Isildu ez zirenak: Joxepa Zubeldia

Baztangaren matxinadako bertsoak idatzi zituen Joxepa Zubeldia ezagutzeko parada eskaintzen du Hitzetik Hortzera saioko bideo honek.

Joxepa Zubeldia 1865ean jaio zen Hernanin. Madrilen neskame egon ondoren, herrira itzuli zen eta bertsoaldi ugari idatzi izan zituen. Baina bakarra gorde da, baztangaren matxinadaren bertso-sorta. 


Transcription:[+] Transcription:[-]

Eider Perez.- Hernaniko Ibarluze baserrian jaio zen Joxepa Zubeldia 1865ean. Madrilera neskame joan eta bertan ezagutu zuen senarra, Manuel Ortiz burgostarra. Bost seme-alabekin bueltatu ziren Hernanira eta bertan izango zituen beste bi alaba. Joxepak Hernaniko kale nagusian jarri zuen janaridenda. Bere anaia Kaxiano Zubeldiarekin jarduten zuen bertsotan etxean eta Gabonetan eta Santa Ageda bezperan balkoitik aritzen zen, eskean zetozen Kaxiano, bere anaiari eta gainerako bertsolariei erantzuten. 

Bertso ugari ere idatzi zituen. Bere idazmahaia zuen etxean eta berak egindako koadernoetan idazten zituen. Urtero, bere lagun baten baserrian pasatzen zuen tartean ere bertsoak idazteko baliatzen zuen, etxean, bere seme-alabek  ez baitzuten gogoko amaren bertsozaletasuna. 

Bertso-sorta bakarra iritsi da guregana, Antonio Zavalaren artxiboan dagoen bertso-paper bat. 1918an egun ziren baztanga-kasuen inguruan gobernadoreak hartutako erabakien aurka altxatu zen Hernaniko herria eta protesta horri buruzko bertsoak dira. Urte horretako ekainaren 1ean Tiloseko herri-bazkari batean kantatu zituen Joxepak. 

“Bertso berrik, andre batek jarrik” 

Joxepa Zubeldia 

Ahotsa: Oihana Iguaran 

Biolina: Gari Otamendi 

Eskusoinua: Joxean Goikoetxea 

Doinua: Ene Lukas maitea 

 

Apirillaren biyan 
Ernaniko erriya 
Lau orduban egon zan 
Ikaragarriya 
Karrasi ta diarka 
Orduko larriya 
Eskerrak gendubela 
Batasun aundiya. 

Ordubantxe Ernanin 
Etzan lo jendia 
Kanpana ta tronkua 
Dantzatubak dira 
Tronko aundikin itxi 
Ziraden bidiak 
Barrika gurdi eta 
Asma al guziyak. 

Bidera atera giñan 
Emakume asko 
Ta allegatu bañolen 
Egin degu alto 
Zibillak esan zigun 
Etxera biltzeko 
Baizutela baimena 
Odola isurtzeko. 

Zibilla pranko baizan 
Zaldi galantakin 
Guri desapiyoka 
Beren ezpatakin 
Ez giñan ez izutu 
Oyek guziyekin 
Danok atera giñan 
Mirari aundiyakin. 

Mikela ta Asentxi 
Pareja fuertia! 
Ayek aurren zirala 
Fin giñan jendia 
Zarrak eta gastiak 
Neskatx ta andriak 
Andre txit aberatsak 
Baitaere pobriak. 

Orra berso berriyak 
Andrebatik jarri 
Estiot esker charrik 
Ematen iñori 
Orduko Uniyua 
Beti da komeni 
Ala gerta dedilla 
Biba gu ta Ernani. (Bi aldiz)

Apirilaren bian 
Hernaniko herria 
Lau orduan egon zan 
Ikaragarria 
Karrasi eta diarka 
Orduko larria 
Eskerrak genuela 
Batasun handia.

Orduantxe Hernanin 
Ez zan lo jendea 
Kanpaia (e)ta tronkua (enborra) 
Dantzatuak dira 
Tronko handiekin itxi 
Ziren bideak 
Barrika gurdi eta 
Asma ahal guztiak. 

Bidera atera ginen 
Emakume asko 
Eta ailegatu baino lehen 
Egin dugu alto 
Zibilak esan zigun 
Etxera biltzeko 
Baitzutela baimena 
Odola isurtzeko. 

Zibila franko baitzen 
Zaldi galantarekin 
Guri desafioka 
Beren ezpatekin 
Ez ginen ez izutu 
Ho(r)iek guztiekin 
Denok atera ginen 
Mirari handiarekin. 

Mikela eta Asentxi 
Pareja (bikote) fuertea! 
Haiek aurre(a)n zirela 
Fin ginen jendea 
Zaharrak eta gazteak 
Neskatxa eta andreak 
Andre txit aberatsak 
Baita ere pobreak. 

Horra bertso berriak 

Andre batek jarri 

Ez diot esker txarrik 
Ematen inori 
Orduko unioa (elkartasuna) 
Beti da komeni 
Hala gerta dadila 
Biba gu (e)ta Hernani. (Bi aldiz) 

 

 

 

 

 

 

 

C1
30-03-2020
21781538
04:10
285