detalle dokuteka-generico-fitxa

Gazteak, gimnasioetan barra-barra

Gazte eta nerabeen artean asko zabaldu da gimnasiora joateko ohitura. Hain zuzen, gorputza lantzeko, osasuna zaintzeko eta sozializatzeko gune bihurtu dira gazteentzat gimnasioak eta fitnessaren mundua.

Segidan duzu gaiari buruz Berrian argitaratutako artikulu baten pasarte bat:

Fitness hitzak sasoi betean egotea esan nahi du. Garai bateko gimnastikaren parekoa da, alegia. Malgutasuna, artikulazioen mugikortasuna, erresistentzia, indarra, bizkortasuna, oreka eta koordinazioa lantzen dira jarduera fisikoaren diziplina horietan. Kirola egiteko ohitura oso errotuta dago Euskal Herrian, baina, azken boladan, fitnessaren barruko diziplinak daude pil-pilean; horietan aritzeko gimnasioak ugaltzen ari dira. Nerabeak eta gazteak bete-betean murgildu dira praktika mota horietan.

Gimnasioak, egungo diskotekak eta halako izenburuak ikus daitezke. Inkesta batzuen arabera, ohiturak aldatzen ari dira, eta gazteek nahiago dute gimnasiora joan lagunekin, diskoteketara eta tabernetara baino. Inguruan nerabeak eta gazteak dituztenei galdetuta, bat datoz baieztapen horrekin.

Sare sozialak ere badira neurgailua, eta, Youtube eta Tiktok sareetako edukien itsasoan barneratuz gero, hamaika bideo aurki daitezke kirol influencer-en entrenamenduenak. Jumping, crossfit, barrefit, pilates eta spinning hitzak eguneroko ogi bihurtu dira askorentzat.

«Oso albiste ona da», diote galdetutako adituek. Aukeran jarrita, ez dute zalantza izpirik ere: gimnasiora joatea hobea da tabernetan edo etxean sakelakoari edo telebistari begira egotea baino. Hortxe argiak. Baina itzal batzuk ere sumatzen dituzte: norberaren irudiaren inguruko kezka obsesio bihurtzeko arriskua, emaitzak behar baino bizkorrago lortu nahi izateak sor dezakeen frustrazioa, edo nork bere kabuz, gainbegiratzerik gabe, ariketak egiteagatik izan daitezkeen lesioak. Edonola ere, ondorio nagusia da gazteen bizimoduaren parte garrantzitsu bilakatu den jarduera fisiko mota hori ona dela.

Horrela uste dute Karen eta Leire Juanesek. Bi ahizpek gimnasio bat ireki zuten 2022an, Hernanin (Gipuzkoa), eta gazte ugari dituzte bezeroen artean. Haien esanetan, osasunaren inguruko kezka eta kirolaren aldeko jarrera nabarmen zabaldu dira; pandemiatik hona, bereziki. Boom horrek baditu oinarri sendoak, Juanes ahizpen iritziz. «Jendeak argi ikusi du kirolak zer onura dituen: adin guztientzat dela ona, eta, sasoi hobeto egoteko ez ezik, autoestimua hobetzeko, gorputza indartzeko, deskonektatzeko eta sozializatzeko ere balio duela».

Bezero gazte ugari dauzkate. «17 urtetik aurrekoak dira gehienak, baina 14 eta 16 urte bitarteko batzuk ere baditugu». Gazteenak dantzan aritzen dira, eta 17 urtetik gorakoak, entrenamendu funtzionalean, jumping-ean, bungee fitness-ean, pilates-ean, crossfit-ean...

Kirola egiten hasi berri direnentzako urrezko araua eman dute bi entrenatzaileek: lasai har dezatela. Gazteei begirako mezua da, bereziki, «pazientzia gutxixeago» izaten dutelako. «Gure gizartean, azkar lortu nahi dugu dena, baina kirolean pixkanaka aritu behar da, eta batzuetan irudituko zaizu ez atzera ez aurrera egongo zarela, baina, konturatu gabe, egindako lanaren fruitua etorriko zaizu», adierazi du Leire Juanesek.

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Ohitura oso errotuta dago. Oso zabalduta dagoen ohitura da; sustrai sakonak dituen ohitura da.
Bete-betean murgildu dira. Zerbaitetan gogo handiz hasi direla esan nahi du. 
Ez dute zalantza izpirik ere. Erabat garbi dute, ez dute inolako zalantzarik.
Nork bere kabuz. Bakoitzak bere aldetik, beste inoren laguntzarik gabe.

 

Argazkia: Pexels

detalle2

Docuthèque

B2
13-05-2025

x61pRelaContWAR

31712970

x61pViewCountWAR

2904

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR