Docutec
Bitoriano Gandiaga poeta bizkaitarra
20 urte bete dira 2021ean Bitoriano Gandiaga euskal poeta bizkaitarra hil zela.
Mendatan jaioa, Bizkaian, 1928ko urriaren 8an eta Arantzazun, Gipuzkoan, hil zen 2001eko otsailaren 21ean. Bere bizitzaz mintzo da segidan duzun audioa.Esataria. Bizkaian, Mendatan jaio zen Bitoriano Gandiaga, Orbelaun baserrian. 13 urte zituela Arantzazura joan zen fraidetarako eta apaiz-ikasketak egitera. Arantzazun eta Foruan ikasi zituen humanitateak. Zarautzen egin zuen nobizio urtea, Erriberrin filosofiako ikasketak eta Arantzazun teologiakoak. Bertan eman zuen bizitza osoa fraidegaien irakasle, idazle eta apaiz-lanetan.
Gaztetan hasi zen olerkiak idazten. Arantzazu, Eusko Gogoa, Egan eta Olerti aldizkarietan argitaratu zituen poesiak eta hainbat sari ere lortu zuen olerki lehiaketetan. Horrez gain, sei liburu argitaratu zituen, “Elorri”, “Hiru gizon bakarka”, “Uda batez Madrilen”, “Gabon dut anuntzio”, “Denbora galdu alde” eta “Ahotsik behartu gabe”.
Gandiagaren ahotsa.
Hemen euskaldun izatea bezalako gudaririk ez dago.
Hemen euskaraz irakurri eta euskaraz idaztea bezalako iraultzailerik ez dago.
Hemen euskara indartzea bezalako indar politikorik ez dago.
Hemen ez dago euskara adinako desafiorik inperio zurrupariaren aurka.
Hemen ez dago euskara adinako askatasunaren aldeko itxarobiderik.
Esataria. Nolanahi ere, argitaratutakoak baino askoz ere gehiago utzi zituen argitaratu gabe. Hortaz, Bitoriano Gandiaga hil ondoren, aparteko bildumak argitaratu ziren. Bere bizitzan argitaratutakoen antologia zabalak ere bai. “Bitoriano Gandiaga Artetxe, bizitza itxaropen delako”, Amaia Iturbidek; “Bitoriano Gandiaga”, Koldo Izagirrek; eta “Berrogeita hamar olerki Gandiagatar, berrogeita hamar urte hitza zizelkatzen” Labayruk.
Gandiagaren ahotsa.
Tiriki tauki, tauki, mailuaren hotsa.
Tiriki tauki, tauki, mailuaren hotsa.
Hamasei harri lantzen ari da Oteitza.
Ai, oi, ai, ari da Oteitza.
Esataria. Euskal abeslariek Gandiagaren poema asko musikatu dituzte. Lourdes Iriondok, hain justu, honako hauxe “Hiru gizon bakarka” liburuko Tiriki, tauki, tauki poema.
Lourdes Iriondoren ahotsa.
Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Hamasei harri lantzen
ari da Oteitza.
Ai, oi, ai,
ari da Oteitza.
Esataria. Mendizalea ere bazen Bitoriano Gandiaga. Arantzazutik Urbiarako zelaira hamasei minututan igotzeko gai zen. Aizkorriko mendilerroa zehaztasun osoz ezagutzen zuenez, bere laguntzari esker, arkeologia-lan handiak egin ahal izan zituen Arkeolan enpresak. Hori guztiaz gain, kantuzale amorratua izan zen Gandiaga. Fraideek zonaldeko baserrietan barrena egiten zituzten ibilaldiak koordinatzeaz arduratu zen.
Lourdes Iriondoren ahotsa:
harria gau beltza.
Ai, oi, ai
harria gau beltza. (BIS)
Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Etsipen kolpe bat da
ukaldi bakoitza.
Ai, oi, ai,
ukaldi bakoitza. (BIS)
Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Hamasei harri lantzen
ari da Oteitza.
Ai, oi, ai,
ari da Oteitza. (BIS)
