Docutec
Hotzikarak 19: Gau eder bat desagertzeko
|
Egilea: Koldo Almandoz |
Mikel: Ea, ea, ea, aber, aber, isildu apur batean, mesedez. Aber, lasaitu, ea, hartu zuen poltsak, eta etor zaitezte hona!... Ongi. Kaixo! Ongi etorri Izagaondoa udalekuetara. Ni Mikel naiz, gaur iritsi zaretenon begiralea. Orain zuen logela non dagoen erakutsiko dizuet. Poltsa bertan utzi, eta hamar minutu barru hementxe bilduko gara. Um, zer moduz Rafa?
Rafa: Ongi.
Mikel: Urtebetean bibotea azaldu zaizu, eh?
Rafa: Zuri, en cambio, ile asko erori zaizu urtebetean.
Mikel: Ja, hori da nire Rafa. Eman bostekoa. Asier: Nongoa zara?
Peru: Donostiarra, eta zu?
Asier: Eibartarra, baina Gasteizen bizi naiz aspaldi. Mikelek jatorra dirudi, ezta?
Peru: Mikel?
Asier: Bai. Begiralea.
Peru: Ah, bai.
Mikel: Benga, zuek biok, goazen, beste guztiak joan dira eta.
Mikel: Ea, ea, ea, lasaitu pixka bat. Benga mutilok isildu, isildu momentu bat. Hori da. Beno guztiak zaudetela dirudi. Ni Mikel naiz eta esan dizuet zuen begirale nagusia izango naizela datozen bi asteotan. Udalekuetako zuzendaria ere banaiz. Baina beno, horrek ez du ezer esan nahi. Bertan denbora gehien eman duen begiralea naizelako naiz zuzendari. Aurreko urteotan etorri zaretenok badakizue, nahiz eta zuzendaria ni izan badela ni baino begirale gaiztoagorik, eh Rafa!
Bittor: Bai, sukaldaria.
Mikel: Ja, ja, Bittor. Beno, hori gero ezagutuko duzue. Orain udalekua erakutsiko dizuet. Etxe-barruan izan zarete, ezagutzen duzue gutxi gorabehera. Afaltzeko orduan erakutsiko dizuet jangela. Futbol-zelaia hor ikusten duzue, etxe alboan dago. Hango bi txabola horiek eskulanak egiteko erabiltzen ditugu. Herrirako bidea ere ezagutzen duzue, ba hona ekarri zaituzten autobusak egin duena da. Eta, ba orain paseo bat ematera joango gara, ados?
Mikel: Gure etxe alboan dagoen beste etxe hau udaleku bat zen, nesken udalekua.
Peru: Hutsik dago?
Mikel: Bai, bai. Aspaldidanik dago abandonatua. Herriko nekazariek biltegi gisara erabiltzen dute. Eskulanetarako erabiltzen ditugun txaboletatik ateratzen den bide honek ibaira eramaten du. Bihar joango gara bainutxo bat hartzera. Eh, baina kontutan hartu begiralerik gabe ezin dela ibaira joan, eh, ados?
Bittor: Bihar joango al gara?
Mikel: Eguraldi ona egiten badu bai.
Rafa: Eta hango etxe hura?
Mikel: Han bukatzen da bidea, Santa Elena ermitan. Ermita ere oso utzita dago aspaldi, eta bertan sartzea debekatuta dago. Ezin zarete hara joan. Gainera, ez dut uste inork hara joan nahiko duenik.
Peru: Zer ba?
Rafa: Benga, Mikel, kontatu.
Mikel: Zuk badakizu eta.
Rafa: Berdin dio, kontatu zeuk.
Mikel: A.. faltzeko orduan kontatuko dizuet. Gaur ongi etorri gisara kanpoan afalduko dugu. Bittorrek barbakoa prestatuko du.
Peru/Asier: Aupa, aupa! Hori da hori!
(olioa berotzen)
Mikel: Gure sukaldaria aurkeztuko dizuet. Mutilak, hau Bittor da.
Bittor: Kaixo, jendilaje...
Mikel: Bittorri laguntzeko goiz jaikitzen denak harekin herrira erosketak egitera jaisteko aukera izango du.
Rafa: Nik ez diot ba lagunduko, sukaldari hori kabroi bat da.
Mikel: ... lehen ikusi dugun ermitan gertatutakoa kontatuko dizuet. Duela urte batzuk, zuek jaio zineten garaian gutxi gorabehera, udaleku hau artean berria zela —ez dakit lehendabiziko edo bigarren urtea zen, ez naiz ondo akordatzen— mutil koadrila batek apustua egin zuen.
Asier: Apustua, ze apustu?
Mikel: Mutiletako batek, Jontxuk, gauez Santa Elena ermitara igo eta kanpandorretik linterna batekin seinaleak egin behar zituen. Esan bezala, ermitara sartu, kanpandorrera igo eta seinaleak egin zituen. Beno, hori esan zuten behintzat bere lagunek, seinaleak ikusi zituztela. Baina hura izan zen Jontxu ikusi zuten azkeneko aldia.
Asier: Hil egin al zen?
Mikel: Desagertu egin zen. Bere bila aritu zen polizia luzaroan, baina ez zen azaldu. Ez bizirik, ezta hilik ere. Bittor ere hemen zen gertatu zenean, ez da hala Bittor?
Bittor: Bai. Baina nik ez nuen ezer ikusi.
Asier: Aizu, istorio hori egia izango al da?
Peru: Ez dut uste. Gu ikaratzeagatik kontatuko zuen, lehen gaua da eta.
Rafa: Ba urtero kontatzen du gauza bera.
Asier: Eta zergatik esan duzu lehen sukaldaria kabroi bat zela?
Rafa: Ba kabroi bat delako. Bertakoa da, herrikoa. Kanpotarrak herrira etortzeak ez dio batere graziarik egiten.
Asier: Orduan zergatik egiten du lan hemen?
Rafa: Nik zer dakit. Ondo ordainduko diote. Ze izen duzu?
Asier: Asier.
Rafa: Eta zuk?
Peru: Peru.
Rafa: Ba beteranoekin ibili nahi baduzue, froga pasatu beharko duzue.
Asier: Froga?
Rafa: Bai. Gurekin ibili nahi baduzue ermitan sartu beharko duzue.
Asier: Baina... noiz?
Rafa: Orain!
Peru: Orain?
Rafa: Ze, ez al duzue potrorik?
Asier. Eta zuek... gurekin al zatozte?
Rafa: Ez. Gu hemen geratuko gara. Hara iristen zaretenean, kanpandorrera igo eta linterna honekin seinaleak egin beharko dituzue. Horrela bertan zaudetela jakingo dugu.
Asier: Beranduegi da. Ilun-ilun dago guztia. Bihar joango gara nahi baduzue.
Rafa: Zer, Mikelen istorioak beldurra ematen dizu ala?
Peru: Ni joango naiz.
Rafa: Hara! Hitz egiten badaki eta!
Peru: Ekarri linterna.
(oin-hotsak)
Peru: Amai dezagun lehenbailehen txorrada honekin. Linternak pilak izatea espero dut. Ea, bat, bi, hiru!
Jontxu: Auuu
Peru: Baina zu, zu nor zara?
Jontxu: Jontxu naiz.
Peru: Jontxu, no, nola Jontxu?
Jontxu: Bai. Hamar urte daramatzat ermita honetan, mamu baten moduan bueltaka...
Peru: Bai, baina...
Jontxu: Nire heriotza heltzen den arte, hemen ego beharko dut, zure laguntza behar dut.
Peru: Ni... nire laguntza? Zertarako?
Jontxu: Entzun. Zure adina nuen gertatu zenean, apustu bat egin nuen eta...
Peru: Bai. Badakit hori dena!
Jontxu: Badakizu zer gertatu zitzaidan?
Peru: Ermitara etorri eta desagertu zinela kontatu didate.
Jontxu: Zure moduan ermitara iritsi eta honaino igo nintzen. Iritsi nintzenean hots batzuk entzun nituen. Arnas hasperenak ziren. Beldurtu egin nintzen. Zutabe baten atzean ezkutatu, eta begiratu nuenean ikusi nuen: gure begiraleetako bat zen, nesken udalekuetako neska batekin zegoen, han ertz hartan etzanda.
Peru: Etzanda?
Jontxu: Bai. Badakizu neskaren gainean, gerria astinduz. Begira geratu nintzen, baina linterna erori egin zitzaidan. Begiralea konturatu eta altxatu egin zen. Korrika hasi nintzen, eta begiralea nire atzetik atera zen. Oso ilun zegoen. Estropezu egin, eta eskaileretatik behera erori nintzen. Behera iritsi nintzenerako lepoa hautsia nuen.
Peru: Hil egin zinen?
Jontxu: Bai. Baina nire izpiritua gorputzetik ateratzen ari zen unean, begiralean besoetatik hartu eta neskaren laguntzarekin nire gorputza ezkutatu zuten. Ordutik nire izpiritua preso dago ermita honetan.
Peru: Baina zergatik?
Jontxu: Hildako baten gorputza azaltzen den arte bere izpirituak zaindu behar izaten duelako. Eta nik urte gehiegi daramat nirea zaintzen. Bakardadea. Zure laguntza behar dut. Nik kontatutako istorioa kontatu behar duzu. Nire gurasoek, maite nindutenek zaindu nazaten aurrerantzean...
Peru: Baina inork ez du sinetsiko!
Jontxu: Frogak emango dizkizut. Begiraleak nire gorpua nola ezkutatu zuen esango dizut. Tori. Mugitu habe hori, eta altxa azpiko harria.
Peru: Ah!
Jontxu: Ikusten kaskezur hori? Nirea da; hartu eta eraman ezazu froga gisa.
(oin-hotsak)
Peru: Ah, ah, ah...
Mikel: Fiu! Gau ederra desagertzeko, ezta?
Jontxu: Jontxu naiz.
