Barrengaizto

Lambro ibaiaren bazterrean datza hamahiru urteko Francesca, uharriak lepondoan eta ipurdi biluzian iltzatzen zaizkiola eta gainean gizon baten gorpua duela. Hurbil du Maddalena, uretan belauniko, lohiturik eta eztulka. Urtebete lehenago hasi zen bi neskatxen arteko harremana, Francesca txunditurik gelditu baitzen denek “Barrengaizto” deitzen zuten haren izaera matxinoarekin. Arau sozialak beste ezeren gainetik betearazten dituen amari entzungor eta kaleko mihi gaiztoek diotena gorabehera, Francesca Maddalenaren lagun taldera bilduko da bizitzeko molde askeago batez jabetu nahian.

EGILEA: Beatrice Salvioni

ITZULTZAILEA: Fernando Rey

ARGITALETXEA: txalaparta

ARGITALPEN-URTEA: 2024

 

Hona pasarte bat ( 17. or.):

Barrengaizto deitzen zioten, eta ez zen inoren gustukoa. Haren izena esate hutsak zorte txarra ekartzen zuen. Sorgina zen, heriotzaren hatsa eransten dizuten horietakoa. Deabrua zeukan barrenean, eta nik ez omen nuen harekin hitz egin behar.

Urrutitik egoten nintzen hari begira, igandeetan. Amak orpoan zauria egiten zidaten zapatak jantzarazten zizkidan, baita pinportaz betetako galtzerdi luzeak eta soineko hoberena ere, inondik inori zikindu behar ez nuena. Izerdiak irrist egiten zidan lepondoan behera, eta galtzerdi luzeek, ibiltzean, erre-edo egiten zizikidaten izterrak.

Barrengaizto behean zen, Lambron, aditzez baizik ezagutzen ez nituen bi mutilekin: haietako bat, beso-zangoak oilasko-hezurrak bezain meheak zituena, Filippo Colombo izenekoa; eta bestea, Matteo Fossati, bularra eta besaburuak San Francesco kaleko merkatuko gantz distiratsuko idi laurdenak bezain mardulak zituena.

Pages: 270
C1
04-11-2024
31214134
328