Saturrarango emakumeentzako kartzela

Itxi Liburuak saioko bideo honetan, Saturrarango emakumeentzako kartzela izango dute mintzagai. Ba al zenekien, garai hartan luxuzko balnearioa zena, emakumeen espetxe nagusi bilakatu zela frankismo-garaian?

Saturrarango emakumeentzako kartzelari buruzko erreportajea duzu ikusgai, Gaizka Aranguren kazetariaren eskutik. 


Transcription:[+] Transcription:[-]

Gaizka Aranguren kazetaria. Mutriku eta Ondarroa artean, Mijoa errekastoaren bi ertzetan, mendi-magalek eta hondartzak mugatutako haranean ezarri zuten Saturrarango kartzela. “Prisión Central de Mujeres de Saturrarán”, halaxe deitu zioten. Francoren gidaritzapean zabaldu zuten espainiar estatuko garai hartako kartzelarik handiena, 1938ko urtarrilaren 3an. 1944ko udaberrian itxi bitarte 3.000 eta 4.000 emakume artean eduki zituzten bertan preso, jatorri zein ideologia desberdinekoak, guztiak etsaiak erregimen frankistaren begietan. 
Bidaia honek izan ere, ez garamatza edozein espetxeren erraietara. Gauza oso sakona da, Saturrarango hau frankismoak izan zuen emakumezkoentzako espetxe nagusia izan zen. 
XIX. mendearen erdialdean “Gran Hotel Balneario”, luxuzko hotel-bainuetxea eraiki zuten Saturraranen. 1921ean eraikina baldintza txarretan zela Gasteizko gotzaindegiari eman zioten dohaintzan, eta honek apaizentzako ikastetxe bilakatu zuen. Gerra zibila hastearekin kolore desberdinetako tropak eta soldaduak pasa ziren handik. 1937an Francoren erregimen militarra eraikinaren erabilpenaz jabetu zen. Urtebete geroago, 1938an, martxan jarri zuten presondegia, Saturrarango emakumeentzako kartzela. Luxuzko balnearioa izan zen hura orduko leku ilunenetakoa bilakatu zen. 
Saturrarango kartzelak ez zuen harresirik, ez hormigoizko harresirik bederen. Naturak berak ezartzen zituen mugak. Alde batean, itsasoa, eta bertzeetan harkaitzak eta mendiak. Presoak kontrolatzeko, mendi-magalean, kuartela. Barnealdean, 200 preso gela bakarrean egoten ziren, guztientzat komun bakarra zegoen, lo lurrean egiten zuten, alboz. Izan ere, preso bakoitzak bizi-irauteko 45cm bertzerik ez zuen. 
1944an, II. Mundu Gerra bukatzen ari zelarik, eta aliatuen garaipenak Espainiako diktadura etenaraziko zuen beldurrez, Francoren erregimenak Saturrarango espetxea itxi zuen. Han gertatutakoa desagerrarazi nahi izan zuten, presoak Martuteneko kartzelara lekualdatu zituzten eta eraikinen erabilera Elizaren esku geratu zen berriro ere. Ordutik eta 1968ra arte 24 urtez seminario gisa funtzionatu zuen. Hortaz, espetxearen arrastoa denboran urrundu zen, gero hutsik geratu zen nahiz eta tarteka udaleku gisa ere erabili izan zuten. 1983ko uholdeek sakon kaltetu zituzten eraikinen zimentuak. Ordurako Mutrikuko Udalaren jabetza ziren eta honek dena eraistea agindu zuen.                  

B2
12-03-2021
28050686
00:04:17
1182