Klementzia Richard, euskalkien lehen maparako ezinbesteko bidelaguna
Marie Clémence Richard, Klementzia Richard, 1830eko azaroaren 28an jaio zen Zuberoako Larrainen. Luis Luziano Bonaparte ikerlariaren lankide izan zen Richard euskalkien lehen mapa kaleratu zutenean.
Joseba Aurkenerena idazleak eman ditu Klementziari buruzko azalpenak Euskadi Irratiko efemerideen tartean.
Jatorrizko audioa helbide honetan duzu entzungai.
Hiztegi lagungarria Historiako pasarte haiek harilkatzen. Historiako pasarte horiek biltzen, lotzen. Eta jakin badakigu. Eta badakigu, dakigunez; noski badakigula. Banatuak ziren. Banatuta zeuden; *banatutak gaizki dago esana. Mantendu zuten sekretuan. Eutsi zioten sekretuari, gorde zuten sekretua. Bonapartek euskal dialektologian egin zuen lanean laguntzaile izan. Zertan izan laguntzaile: Bonapartek euskal dialektologian egin zuen edo egindako lanean. Era berean: Bonapartek euskal dialektologian egin zuen lanean partaide izan zen, lankide izan zen. Bere aferetan. Bere zereginetan. Bitartekari izan. Bi pertsona edo gehiagoren arteko bitarteko-lana egin. Jakin nahi izatekotan. Jakin nahi izatera, jakin nahi bada. Ezer gutxi idatzi da. Oso gutxi idatzi da. Pamielaren bitartez plazaratu. Alegia, Pamiela izeneko argitaletxearen bidez argitaratu zuela. Eta aski polita da. Polit askoa da, nahiko polita da. |
Esataria. Aita, Jean Baptiste Richard eta ama Joséphine Grandmontagne Lorenakoak izan arren, Klementzia Larrainen jaio zen. Aita Nafarroa Behereko bankako burdinolara etorri zen lanera. Bertan ezkondu ondoren, Larrainen, Oroz-Betelun eta Lasarten bizi izan zen familia. Batetik bestera ibili zen, beraz, Klementzia Richard eta euskalkiak ikasteko aukera izan zuen. Aita Lasarten hil zen. Ondoren, ama eta Luzia ahizparekin Zegamara joan zen bizitzera. Aurrerago, Araia aldera.
Luzia ahizpa, maisu eta olerkari zen Klaudio Otaegirekin ezkondu zen Zegaman. Klaudio Otaegi Hondarribira bidali zuten lanera. Eta han Luis Luziano Bonaparte ezagutu zuen. Bonapartek bi bidaia egin zituen Euskal Herrira euskalkiak aztertzera Londresen Anton Abadia ezagutu ondoren. Eta garai hartan Klementziarekin elkartu zen.
Joseba Aurkenerena idazle eta irakasleak lagundu digu historiako pasarte haiek harilkatzen.
Joseba Aurkenerena idazlea. Ezagutu eta eraman zuen bere etxera etxeko langile gisa eta horrela. Eta lankide ere bere lanetan, lagundu baitzion horrela, bere lanetan. Eta jakin badakigu, nahiz eta ezkutuan gorde zuten elkarrekin bizi zirela eta, zeren eta Bonaparte printzea ezkondua zegoen emazte italiar batekin, banatuak ziren, baina ezkonduta eliza katolikoaz. Eta orduan, mantendu zuten sekretuan elkarrekin bizi zirela. Baina paperei jarraiki, jakin badakigu 1859ko otsailaren 11n Louis-Clovis izeneko semea sortu zitzaiela.
Esataria. Bonaparteren emaztea, Maria Anna Cecchi hil zenean ezkondu egin ziren, baina bost hilabeteko iraupena izan zuen ezkontzak, printzea bost hilabete eskasera hil baitzen. Klementzia Richardek hainbat euskalki ezagutzen zuenez, Bonapartek euskal dialektologian egin zuen lanean laguntzaile izan zuela uste du hainbat adituk.
Joseba Aurkenerena. Arana Martijak idatzi zuen bere gutun batean Clémence Richard zela Bonaparte printzearen etxeko langilea eta bere, bere aferetan, euskararekin loturiko aferetan, lankide handia eta berak laguntzen ziola bere probak eta zuzenketak egiten bere artikuluetan eta.
Gure historiara, gure literaturara pasatu dena da Bonaparte printzea, Napoleonen iloba zena. Eta ongi, ongi merezitua, e! Baina Marie Clémence Richard hor geratu da, itzal baten modura.
Esataria. Alargunduta, Klementzia, Londresen bizi izan zen printzesa tituluarekin. Luis Luzianok eta biek bilduriko eskuizkribuak Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako diputazioei saldu zizkieten 1904an. Azkue eta Fermin Lasala bitartekari izan zirelarik, nahiz eta Chicagoko Newberry liburutegi ospetsuak lehenago eskatu.
Berari buruz gehiago jakin nahi izatekotan, hauxe Joseba Aurkenerenak eman digun aholkua.
Joseba Aurkenerena. Gai honetaz, Marie Clémence Richardi buruz, nik dakidala behintzat, ezer gutxi idatzi da. Bakarrik Kepa… Nik topatu… Bueno, badira garaiko gauzak Grandmontagne eta, bere familiako zuena, horrek idatzi zuen, eta horrela… Baina aztertu nolabait eta ikertu bere bizitza eta bere lana bakarrik Kepa Altonagak egin du, Duvoisin kapitainaren malura izeneko liburuan, Pamielaren bitartez plazaratu zuen ikerketa-lan horretan. Eta aski polita da.