Elurra mara-mara

Fermin Erbitik elurraz hitz egiteko erak ekarri ditu Euskadi Irratiko "Amarauna" saiora, Pello Zabalari "Natura labur mintzo" liburuan ikasiak.

Groenlandian elurra izendatzeko hirurogei modu dituztela kontatzen du Pello Zabala eguraldi-gizonak "Natura labur mintzo" liburuan. Euskaraz hainbeste ere ez, baina hitz mordoska ditugu elur maindireak osatzen direnerako, baita elur txikia deskribatzeko ere. 


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]
ESATARIA. Aurrekoz atzera, Fermin Erbiti.  

FERMIN ERBITI. Batzuetan eskatzen da eguraldiaz hitz egitea. Konpromisozko solasaldietarako oso gai egokia izaten da. Eta komunikabideek ere badakite eguraldiari zukua ateratzen. Udako beroa eta neguko hotza azpimarratuko dute, horrek berritik gutxi badu ere, baina ez gara horregatik kexatzen hasiko.  

Elurra oparotasunari dago lotua: elur-urte gari urte, dio esaera zaharrak. Horretan sinistu beharra daukagula iruditzen zait, inoiz baino gehiago.  

Lehengo egunean Iruñeko parte zaharreko dendari lagun batekin solasean aritu nintzen. Liburu, aldizkari eta egunkariak saltzen ditu. Komertzio txikia nola dagoen jakitun, aieneka hasiko zelakoan nengoen. Bada, ez! Nire harridurarako, baikor hitz egin zidan. Pandemiaren ondorioz, nonbait, jendeak gehiago irakurtzen du, eta Internet bidezko  salmentarekin ere oso pozik dago. Ni ere pozik, kontent atera nintzen dendatik, Mutinitarren negozioa nirea balitz bezala. Eta pentsatzen hasita, hala da. Izan ere, gure herri eta hiriei bizia ematen dieten denda txiki horiek galtzen baldin badira, denok aterako gara galtzaile.  

Baina irakurketa ez da pandemiak indartu duen afizio bakarra. Nor bere lurraldean itxita, gure inguruko parajeen edertasuna deskubritu dugu, halabeharrez. Eta trumilka atera gara naturara, hurbil ditugun oihan, mendi eta herriak ezagutzera. Taldeka, oihuka, presaka, askotan gure eguneroko bizimodutik ezin askatuz.  

Geldi zaitez bidean eta zentzumenak findu. Gomendio hori natura bizileku eta gozaleku duen PellZabalarena da Natura labur mintzo liburutik hartua. Igandeetako mendi-bueltetan adina gozatu dut amezketarraren liburuarekin. Zenbat kontu, zenbat istorio, datu, kantu, ohitura…; gehienak ezezagunak naturatik urrun bizi garenontzat, horietako bat asteburu honetan hizpide dugun elurraz. Guk elur ari duela esanen dugu gehienetan, ezta?, edo gehienez, bada, ez dakit, mara-maraelurra mara-mara ari duela.  

Zabalak esana badakigu Groenlandian 60tik gora elur-mota bereizten dituztela. Eta Euskal Herrian ere uste baino gehiago ditugu: elur urtua, bustiaelur-euria, elur-baltsa, elur-gesala edo -kresala, bustiegi datorrenean… Gogotik ari baldin badu, elur-maindire edo elur–izara sortuko du. Harrigarria da elur ttikiari deitzeko dagoen hitz-zerrenda luzea. Horien artean, elur-xehe, elur-pikor, elur-xintxarelur-gilloelur-pirrin, elur-txipitx, elur-geldo, elur-irin…  

Elurra gorputz harturik datorrenean, elur-malko deitzen zaio, edo elur-malo edo elur-mulleta, eta multzotuta datorrenean, elur-moltso, elur-hosto, elur-zafla, edo elur-mataza.  

Asteburu honetako elurra noizbait urtzen hasi, gesaldu, eta haurrak plisti-plasta ibiltzeko moduko elur-salda bihurtuko da. Eta horrekin adiorik ez elurrari, laster arte baizik. Laster itzuliko al da gugana? Horixe nahi genuke urte hasiberria gari-urtea izan dadin, urte oparoa albiste honetan. Urteroko desioa izaten da, baina aurten, benetan inoiz baino sentituagoa.                     

B2
14-01-2021
26546869
04:04
712