irakurgai-mailakatuak-fitxa
Nafarroan filosofatuz
Hau ez da filosofia-liburu bat. Ez, behintzat, hori soilik. Zenbait pasarte irakurrita, bidaia-liburua dirudi, historiako datuez osatuta.
Heletako idazle kirolzale honek herri batetik bestera oinez doala, bidean, hainbat kontu eta bisitatzen dituen herri horien harira gogoeta batzuk etorri zaizkio burura eta liburu honetan jaso ditu. Aipatzen dituen tokiak hauexek: Orreaga, Zubiri, Zizur Txikia, Gares, Lizarra, Urantzia, Viana, Iruñea, Lizarra, Irati ibaia eta Bardeak. Eta aipatzen dituen hainbat pertsonaia historikoren eta bestelakoen artean hona batzuk: Averroes, Platon, Bilintx, Axular, Nieztsche, Bartali, Coppi, Iribar, Isebelle Queval, Unamuno, Joxe Azurmendi…
Egilea: Piarres Aintziart
Argitaletxea: Elkar
Argitalpen-urtea: 2015
Hona Bardeak izeneko kapitulutik hartutako pasarte bat:
Bardean sartua naiz, edo bederen errepidea haien eremuan dabil. Biribilgune konplikatua. Eskuin, Cadreita, eta berehala Errioxako Alfaro: egundaino ez dut nehon honenbeste zikoina ikusi! Valtierra, Yugo mendilerroaren pean luze-luze etzana. Musa Ibn Musa errege musulmanaren erreinuko zati bat zen hiria: lau mendez iraun zuen botere horrek, Alfontso I.a Borrokalariak berreskuratu zuen arte, 1110ean. Musa hau, Musa Ibn Fortun eta Onekaren semea zen, eta Eneko Aritzaren anaiaordea. Baskoiak –baskunes edo bashkunish ere erraten zen- eta musulmanak maiz elkartzen ziren, interes komunak izanki eta ere ezkontza-loturak. Ez dakit noiz aita saindu batek baskoien eta musulmanen arteko elkartasuna gaitzetsi zuen.
(179. or)
