Docutec
Hotzikarak 9: Bekataria
|
Egilea: Aimar Olaskoaga |
Esataria: Hemen kontatzen direnak mila bederatziehun eta berrogeita hamabigarren urtean gertatu ziren Tolosaldeko herri txiki batean.
Don Luis: Olatz. Olatz! Non zaude?
Olatz: Hemen nauka, Don Luis.
Don Luis: Non demonio sartu zara? Badakizu alkatearekin bilera garrantzitsua dudala, eta ez dut berandu iritsi nahi. Ea, ekarri kapelua eta berokia.
Olatz: Bai, Don Luis, berehala.
Don Luis: Ai, ez dakit zer egingo dudan neska honekin. Hain ederra ez balitz.
Olatz: Hemen ditu Don Luis.
Don Luis: Eta pilulak, non demonio daude?
Olatz: Berokian sartu dizkiot Don Luis.
Don Luis: Ondo da, ondo da. Bihotz madarikatu hau. Beno, joan beharra daukat, eta zu ez geratu hor paretari begira, gauza asko daude eta egiteko.
Olatz: Bai, Don Luis.
(oin-hotsa, ate-hotsa)
Don Luis: Gonzalezen eskaintza ezin hobea da, diru gehiegi uko egiteko. Gainera, eliz ondoko lursail horietan luxuzko bainuetxe bat egitea oso onuragarria izan daiteke herriarentzat. Jende diruduna etortzen bada, herri guztiak irabaziko du.
Alkatea: Ez dauka berorrek ni konbentzitu beharrik, don Luis. Gonzalezek eskainitako milioiak nahikoa eta sobera dira ni ados egoteko.
Don Luis: Baina ederki daki herriko jendeak ez duela gauza bera pentsatuko.
Alkatea: Herriko jendea, herriko jendea! Lurralde hori elizarena da. Betidanik uste izan da elizak bertan ospitale bat eta txiroentzako egoitza egiteko asmoa zuela. Eta orain lurralde hori Gonzalezen konstruktorari saldu zaiola jakiten dutenean...
Don Luis: Zeri diozu beldurra Garate doktorea? Alkatetza galtzeari?
Alkatea: Horrek bost axola! Gonzalezek emandako diruarekin herri miserable hau behingoz utzi eta betirako ahaztea espero dut. Doazela denak pikuak biltzera!
Don Luis: Alkatetza utzi ondoren, zer egingo duzu, medikuntzara itzuli?
Alkatea: Ez dut uste premiarik izango dudanik. Mapatik desagertu eta kito. Ez nago ni tuberkulosiak jotakoen hatsak muturrean jasateko. Baina berorrek zailagoa dauka, herriko apaiza da.
Don Luis: Beno, hori ere ez da betirako izango.
Alkatea: Berorri ere aparejo ederra, eh Don Luis?
Don Luis: Ja, ja...
Alkatea: Eta Elizak, zer egingo du Elizak diru guzti horrekin?
Don Luis: Elizak?
Alkatea: Ez al du berorrek infernura joateko beldurrik?
Don Luis: Mesedez, Garate... Ja, ja.
Alkatea: Ja, ja, ja...
(haize-hotsa)
Eskalea: Jauna, txanpon batzuk kristau zintzo honentzat.
Don Luis: Alde hemendik mozkorti halakoa!
Eskalea: Baina mesedez, erruki...
Don Luis: Infernuko semea. Lotsa eman beharko lizuke Kristoren izena erabiltzeak.... Ea morroi, zere zain zaude? Goazen.
Eskalea: Infernuan ikusiko dugu elkar orduan, jauna! Tu!
Etxeko andrea: Gauero mozkortuta heltzen da etxera, eta nik uste beste emakume batekin egoten dela.
Don Luis: Orduan zure senarrak etorri beharko luke konfesatzera, eta ez zuk.
Etxeko andrea: Bai, baina, nik dagoeneko ez dakit zer egin.
Don Luis: Begira, andrea, ezin duzu ezer egin, eta nik ere ez. Zure senarra mozkorti eta putazale bat da.
Etxeko andrea: Baina Don Luis!
Don Luis: Eta okerrena da fedea galdu duela. Sinets iezadazu, fedea galtzen denean jada ez dago salbaziorik.
Etxeko andrea: Oh, ez...
Don Luis: Eta ez egin negarrik, mesedez. Zure senarra bezalako jendeak ez du inoren lastimarik merezi eta. Ea, orain zoaz lasai, zoaz etxera, barkatuta zaude eta: "Ego te absolvo". Hala!
Etxeko Andrea: Mila esker, Don Luis.
(ate-hotsa)
Don Luis: Emakume demonioak, Negarti hutsak denak... Ave Maria Purísima, zer nahi duzu?... Ea, ba, bota!
