Euskalkien mapa berria

Koldo Zuazo hizkuntzalariak euskalkien mapa berria egin du. Irratsaio honetan euskalkien mugak azaltzen ditu. Hainbat euskalkitako pasarteak ere entzun daitezke.

Euskalkiak jasotzen zituen mapa bakarra zegoen aurretik, Luis Luzien Bonapartek XIX. mendean egin zuena.


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Esataria. Koldo Zuazoren Euskalkien mapa Berriak argitaratu du, eta Durangoko azokan salgai izango denak. Orain arte euskalkie(ta)z genuen mapa bakarra Luis Luzien Bonapartek XIX. mende-erdialdean egindakoa zen. Zuazok egin dizkion aldaketak jorratuko ditugu hurrengo minutuetan, eta bide batez, euskalkiei, euskara hitz egiteko era desberdinei buruz jardungo gara, Sixto Iturriagagoitia.  

Sixto Iturriagagoitia esataria. Zuazok berak esana da Bonaparteren mapa beti izango dela baliagarri, beti XIX. mendeko euskararen egoera erakusten duelako. Hori onartuta, ordea, hizkuntzalari eibartarrak mapa hura aldatu, eguneratu beharra ikusi zuen, orain 15 urte euskalkiak aztertzen hasi zenean. Hauek dira premia horren arrazoiak.  

Koldo Zuazo hizkuntzalaria. Bata da, gehienbat Nafarroan euskalkiaren eremua galdu egin dela. Orduan, euskara bai, bera zabaldu egin da, ezta?, azken urteotan, azken 40 urteotan, ba, euskara Nafarroa osora eta Euskal Herri osora hedatu da. Baina euskalkiaren eremuan txikitu egin da. Hor gehienbat, Iruñea inguruan eta leku askotan guztiz galduta dago. Eta Bonaparteren garaian, ostera, ba, egiten zen euskara hor.    

Hori bat. Eta gero, beste alde batetik, nik ikusten dut asko berdindu egin dela euskara. Esate baterako, oso adibide ona da, Ipar Euskal Herrian Bonapartek Lapurdin eta Nafarroa Beherean, bi herrialde horietan, hiru euskalki bereizi zituen. Eta nik ere ikusten ditut aldeak, baina ez zait iruditzen euskalki hitza erabiltzeko bestekoak direnik, eta, orduan, ba, nik hiru azpi-euskalki egin ditut hor.  

Sixto Iturriagagoitia. Egoera berri horrek eraginda, Zuazok sei euskalki aipatzen ditu guztira, Bonapartek finkatutako  zortziren ordez. Gainera, hauek izendatzerakoan, zatiketa administratiboa alde batera utzi du.  

Koldo Zuazo. Bizkaiera, hor bakarrik izena aldatu dut. Nik mendebaldekoa deitu diot, baina bestela berdina da, eremua eta hori berdina da.  

Gipuzkera, berak deitzen zuena, nik erdialdekoa deitzen diot, eta eremu zabalagoan egiten da. Gipuzkoako euskara hori, euskara batuaren eraginez, eta bere prestigioa dela-eta, Nafarroara zabaldu da, eta erdialdekoa deitu diot horri. 

Gero, Nafarroan Bonapartek bi euskara nafar egiten zituen eta nik bakarra egin dut. Lehen esan dut Lapurdin eta Nafarroa Beherean euskalki bakarra egiten dudala, nafar-lapurtar, nafar-lapurtarra deitu diot.  

Zuberoan, ba hor, mundu guztiak bezala, ezta? Denok ikusten dugu euskara berezi bat, eta ba, zuberotarra.  

Eta gero, Bonapartek Erronkari ibarra Zuberoarekin sartu zuen eta Zaraitzu Nafarroa Beherearekin, eta nik egin dudana da horiek biok elkartu eta euskalki batean sartu. Eta deitu diot ekialdeko nafarra. Hori da seigarren euskalkia, baina kontua da Erronkariko azken euskalduna, ba, orain dela 13 urte hil zela, 91n. Eta Zaraitzun, dakidala, euskaldun bakarra dago. Jaurrietakoa da bera, eta beraz, ba, esan daiteke euskalki hori galduta dagoela.  

Sixto Iturriagagoitia. Bestalde, Bonapartek euskalkiez gain, 25 azpi-euskalki bereiztu zituen eta Zuazok 14 baino ez. Puntu honetara iritsita, euskalki, azpi-euskalki eta hizkeraren arteko ezberdintasunak azaltzeko eskatu genion hizkuntzalari eibartarrari. Hona hemen erantzuna.  

Koldo Zuazo. Batzuetan aldea nahiko sakona izaten da. Ba, esate baterako, ba, Bizkaiko euskaratik Gipuzkoara edo, badago aldea edo Nafarroatik, Nafarroatik Lapurdira ere bai, ezta? Eta gero, ba, azpi-euskalkietako aldeak txikiagoak izaten dira, ba, esate baterako, Gipuzkoan Goierrin eta Urola aldean, ba, dagoen diferentzia, bueno, nik ez nuke esango hor azpi-euskalkiak direnik, horiek hizkerak dira, eta aldiz, ba, Urola eta Goierritik pasatzen zarenean Beterrira edo Tolosaldera, hor aldea, ba, nabarmenagoa da, eta kasu horretan erabiltzen dut azpi-euskalki hitza.    

