Docutec
Zaratak ere zikindu egiten du
Kutsadurari buruz ari garenean, denoi etortzen zaizkigu burura tximinia altuak eta ke-hodei mardulak. Baina kutsadura, ikusi ez ezik, usaindu eta entzun ere egiten da.
Euskadi Irratiko Faktoria saioan, zaratak eragiten duen kutsadurari buruz aritu dira; horretarako, Ane Arregi EHUko doktorea elkarrizketatu dute. Hark kontatu dizkigu zerk eragiten duen gehienbat kutsadura hori, eta zein ondorio duen gizakion osasunean.
Irudia: chatGPT
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Zarata-narritadura. Elementuren batek (isurkariren batek, gasen batek...) eragiten duen ezinegona. Kasu honetan, zaratak eragiten duena. |
Esataria. Hiru adibide baino ez dira, baina beste hainbat egon litezke. Eta honek sortu digu zalantza, eta sortu digu, batez ere erantzuteko, ba, nahia. Zaratak zein punturaino (puntutaraino) kutsatzen du eta zein punturaino kaltea sortzen du gure osasunean? Ane Arregi Euskal Herriko Unibertsitatean psikologian doktore da, eta kutsadura akustikoan ikertzaile. Ane, egun on.
Ane Arregi. Egun on.
Esataria. Baduzu erantzunik? Kutsadura akustikoak zein mailatan kaltetzen du gure osasuna?
Ane Arregi. Bueno, ba, segur aski uste duguna baino gehiago. Bueno, aipatu dira, jada, kasu batzuk, baina zaratak dituen ondorio kaltegarrienak dira zarata-narritadura edo molestia hori eta lo-arazoak. Orduan, bi hauek sortzen dute gorputzean estres-erantzun bat, eta estres-erantzun hau luzaroan kronifikatzen denean, hau da, zarata etengabe presente dagoenean, gorputzean arazo larriagoak sortu ditzake: bai ondorio kognitiboak, arazo metabolikoak, arazo kardiobaskularrak eta, bueno, osasun mentaleko eta bizi-kalitate okerrago bat.
Esataria. Guk hainbat adibide izan ditugu gaur. Bi enpresei (enpresari) lotutakoak dira, bi enpresa zehatzei lotutakoak. Beste bat Euskotreneko joan-etorriei. Euskal Herriaren mapa begiratuta, eta zure azterketa eskuetan, zein da Euskal Herrian gehien errepikatzen den zarata kaltegarria?
Ane Arregi. Bueno, orokorrean, Europan trafikoa da zarata-iturri nagusia, dudarik gabe. Oraintxe bertan ez dauzkat datuak seguru, baina esango nuke Europan 130 milioi pertsona baino gehiago daudela trafiko-zarata altuen pean, 22 milioi tren-zarata altuen pean eta bat industria-zarata altuen pean.
Esataria. Beraz, trafikoa nabarmen puntan dago. Eta zer gertatzen da? Iristen da une bat ohitzen garela zarata horretara eta ez dugula entzuten?
Ane Arregi. Ba, badirudi baietz, badagoela ohitze psikologiko bat, ez? Nolabait, gure buruak badauka mekanismo bat zarata horretara ohitzeko. Gertatzen dena da, nahiz eta gure buruak ez duen erantzun psikologiko hori ematen edo molestia hori sortzen, narritadura hori sortzen, gorputzak erantzun fisiologiko bat edukitzen jarraitzen du, hau da, estres-erantzun hori mantentzen da, eta, ondorioz, ohituta bagaude ere, zaratak gure osasunean dituen kalteak bere horretan mantentzen dira.
Esataria. Adin guztietan berdinak (berak) dira, edo helduetan, akaso, haurretan eragin handiagoa da?
Ane Arregi. Oro har, badaude populazio batzuk zaurgarriagoak direnak. Adibidez, haur eta nerabeak hartzen dira populazio zaurgarri bezala, garapen-fase sentsible batean daudelako, eta segur aski ere zaratari aurre egiteko estrategia gutxiago dauzkatelako. Eta, bueno, gero ere (halaber), emakume haurdunak edo helduenak populazio zaurgarri kontsideratzen dira.
