Dokuteka
Azken eguneko bidaia: Zein da zure desioa?
Festa uzteko momentua iristear zegoen beraz, orain Helena eta Alexanderren egia jakinda. Kolpea hartu nuen, hori ezingo dut inoiz ukatu, baina alabarekin egiazkoa izateko bide bat ere bazen. Jada ezin nuen ezer galdu; bai, ordea, irabazi. Horretarako, irtenbide bakarra gelditzen zitzaidan: Helenari neure egia esatea.
Ideia hori buruan nuela egin nion aurre festaren azken txanpari. Ez dakit zergatik ez dudan argi eta garbi hitz egiten. Ez zen festari agur esateak beldurtzen ninduena, abadeari adio egiteak baizik.
HELENA: Festara noa zure berokiaren bila, ama. Oraintxe bueltatuko naiz.
Bai, Helenak gu biok bakarrik utzi gintuen orduan. Abadea parean nuen, begirada goibel harekin.
KRISTINA: Aldatu aurpegi hori. Pozik egon behar zenuke.
ABADEA: Nola egongo naiz ba pozik, Kristina? Elkar ikusten dugun azkeneko aldia izan daitekeela pentsatzen dudan bakoitzean...
KRISTINA: Entzun, abade. Jendeak maite zaitu, zuk haiek maite dituzu, eta gainera herri honetan, laku magiko honetan, emango dituzu zure bizitzako azken urratsak. Ai, sekulako inbidia dizut. Aprobetxa ezazu duzun zortea.
ABADEA: Zu ezagutzea izan da niretzat zorterik handiena.
KRISTINA: Pertsonok ez gara ezer denboraren aurrean. Bizirik gauden bitartean besteengatik egiten ditugun gauzak mantentzen dira soilik.
ABADEA: Galdera bakoitzerako beti duzu erantzunen bat.
KRISTINA: Zeu ere arazo bat izan dudan bakoitzean hortxe egon zara fidel-fidel.
ABADEA: Horrek ez dauka garrantzirik orain. Eta ikusiko duzu nola gaur ez duzun kanpai-hotsik entzungo.
KRISTINA: Sokak moztu dituzu, ezta?
ABADEA: Noski. Horregatik egon zaitez lasai.
KRISTINA: Eman berokia, Helena. Eta esan iezaiozu (esaiozu) agur abadeari.
ABADEA: Kontuz ibil zaitezte, ondo zaindu ezazu ama, Helena.
HELENA: Neure esku. Estatu Batuetatik bueltan ikusiko dugu elkar, abade. Eskerrik asko.
ABADEA: Agur, Kristina.
KRISTINA: Ikusi arte, abade.
ABADEA: Beti arte, Kristina.
Ate hura itxi eta kalera irten ginen. Baina jada ez nuen sentitzen gaua hain beroa zenik. Bat-batean, tenperaturak behera egin izan balu bezala, berokia soinean janzteko beharra izan nuen. Pentsamenduan abadearen azken begirada hura, nahigabeak zapalduriko begirada hura izango nuen betiko marraztuta.
HELENA: Ondo al zaude, ama?
KRISTINA: Bai, noski. Ez kezkatu.
HELENA: Igo gaitezen orduan autora. Lakuko bidera, mesedez.
GIDARIA: Ederki, goazen ba.
Gidariak atzean utzi zuen Ameliaren etxea. Festaren argiak eta soinuak ere distantzian galtzen joan ziren, betiko agian.
Baina ez gaitezen triste jarri; ez nuke nahi inork nire istorioa guztiz garratza dela pentsatzea. Oraindik gauza zoriontsu eta eder asko nituen bizitzeko gau hartan. Ea ba, nondik has naiteke? Buelta gaitezen autora, Helena eta biok festatik bueltan gentozenean, ustekabeko bat gertatu zen.
HELENA: Mesedez, gidari jauna, geldi ezazu autoa.
KRISTINA: Baina zertan ari zara, Helena? Zergatik gelditu behar dugu hemen?
HELENA: Ez dugu presarik barkua hartzeko, lehenago gauza bat erakutsi nahi dizut.
GIDARIA: Ez al zenuten ba lakuko bidean jaitsi behar?
HELENA: Ideiaz aldatu dugu, hementxe geldituko gara. Tori.
GIDARIA: Eskerrik asko. Um, ez dago gaizki, ez. Agur, andereak!
KRISTINA: Ur-errota batean gaude; zergatik, Helena?
HELENA: Ez al duzu uraren soinua aditzen? Zatoz, zatoz hona.
KRISTINA: Zertarako ekarri nauzu toki honetaraino? Hozten ari du.
HELENA: Hau leku berezia da. Jar zaitez zubi honen gainean eta begira ezazu orain uretara.
KRISTINA: Uretara? Ene...Txanponak daude eta errekan!
HELENA: Hori da. Ba al daukazu txanponik? Desio bat eskatu nahi dut.
KRISTINA: Baina diru-zorroa zuk zenuela uste nuen nik.
HELENA: Hau komeria! Etxean utzi dugu orduan. Patrikan nituen azken txanponak gidariari eman dizkiot, gainera.
KRISTINA: (barreak)
HELENA: Zer duzu? Zerk egiten dizu hainbesteko grazia?
