Docutec
Filosofiaz
“Filosofiaz?”, galdetuko diozue zeuen buruari batek baino gehiagok. Euskara ikastea filosofiaz hartu behar da; azkenean, helduko da une bat non filosofiaz hitz egiteko gai izango garen. Oso ondo, baina ba al dakigu zer den Filosofia?
Naiz Irratiko Pentsatzeko txokoa saioan, Maitane Nerekan Umaran aurkezleak Imanol Alvarez Varela eta Agustin Arrieta Urtizberea filosofoak gonbidatu ditu. Ataka larrian jarri ditu lehen galderan, ez baitie galdetu ea zer den filosofia, ezpada filosofia zer ez den. Filosofatzeko tartea izango dugu.
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Absurdora eramatea. Arrazoibide logiko eta erretoriko bat da, baieztapen bat faltsua edo zentzugabea dela frogatzeko erabiltzen dena. Latinezko reductio ad absurdum esamoldea du jatorri. |
Maitane Nerekan Umaran: Horregatik, hortik abiatuko gara; baina nik, ba, konplikatuago egiteko hasi nahiko nuke “Zer ez da?” galdera hori, ez?, ze nahiko pedante jartzen gara batzuetan filosofoak esaten filosofia zer den, zeintzuk diren bere (haren) dohainak eta hori guztia, baina, agian, ariketa zailagoa da esatea zer ez den, ez?, filosofia, edo zertarako balio ez duen.
Imanol Alvarez Varela: Nahiko… Hori ere… Bueno, lehenengo, eskerrik asko gonbidapenagatik. Egia esan, nahiko filosofikoa da, hori ere bai, ez?, absurdorako erredukzio hori (absurdora eramate hori) hastea zer ez den galdera horretatik. Ba, nik esango nuke muturretatik ihes egiten duen zerbait dela filosofia, ze, azkenean, filosofia ez da zientzia, erantzun bakar bat (bakarra) ez duten auzietan edo galderen inguruan mugitzen den zerbait delako; argudiatu daitezke (daiteke) auzi horien inguruan, argudiaketa posible da, ez da iritzi-kontu soila, baina ez dago erantzun bakar bat; orduan, ez da zientzia. Baina ez da... Ez da dibagatzea ere ez (Ez da zehaztasunik gabe hitz egitea ere), zeren uste dut badagoela batzuetan gizartean filosofiaren ulermen edo gaizki-ulertze bat, eta da lotzea filosofatzea dibagatzearekin, ez? Uste dut filosofatzeak ere eskatzen duela zorroztasun argumentatibo bat (zorroztasuna argumentuak ematean).
Agustin Arrieta Urtizberea: Bat nator. Bueno, lehenik eta behin, eskerrik asko gonbidatzeagatik, plazera da zuek (zuokin) biokin egotea eta…. Eta, bueno, bat nator Imanolek dioenarekin. Nik erantsiko nuke, akaso, bueno, filosofia hitzak adierazten duela horrelako ezagutza-gosea, jakiteko gosea, ulertzeko gosea. Eta uste dut gose hori diziplina askok partekatzen dutela; segur aski, literatura-idazleek ere halako gose bat dute; segur aski, erlijioetan dabiltzanek ere halako gosea badute; baina, orduan, sartu behar dira bereizgarriak bereizteko, filosofia horietatik ez nahasteko. Eta, esate baterako, Imanolek esan duen bezala, filosofia ez da zientzia, baina zientziarekin gose hori partekatzen du. Baina badauka bereizgarri interesgarri bat, eta da filosofiak ez duela inongo mugarik ―bueno, bat izatekotan, agian, da pentsamenduaren muga bera edo hizkuntzaren muga bera; gaien aldetikan (aldetik) ez dago mugarik―, eta zientzien kasuan hori ezin da esan: zientzia bakoitzak dauka bere bidea, dauzka bere harresiak, ezker eta eskuin.
Esango nuke filosofia, nahiz eta gose hori filosofiak partekatzen duen literaturarekin, filosofia ez dela fikzioa: literaturan fikzioak eraikitzen dira; filosofian ez dut uste hori egiten denik; argumentatu behar da, Imanolek esan duen bezala; justifikatu behar dira iritziak, ahalik eta sendoen...
Eta erlijioekin ere, agian, gose hori partekatzen badu ere, uste dut oso diferentea dela (diferenteak direla) filosofiaren bidea eta erlijioarena: erlijioaren bidea oso dogmatikoa da, oso mugiezina da, kritikarako joera (joerarik) ez dago, apenas; eta, filosofiaren kasuan, egoera oso bestelakoa da.
Orduan, bueno, bidelagun asko dauzka, eta niri asko gustatzen zait beti azpimarratzea filosofiak hitz egin behar duela bidelagun horiekin guztiekin, oso transbertsala dela, baina beti egin behar duela modu kritiko batean (modu kritikoan).
