Melitta Bentz, kafe-iragazkien iraultza ekarri zuen ekintzailea

Asmakizun xumea ematen du: kafea iragazteko papera. Baina bere garaian iraultza ekarri zuen kafegintzara. Emakume ekintzaile batek sortu zuen, Melitta Bentz-ek. Kafe-pikortak zituen hartzen zuen edariak, eta horrek egonezina sortzen zion. Ekin eta ekin, eta azkenean lortu zuen kafea ondo iragaztea. Horrez gain, enpresa-eredu berria sortu zuen bere lantegiko langileen lan-baldintzak hobetuz, besteak beste.

Alemana zen Amalie Auguste Melitta Liebscher. 1873ko urtarrilaren 31n jaio zen, Dresden hirian. Emil Hugo Bentz-ekin ezkondu, eta Melitta Bentz bihurtu zen; bi seme eta alaba izan zituzten.

Hugo eta Melitta Bentz, senar-emazteak, 1897an.

XX. gizaldiaren hasieran jende askok hartzen zuen kafea egunero, ez zen nobleentzako luxu soila jadanik. Kafetegiak ere orduantxe hasi ziren kafe espreserako makinak jartzen. Eta etxeetan, berriz, orduantxe hasi ziren kafea iragazten, era batera edo bestera. Hainbat iragazki-mota zituzten: metalezkoak, portzelanazkoak, lihozkoak… Baina ez zuten txukun iragazten. Batetik, iragazkiek pasatzen uzten zituzten xehatutako kafe-hondar batzuk, eta bestetik, denbora gehiegi behar zuen iragazteko, eta ez hozteko sutan edukitzen zuten. Horren ondorioz, kafea mikatzegia zen edateko.

Material egokiaren bila

Melittak kafea atsegin zuen, baina beti aurkitzen zituen xehatutako kafe-hondarrak edarian. Iragazteko material egokiaren bila hasi zen. Egun batean, letoizko edalontzi bat azpitik zulatu zuen eta paper xurgatzailea jarri zion, seme-alabek eskolako lanak egiteko erabiltzen zutena: bingo! Kafea aldi berean egiten eta iragazten zuenez, zapore hobea zuen, eta edariak ez zeukan kafe-hondarrik.
 
1908an Alemaniako patente-bulegora joan eta asmakizuna patentatu egin zuen. Urte berean jarri zuen abian M. Bentz izeneko lantegi xumea etxeko gela batean: enpresako lehen langileak, senarra eta bi semeak. 1909an, Leipzig hiriko erakustazokara joan zen iragazkia nola zebilen erakustera eta saltzera: 1.200 kafe-iragazki saldu zituen azokan.

Sariak   

Iragazki arrakastatsuak urrezko domina lortu zuen Dresdengo Nazioarteko Higiene Erakusketan, eta Ostalari Saxoitarren Elkartearen zilarrezko domina jaso zuen. Emil eta Melitta Bentz senar-emazteak iragazkia hobetzen joan ziren, eta etxerako tresna gehiago sortzen.

Dresden-eko lantegia. Argazkia: Paulae (CC)

Lehen Mundu Gerra hasi zenean lantegiak utzi egin zion iragazkiak egiteari, senarra soldadu bidali zuten, eta Melitta kartoia saltzen hasi zen familia aurrera ateratzeko. Gerra amaitu zenean, berriro ireki zuten lantegia: 80 langile izatera heldu zen. Lantegia hazten eta hazten zihoan, eta Dresdenen leku egokirik aurkitu ez zutenez, azkenean, Minden hirira eraman behar izan zuten, Westfalia aldera.

Enpresa-eredu berritzailea

Mellita Bentz hasiera-hasieratik izan zen ekimen handiko lantegi-zuzendaria. Enpresa handi bat sortu eta, gainera, langileen lan-baldintzak hobetu zituen. 1930ean langileei Gabon-saria ematea agindu zuen, eta 1932an, lanaldia 5 egunera murriztu zuen, eta opor-egunak 6tik 15era luzatu. Urte berean semeen esku utzi zuen zuzendaritza, baina ez zuen lantegiarekin zuen harremana 1950era arte guztiz eten. Tarte horretan Mellita Aid fundazioa sortu zuen, enpresako langileentzako gizarte-funtsa.

Bigarren Mundu Gerrak lantegiaren bigarren etenaldia ekarri zuen, baina berriro martxan jarri zen gerraostean.

Melitta Bentz 1950eko ekainaren 29an hil zen, 77 urterekin. Baina oinordekoei esker, enpresak bizi-bizirik jarraitzen du: inork ez du hainbeste kafe-iragazki egiten munduan.

 


B1
21-01-2020
21349539
8283