ritxiren argazki bat da; zergatik sartu du hemen?
Ama: Badakizu zein arraroa den zure neba! Beti gustatu izan zaizkio anbulantziak.

Atalak:

Atal kopurua
. Orrialdea (e)tik

detalle2

Dokuteka

B2
2006-06-23

x61pRelaContWAR

20656212

x61pViewCountWAR

3479

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR