Dokuteka
Jon eta Jone 31: Aseguru saltzailea I
Esketx laburra. Atea jotzen dute etxean.
Aseguru saltzailea dator eta berarekin elkarrizketa du, aurretik neskak ondoren mutilak.
Din-don!
Jon.- Jone! Ireki ezazu atea, mesedez!
Jone.- Baina pijamatan nago eta!
Jon.- Eta ni komunean.
Jone.- Bale, baina amaitzen duzunean hemen ez banago zure errua izango da, igoal bahitzaile bat da eta berarekin eramango nau.
Jon.- Beno, arriskatuko naiz.
Jone.- Bai?
Aseguru saltzailea.- Egunon, andere.
Jone.- Egunon.
Aseguru saltzailea.- Begira, andere, bi minutu ba al dituzu? Zuretzat oso interesgarria izan daitekeen zerbaitetaz hitz egin nahi dut zurekin.
Jone.- Ez dut uste beharrezkoa denik, beitu (begiratu), honezkero ezagutzen dut mormoien erlijioa, Smith eta konpainiarena.
Aseguru saltzailea.- Zertaz ari zara?
Jone.- Gainera zuek beti binaka etortzen zarete, Elder 1 eta Elder 2. Non laga duzu beste misioneroa?
Aseguru saltzailea.- Barkatu, uste dut nahasten ari zarela.
Jone.- Jehovakoa zara, hori fijo, horiei hona bueltatzeko gogorik ez zaie geratzen.
Aseguru saltzailea.- Barkatu, andere, baina uste dut...
Jone.- Eta argi da Hare Krisna bat ez zarela.
Aseguru saltzailea.- Andere, ni Lagunarokoa naiz.
Jone.- Nongoa?
Aseguru saltzailea.- Lagunarokoa.
Jone.- Eta hori zer da, soziedade gastronomiko bat edo zer?
Aseguru saltzailea.- Ez, ez, aseguruak. Ez al duzu irratian iragarkia entzun?
Jone.- Ba, ez. Irrati iragarkiei ez diet inongo jaramonik egiten, egia esan.
Aseguru saltzailea.- Aizu, andere, galdera bat: bakarrik bizi al zara?
Jon.- Aizak, eta hik zertarako jakin nahi duk hori, e? Ziur al hago Lagunarokoa haizela? Identifikatu hadi, aber.
Aseguru saltzailea.- Tori, tori, hementxe nire txartela.
Jon.- Eta zertara etorri haiz ba, aber.
Aseguru saltzailea.- Lagunaroko seguru-agentea naiz.
Jone.- Bai, hori esan diguzu lehen.
Aseguru saltzailea.- Etxe honetako jabeak ote zareten galdetzen dizuet. Hala bada, aseguru poliza berri baten abantailak esplikatuko dizkizuet.
Jon.- Gu etxe honen jabe gaituk, bai, eta bankua gure jabe.
Aseguru saltzailea.- Beno, bale.
Jon.- Ba niri batere graziarik ez dit egiten, e?
Aseguru saltzailea.- Begira, nik hemen uzten dizuet informazioa eta datorren astean pasako naiz lasaiago hitz egitera. Ondo iruditzen zaizue?
Jone.- Beno, bale, bai.
Aseguru saltzailea.- Nik uste dut merezi duela gainera, nik horrelako poliza bat badut etxean eta nahiko konpletoa da, eta gainera prezio polita du. Beno, ni banoa, mila esker atea irekitzeagatik.
Jon.- Baina ez didak esan zergatik galdetu diok ea bakarrik bizi den, e? Nik dakidala horrek ez dauka zerikusirik polizarekin, etorri hadi.
Aseguru saltzailea.- Barkatu, presaka nabil, itzuliko naiz, pentsatu eskaintzan mesedez eta hitz egingo dugu datorren astean.
Jon.- Nik uste bahitzailea zela, e?
Jone.- Ba ez zegoen batere txarto!
Jon.- Ah ez, e? Aurrerantzean nik irekiko dut atea.
Jone.- Bale. Baina hurrengo batean bota komuneko bonba atera etorri aurretik, usaina honaino heltzen da eta.