KRISTINA: Orain ezingo dugula desiorik eskatu.
HELENA: Egia da, bai, baina ordu batzuk barru Estatu Batuetarantz irtengo naiz Alexanderrekin, eta horrek mundu honetako pertsonarik zoriontsuena sentiaraziko nau.
KRISTINA: Maite duzu, ezta?
HELENA: Gauza bat esango dizut. Txikitatik, amodioaren gai honekin engainatu egiten gaituzte. "Printze urdin" horren istorioa kontatzen dizute, eta zu mutil perfektu horren zai geratzen zara, zaldi gainean etorriko dena. Baina egun batean konturatzen zara zure bizitza partekatu nahi duzun pertsona horrek izen arrunta duela, bizikletaz ibiltzen dela eta, gainera, zure udako etxetik kilometro pare batera bizi izan dela beti. Orduan ez duzu ezer ulertzen. Zentzurik ba al dauka "printze urdin" horren zain egoteak? Aita zure ametsetako gizona izan zela esango zenuke?
KRISTINA: Oraingo emakumeak zorrotzagoak zarete gauza guztietarako. Gure adinekook, aldiz, bestela ikusten genituen gizonak.
HELENA: Beraz, aita zure "printze urdina" izan zen...
KRISTINA: Begira, berarekin sufritu ere egin nuen, baina ez da harritzekoa, nire bizitzaren erdia baino gehiago bere alboan eman nuen eta. Dena den, aita pertsona berezia zen. Zu zinen berak bizitza honetan zuen gauzarik kuttunena.
HELENA: Neuk ere bihotzez maite nuen, inork baino hobeto dakizu zuk hori.
KRISTINA: Gaur gauean bere azken oparia izan zena eman didazunean, ez dakizu zein zoriontsu sentitu naizen. Inoiz ikusi dudan poltsikoko erlojurik ederrena da, gainera.
HELENA: Ama, nahi al duzu etxera abiatu baino lehen Alexanderrek eta biok kaialdean dugun ganbara hartatik pasatzea?
KRISTINA: Ganbaratik? Eta zertarako pasatuko naiz ni handik?
HELENA: Opari bat daukat zuretzat. Oraingoan ez da aitak egindakoa. Nik neuk egindako zerbait da, besterik ez.
KRISTINA: Zerbait berezia al da?
HELENA: Bereziki zoriontsu egingo zaituen zerbait da, horretaz ziur egon zaitezke.
KRISTINA: Emozionatu egingo al naiz?
HELENA: Ganbara zein dotore jarri dugun ikusi beharko zenuke ama!, hori bai, kontu handiz ibili behar dugu Maria lo egongo da eta.
KRISTINA: Nola? Mariak ganbara horretan egiten al du lo?
HELENA: Bi hilabete daramatza horrela,... Itxaron pixka bat, ama, ez al zitzaizun eskutitz bat iritsi orain dela hilabete pare bat? Edo, noski, bidean galduko zen?!
KRISTINA: Ba ez naiz gogoratzen; gerra dela eta hor galduko zen bai bazterren batean. Zergatik, Helena? Zer esaten zenidan bertan?
HELENA: Mariaren atsekabeari buruz idatzi nizun gutun hartan.
KRISTINA: Mariaren atsekabeari buruz? Ezer baino lehen, badakizu gaur trenean elkar ikusi dugula, ezta? Ez nizun ezer esan nahi, baina nahiko goibel ikusi dut, barre egiten saiatzen zenean antzematen zitzaion, batez ere.
HELENA: Orduan ez dakizu aurten zer gertatu zaion.
KRISTINA: Hitz egin ezazu (egintzazu), Helena. Zer demontre gertatu zaio?
HELENA: Bera ere... alargun geratu da aurten, ama, orain dela bi hilabete eskas.
KRISTINA: Zer? Bera ere senarrik gabe geratu al da?!
HELENA: Bai. Ezagutzen al zenuen Martin?
KRISTINA: Ez, baina autoan kontatuko didazu istorio hori.
HELENA: Nola autoan? Etxera al goaz horrela, bat-batean?
KRISTINA: Baina ez al zenuen ganbarara joan nahi, Helena? Joan gaitezen ba harantz. Ea autoren batek hartzen gaituen.
HELENA: Ez dugu dirurik eta!
KRISTINA: Begira, hortxe dator bat: "mesedez, barkatu!!"
GIDARIA 2: Gabon. Sar zaitezte barrura.
KRISTINA: Barkatu, gidari jauna, kaira joan nahi dugu, eta ez daramagu dirurik aldean...
GIDARIA 2: Ez zaitezte kezka, etxera iristen zaretenean konponduko gara.
KRISTINA: O, ze jatorra. Sartu, Helena.
HELENA: Kaiko kale barrenera, mesedez. Bigarren ataria. Ez ezazu denborarik gal!
Eta orduantxe jarri ginen Helena eta biok ganbarara bidean. Egia esan, ez zen Helenaren oparia gehien erakartzen ninduena, baizik eta Mariaren kontu hura. Senarra hil berria izanik, haren esperientzia, agian, lagungarria izan zitekeen niretzat. Nola jokatu ote zuen haren senarrak hil aurreko egunean? Hura jakitea zen nire desioa.
