detalle dokuteka-generico-fitxa

Kafe-usnariak

Aberasteko ―edo, sikiera, ez pobretzeko― modu bakarra dago: dugunetik asko saldu, eta ez dugunetik gutxi erosi. Herrialde-mailara eramanda, inportatu baino gehiago esportatu. Historian, pasadizo bitxiak gertatu dira horren inguruan.

 
Prusia, 1777ko irailaren 13a, Frederiko II.a Handiak dekretu bat jarri zuen indarrean kafearen kontsumoa murriztu eta garagardoarena sustatzeko asmoz. Dekretuak zera esaten omen zuen, gutxi gorabehera: “Herritar guztiek kafea kontsumitzen dute. Ahal bada, hori saihestu behar da. Herriak garagardoa edan behar du. Erregea garagardoarekin hazi zuten, bere arbasoak eta ofizialak bezala. Garagardoz elikatutako soldaduek gudu asko borrokatu eta irabazi dituzte; eta erregeak ez du uste soldadu kafezaleen baitan dagoenik zailtasunak pairatzea eta etsaiak mendean hartzea, gerraren bat piztuko balitz”. Dekretuaren hitz zehatzik ez da gorde, baina Frederiko Handiak hainbat gutunetan idatzitakoa bildurik ondorioztatu dute historialariek aginduaren edukia. 

Monarkak behin eta berriro goraipatu zituen garagardoaren propietateak, bere esperientzia propioa argudiotzat hartuta, baina gutxitan utzi zuen agerian neurriaren benetako arrazoia: “Higuingarria da nire menpekoek kontsumitzen duten kafe kantitateak gora nola egin duen konturatzea, eta ondorioz gure herritik dirutza nola joaten den ikustea” idatzi zuen, neurriaren atzean arrazoi ekonomikoa zegoela agerian utzita. 

Kafea inportazioa zen prusiarrentzat eta, beraz, irabaziak atzerrira joaten ziren. Horregatik, garagardoa sustatzea erabaki zuen, barne produktua zelako. Baina kafe kontsumoa murriztu eta, gainera, ahal zen neurrian, atzerriko produktu hari etekina ateratzeko bidea ere topatu zuen: kafea atzerritik zetorren, baina Prusian bertan txigortzen zuten; txigortzeari salmenta prezioaren gaineko %150eko zerga ezarri zioten, eta lehengaiak soilik gobernuaren bitartez lor zitezkeen. Hala, kafea soilik luxuzko produktu bihurtu nahi izan zuten. 

Baina ez zuten lortu. Kafea kontrabandoaren bidez sartu eta gobernuaren baimenik ez zuten txigorgailu ezkutuetan prozesatzen hasi ziren. Kafearen usain bereizgarriak, ordea, Frederiko Handiari mesede egin zion, eta gobernuak ehunka soldadu eta funtzionario atera zituen kalera, txigorgailu klandestinoak usaimenaren bidez antzemateko. Baina usnarien ejertzito berezi hark ere ez zuen lortu prusiarren kafe kontsumoa murriztea; alderantziz, Frederikoren erregealdiaren amaierako urte haietan gora egiten jarraitu zuen. Eta erregea hil zenean, 1786an, kafearen aurkako dekretuak eta zergak bertan behera utzi zituzten. 

Baina, tarte horretan, garagardoaren kontsumoak ere ez zuen behera egin. Eta prusiarrek erakutsi zuten bi produktuak kontsumitzeko prest zeudela, bata aukeratu eta bestea baztertu gabe.  

Irudia: Argia

HIZTEGI LAGUNGARRIA 

Kafe-usnariak. Usaimenaren bidez gauzak aurkitzen dituztenak; kasu honetan, kafea. 
Prusia. Europako erdialdeko erresuma XVIII. eta XIX. mendeetan. 
Kontsumoa murriztu. Kontsumoa gutxitu. 
Garagardoarena sustatzeko. Garagardoarena areagotzeko, gehitzeko, handitzeko. 
Bere arbasoak. Aitona-amonez aurrekoak. 
Zailtasunak pairatzea. Zailtasunen ondorio txarrak jasatea, sufritzea. 
Etsaiak mendean hartzea. Etsaiei gerra irabaztea. 
Higuingarria da. Nazkagarria da, gorrotagarria. 
Dirutza nola joaten den. Diru asko nola doan beste toki batzuetara. 
Etekina atera. Irabazia edo onura lortu; kasu honetan, dirua. 
Bertan txigortzen zuten. Sutan eduki erabat erre gabe; kasu honetan, kafea. 

 

detalle2

Docuthèque

B2
20-11-2026

x61pRelaContWAR

40245683

x61pViewCountWAR

107

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR