Docutec
Hotzikarak 12: Godzila etxean dago
|
Egilea: Aimar Olaskoaga |
Mikel: Bilera gauerdian izango da. Merkantzia hartu bezain pronto Trintxerpeko kaira joan behar dugu. Eta gero han Mougiñoren tabernara, ordu biak aldera iritsiko garela esan diogu.
Osaba: Tabernara? Eta zergatik ez datoz kaira bertara merkantzia jasotzera?
Mikel: Ez dute arriskurik nahi, osaba.
Osaba: Noski, arriskua guretzako. Ez dakit. Ez dakit Mikel, ez naiz batere fio. Ez diot honi batere susmo onik hartzen
Mikel: Osaba, badakit ez duzula drogaren asunto hau batere atsegin. Baina aukera paregabea da diru-mordoa irabazteko, eta nik adina behar duzu zuk ere diru hori
Osaba: Bizitza osoan itsasoan pasata, horrelako zikinkeriatan ibili beharra ere.
Mikel: Nik bezala dakizu zu bezalako marinel zaharrentzat aspaldi bukatu zela hemen lana.
Osaba: Mukizu alaena! Errespeturik ere ez dut merezi edo... eskola zaharrekoa izango naiz, baina sasoian nago oraindik. Eta ondo gorde txikota, ez al dizute soka nola biltzen den erakutsi?
Mikel: Ez haserretu, osaba, eta atera gaitezen behingoz, berandutu egingo zaigu eta.
Osaba: Goazen bai, damutu baino lehen!
(bapore-hotsa)
Irratiko neska: Eta besteak beste, gaur berri nahiko bitxi bat dugu. Pasaiako portura itsasontzi japoniar bat iritsi da, baina ez edozein ontzi, ez. Itsas-biologia ikertzeko prestaturik dagoen ontzi-laborategi bat omen da. Munduan dagoen onenetarikoa gainera. Ez dakiguna da hemen zer ikertzen ari diren, agian espezie bitxiren bat aurkitu dute gure inguruetan. Musikaren tartea orain. Gure entzule fidelentzat: Shubert.
Osaba: Japoniar madarikatuak. Ez dute ez ezer onik ekarriko. Baleekin hasi, eta itsasontzi katxarro horiekin arrantza guztia kentzen digute. Eta zertarako? Plastikozko barrita horiek egiteko. Txaka. Bai zera, kaka!
Mikel: Bai, baina itsasontzi hau desberdina omen da: txipiroi erraldoiak ikertzera etorri direla entzun dut goizean kofradian.
Osaba: Txipiroi erraldoiak? Tira, kia! Txorakeriak.
Mikel: Begira hor, osaba! Hori da ontzi japoniarra. Itzela, eh! Begira, begira ze izen duen. Eh! Godzila II.a.
Osaba: Ze izen ergel da hori?
Mikel: Bah, gurea ere ez da askoz hobea, osaba!
Osaba: Zer du Inesa Mari izenak?
(orro-hotsa)
Mikel: Ze izan da hori?
Osaba: Auskalo, baina dena delakoa ontzi madarikatu horren barrutik zetorrela zirudien.
Mikel: Bai arraroa.
Osaba: Tira, ez lo hartu, guk gurearekin jarraitu behar dugu. Berandu iritsiko gara bestela.
Mikel: Bai. Lehenbailehen abiatzea onena.
(bapore-hotsa)
Mikel: Begira, han. Seinalea ikusi dudala uste dut.
Osaba: Bai. Han dago ontzia. Argiekin seinaleak egiten ari dira. Beraiek izango dira. Hurbil gaitezen.
Martin: Berandu zatozte, carayo! Arazoak izan dituzue?
Mikel: Ez. Ez. Dena ondo joan da.
Martin: Ez zizuen poliziak jarraituko, ezta?
Mikel: Ez. Benetan. Dena primeran.
Martin: Ez dakit. Gau berezia da. zerbait arraroa sumatzen dut iluntasun honetan. Eta nik horrelakoetan ez dut huts egiten, carayo!
Osaba: Nik ere berdin pentsatzen dut. Susmo txarra hartzen diot guzti honi. Berriketa gutxiago, eta mamira.
Martin: Ondo da. hartu fardela. Eman eskumuinak Mauriñori. Esan beste egun batean pasako naizela tabernatik. Eta orain segi kontuz.
Osaba: Badakigu geure burua zaintzen.
Mikel: Tentuz ibiliko gara. Beste bat arte.
(bapore-hotsa)
Mikel: Beno, orain Mouriñoren tabernara!
Osaba: Eta nola eramango ditugu tabernaraino pakete guztiak? Ezin ditugu denak lepoan hartu eta eraman.
Mikel: Arrazoi duzu, ez dut horretan pentsatu.
Osaba: Badugu pentsatzeko gauza larriagorik ere. Begira bi argi horiek, ur azpian, bi argi indartsu horiek.
Mikel: Baina zer da? Polizia? Poliziaren buzoak izan daitezkeela uste duzu?
Osaba: Ez dakit, eta ez dut jakiteko batere asmorik.
Mikel: Argiak gugana datoz. Hurbiltzen ari dira. Sakatu osaba!
(bapore-hotsa)
Mikel: Iristen ari gara.
Osaba: Argiak ikusten dituzu?
Mikel: Ez. Atzean utzi ditugula ematen du.
Osaba: Hala ere, ez naiz fio.
Mikel: Poliziaren buzoak direla uste duzu?
Osaba: Ez dakit, baina askoz ere lasaiago egongo naiz heroina hau guztia entregatzen dugunean. Sar dezala Mouriñok kabitzen zaion lekutik.
Ertzaina 1: Polizia! Polizia! Gelditu motorra berehala! Agindu bat da: gelditu motorra...
Osaba: Kaka zaharra, kostazainak dira.
Mikel: Eman gogor osaba, gainean ditugu eta.
Osaba: Zertan uste duzu ari naizela? Saiatzen ari naiz
Ertzaina 1: Geldi. Ez ihes egin. Geldi. Azken abisua da. Geldi.
Mikel: Atzean gelditzen ari dira.
Osaba: Bai, baina motor zahar honek ez du abiadura honetan gehiegi iraungo.
Mikel: Zer egingo dugu?
Osaba: Kobazulo bat dago itsas herriaren atzean. Hara gerturatzen bagara, ez gaituzte harrapatuko. Begira. Han dago haitzuloa.
(ur-hotsa)
Mikel: Joan direla uste duzu?
Osaba: Ixxx. Ez hain ozen hitz egin, gure bila ariko dira oraindik. Joan direla ematen du.
Mikel: A ze gaua! Eta orain, zer?
Osaba. Ba itxaron, ezin dugu beste ezer egin.
Mikel: Berandu iritsiko gara Mouriñoren tabernara. Kezkatzen hasiko da.
Osaba: Mouriño. Mouriño. Hor konpon. Begira! Argi horiek berriro.
Mikel: Zer?
Osaba: Begira, ur azpian, bi argi horiek. Traste madarikatua. Ezin didazu orain huts egin. Orain ez.
Mikel: Goazen osaba, goazen lehenbailehen.
Osaba: Motorrak ez du erantzuten!
Mikel: Oso gertu ditugu osaba, oso gertu!
Osaba: Goazen.
Mikel: Hemen daude osaba, argiak, argiak daude.
Osaba: Baina zer da, zer da hau?
Mikel: Osaba!
(itsaso-hotsa)
Ertzaina 1: A ze ergel-parea. Koitaduek ihes egin ez balute, orain bizirik egongo lirateke, eta ez, ez txiki-txiki eginda.
Ertzaina 2: Guk abisatu bakarrik egin nahi genien, arriskuaz abisatu. Ez dakit zergatik ihes egin duten. Agian izutu egin dira gu ikustean.
Ertzaina 1: Ez dakit. Auskalo zertan ari ziren. Agian droga eramango zuten.
Ertzaina 2: Bai. Nik ere pentsatu dut. Baina harritzekoa da. Ez da ezer agertu, gramo bat ere ez.
Ertzaina 1: Zuzen-zuzenean txipiroi erraldoia zegoen lekura joan behar. Trafikanteak izan edo ez, orain gutxi axola du horrek. Tira, gure lanarekin jarraitu behar dugu. Piztia lehenbailehen harrapatzen ez badugu, bi gizajo hauek ez dira azken biktimak izango.
Ertzaina 2: Begira: Inesa Mari! Lanak ematen ditu hau ontzi bat zela sinisteak. Ez dago hogei zm. baino gehiagoko zati bakar bat ere. Birrinduta dago dena. Jainkoarren.
Ertzaina 1: Piztia gero eta indartsuagoa balitz bezala da.
Ertzaina 2: Zerekin elikatuko ote da?
Ertzaina 1: Droga-arrastorik ez dela azaldu esan duzu, ezta?
Irratiko neska: Eta albiste gehiago ditugu Godzila II.a japoniar itsasontzi misteriotsuari buruz. Lehen aipatu dugu itsasontzi hau itsas-biologia ikertzeko laborategi bat dela, baina ez genekien zehazki zertan zebilen gure uretan. Baieztapen ofizialik ez badago ere, itxuraz, ontzi hau Kantauri itsasoan azken aldi honetan azaldu diren txipiroi erraldoiak aztertzera etorri da. Itsas munstroak Pasaiako uretan? Nork daki! Beste albisteen artean gaur gauean Trintxerpeko Mouriño tabernan hainbat atxiloketa burutu dira, droga-kontuak medio itxuraz, nahiz eta kargamentua ez den oraindik agertu.