Ahotsa: Berorren arima nahi dut.
Don Luis: Zer?
Ahotsa: Berorren ordua heltzen ari da. Infernua gertu du, Don Luis!
Don Luis: Baina, baina nola demonio ausartzen zara?... Ez dago inor. Nondik tera da orduan ahots hori?
(musika, ate-hotsa)
Don Luis: Haize demonio hau. Mela-mela eginda nago.
Olatz: Gabon, Don Luis. Salda beroa prestatu diot.
Don Luis: Ondo da, ea gorputz barrua berotzen didan. Demonio, goxoa dago.
Olatz: Mila esker Don Luis. Ah, Don Luis, ahaztuta nuen, gutun bat iritsi da berorrentzat arratsaldean.
Don Luis: Arratsaldean? Postaria goizean etorri da eta.
Olatz: Hemen dut Don Luis... Berorrek beste ezer gehiago nahi ez badu...
Don Luis: Ez. Ez. Joan zaitezke ohera... Ea zer dioen. "Azken eguna heltzen denean, Epaiketaren eguna heltzen denean, berorri epaitua izango da, eta berorren arima askatua. Baina berorrek badaki hau ez dela hala gertatuko. Epaiketa burututa dago, eta epaia jakina, errudun. Justizia egin da, eta infernua berorren zain dago, gertu, oso gertu". Baina zer demonio da hau? Nork ekarri du hau? Eh, ah... Bihotza, ai, eh, ai... pi, pilulak behar ditut... eh, eh, eh... eskerrak pilulei. Ohera joatea izango da onena: "Ez al du berorrek infernura joateko beldurrik? Ja, ja... Mesedez, Garate... Infernuan ikusiko dugu elkar orduan, jauna, ja, ja... berorren ordua heltzen ari da. Infernua gertu du Don Luis!. Epaiketaren eguna heltzen denean, berorri epaitua izango da, eta berorren arima askatua. Errudun, errudun, errudun, errudun!". Ah! Ah, Ah... Lasai. Lasai. Amesgaizto bat besterik ez da. Amesgaizto bat. Lasai. Non daude pilulak? Hemen.
(katilu-hotsa)
Olatz: Ez du gosaria probatu ere egin. Ongi al dago Don Luis?
Don Luis: Ez dut oso gau ona pasa.
Olatz: Haizea izango zen. Badaki berorrek zer esaten den: gau haizetsua...
Don Luis: Utzi esames txoro horiek, demonio! Ergelkeria besterik ez dira errefrau horiek.
Olatz: Barkatu, Don Luis.
Don Luis: Eta orain utz nazazu bakarrik. Atseden apur bat hartu nahi nuke, ahal bada behintzat.
Olatz: Bai, Don Luis.
(oin-hotsak)
Don Luis: Zer egingo dut? Hau ez da normala.
(telefono-hotsa)
Don Luis: Olatz, telefonoa! Emakume demonioa, ez dago inoiz behar dudanean. Bai, esan?
Ahotsa: Gauerdian, azkeneko kanpaikada jotzean infernuko ateak betirako irekiko zaizkio. Erruduna da, prestatu zigorrerako.
Don Luis: Baina zer da hau? Zergatik? Zergatik niri?
(kanpai-hotsak)
Don Luis: Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Santuaren izenean...
Olatz: Don Luis, Don Luis, ondo al dago?
Don Luis: Utzi, utzi bakean, bakarrik egon nahi dut.
Olatz: Baina, Don Luis, Garate jaunak, alkateak, egun osoa darama telefonoz deika.
Don Luis: Bidali infernura. Ez dut petrikilo horrekin egon nahi.
Don Luis: Barkatu, jauna, barkatu... Erruduna naiz, badakit. Gauza asko egin ditut gaizki, baina zuzenduko ditut nire okerrak. Erruki Jauna, arren. Ez. Ez. Mesedez, ez dut infernura joan nahi. Ah, bihotza... Ezin dut...arnasa hartu... Ah, ah... Olatz... Ah....
(telefono-hotsa)
Olatz: Aita, bai, dena gertatu bezala irten da, Don Luisen bihotzak ezin izan du jasan. Meatsuena primeran irten da. Badakit hiltzea merezi zuela. Lursail horiek herriarentzat dira, ospitale berria egiteko. Orain alkateari tokatzen zaio, asko dugu jokoan. Bihar arte, aita.
(telefono-hotsa)
Olatz: Garate jauna, barkatu, Don Luisen serora naiz. Bere etxetik deitzen dizut, medikua ez dut harrapatu eta zerorri ere osagilea zarenez, ez dakit, lurrean aurkitu dut. Hilda dagoela dirudi, etorri azkar mesedez. Bihotza izan dela uste dut.
Mamua: Agur, Garate doktorea: ja, ja, ja...