Esataria. Adibidea jartzea izango da onena. Euskadi Irratiak bere garaian egin zuen lehiaketa bat, Euskalkitegia, eta bertan pilatutako materiala daukagu.  

Sixto Iturriagagoitia. Esate baterako, Zeanuri eta Aramaioko hizkerak biak ere mendebaldeko euskalkian sartzen dira, baina aurrenekoa sartaldeko azpi-euskalkian kokatu behar dugu, eta bigarrena, berriz, sortaldekoan. Hurrenez hurren, euren bizimoduko pasarteren bat azaltzen entzungo ditugu zeanuritar eta aramaiotar bat.  

Zeanuritarra. Urte askuan hil gendun, ezta, baina oraintxe ba igual zortzi urte ez dugula hiltzen. Emoten eusten (ematen zigun) pena bat, begik itxita joaten nintzen odol hartzen. Eta bueno, gauean be (ere), ametsetan egiten nuen haiegaz (haiekin), eta ze momentua pasa arte, baina gero, txerria hilez gero, trankila. Baina odol hartzea, hona. Zera bei(da)tu eta, ezin ikusi! 

Aramaiotarra. Bueno, egun normal batean, ba, goizean jaiki, eta ba etxea lehengo pixka bat, apur bat garbitu, eta, ba, egin. Eta gero, gizonari laguntzen kortan. Behiak dauzkagu, berak batu eta egiten du, baina nik, ba, apur bat pentsua ematen lagundu, beheko txahalei eta, eta horrela. 

Sixto Iturriagagoitia. Itsasuko euskara, berriz, nafar-lapurtarra da eta horren barruan erdiguneko azpi-euskalkikoa.    

Itsasuarra. Amatxi ba(d)uzu egun etxean zira ala joan zira norabait edo ba(d)uzu bizpahiru oren (ordu) ene (nire) haurra atxi(ki)tzeko, eta bon (bueno), horrela. Eta bon (bueno), moldatzen gira (gara), horra, disponible (libre, eskura) ego(i)ten naiz.  

Sixto Iturriagagoitia. Eta erdialdeko euskararen adibide bat, gipuzkoarraren adibide bat, Zeraingoa dugu. Azpi-euskalkia zehazten hasita, sartaldekoa dela esango genuke.  

Zeraindarra. Baina eskola edo, gauza zailagoa, dotrina izan genuen ikasteko, apaizekin. A! egin, da (eta)… Hemeretzi urteko neska belarri ondoan nola jo zuen, dotrinara joanda barre in zolako, gogoan daukat nik, hark…  

Sixto Iturriagagoitia. Horiek, beraz, euskalki eta azpi-euskalki ezberdinen adibideak. Bere ikerketa-lanean bereziki harritu duen zerbait aurkitu ote duen galdetuta, Koldo Zuazok aitortu digu bitxia egin zaiola oso Burunda eskualdean egiten den euskara.  

Koldo Zuazo. Asko-asko harritu nauena izan zen Burundako euskara. Burunda ez da oso ezaguna lekua. Burunda dago ba, esanez gero Altsasu, hori bai ezagutuko du jende gehiagok… Bueno, bere… dagoen lekua ere berezia da, ezta? Nafarroan dago, hor Etxarri-Aranaz ondoan, Gipuzkoarekin egiten du muga. Des(karga)… Etxegarate pasatuz gero, ba, Idiazabal eta Zegama, eta Zegama eta alde horretara zoaz, eta beste, eta beste alderdian Araba dago. Eta jakina, gaur egun Araba erdalduna da, baina badakigu hor euskara egin zela, ezta? Orduan, bere kokaguneagatik ikusten da interesantea (interesgarria) izan daitekeela. Eta hala da; ikusten duzu, ba, badituela ezaugarri nafarrak, ezaugarri giputzak, badituela ere Bizkaiko euskararekin, Deba Ibarrekoarekin lotzen dituenak, eta hori guzti hori, ba, Burunda osatzen duten sei herrietan gertatzen da, eta ez beste inon. 

Eta Burundako azken herria Bakaiku da, Bakaiku eta hurrengo herria Etxarri-Aranaz da; bien tartean ez dago mendi handirik, ez dago ibairik, ez dago ezer; dago harizti bat, eta izugarria zelan aldatzen den kilometro, bueno, kilometrorik ere ez dago; ukitzen daude bi herriak, eta nola aldatzen den hizkuntza!  

Sixto Iturriagagoitia Horren adibidea ere aurkitu dugu gure artxiboan. Urdiainen egiten den euskara.  

Urdiaindarra. Festak herrikoendako (herrikoentzat), denek dauke (daukate) toke berezia. “Lo que pasa que(gertatzen dena da) kanpotarrendako (kanpotarrentzat), pues (bada), ez. Horrengatik pues (bada), berezi-berezia, guk e, nik pentsatzen diat ez daukagula kanpotarrendako (kanpotarrentzat), orai(n) herrikoendako (herrikoentzat) bai.        
C1
30-11-2004
16528548
0:07:37
4445