detalle dokuteka-generico-fitxa

Imanol Irizar: "Nevadako Unibertsitateko Euskal Liburutegia erreferente handia da"

Imanol Irizar HABE Liburutegiko arduradunarekin aritu gara hizketan aurki Nevadako Unibertsitateko Euskal Liburutegiko arduradun bihurtuko delako. Hizpide, noski, bi liburutegien ezaugarri eta berezitasunak izan ditugu. Biak beren eremuetan erreferente direla azpimarratu digu Imanolek eta nondik nora sortuak eta zein beharri erantzuten dioten argitu. Hara joaten denean, ordea, Euskal Herriko liburutegi, erakunde, argitaletxe eta bestelakoekin harremanak bideratu eta sendotzeari, elkarren osagarri izan daitezen, helduko dio lehen-lehenik.

HABE.- HABE liburutegiaren sortzaile eta arduradun zaitugu, egun hizkuntzen alorrean Euskal Herrian dagoen liburutegirik osatuena dena.

Imanol Irizar.-
Duela hogeita lau urte, orduan HABEren zuzendari zenak hainbat enkargu eman zizkidan, tartean Zutabe, orain Hizpide aldizkaria, irakasleentzako aldizkari bat antolatzea, eta bigarrenik, euskalduntze-alfabetatzean espezializatua izango zen liburutegi bat antolatzen hastea. Beraz, zerotik hasi ginen, bai kopurutan eta baita gaiaren aldetik ere. Izan ere, "zer da euskalduntze-alfabetatzean espezializatutako liburutegi bat?". Urte asko pasa behar izan dira jakiteko zer izan zitekeen hori, harik eta forma eman diogun arte. Ez dugu izan jarraitzeko moduko eredurik. Baina, azken finean formulatu duguna da hizkuntza ardatz duen liburutegi bat. Aurreikuspen bat egin eta esan dugu: Euskal Herrian asko dira hizkuntza-beharren bat duten herritarrak: dela euskara, dela ingelesa, dela frantsesa... Edo, adibidez, unibertsitatean zuzenbidea ikasten ari baldin bazara euskaraz, eta zu euskalduna izanik ere, hizkuntza-beharren bat baduzu, edo ikertzaile zara... Etorkizuna eleaniztuna ikusten dugu. Denok izango gara, bi, hiru, lau hizkuntzaren jabe.

 

H.- Nola antolatu duzue liburutegia behar horiei erantzuteko?

I. I.-
Beharrak oso diferenteak dira, baina beti ere hizkuntza izango da ardatz. Horregatik, liburutegiak hiru atal ditu: hizkuntza ardatz esaten dugunean, hizkuntza da ardatz, baina hizkuntza guztiak ez daude, planetak ez daude denak eguzkitik gertu. Batzuk oso urruti daude: swahili hizkuntza da, baina Pluton izango litzateke, ezta? Eta euskara izango litzateke eguzkitik gertuen dagoen planeta, hizkuntza. Orduan, euskarak badu nolabaiteko presentzia, eta indarra, nabarmena dena. Horregatik daukagu "euskal liburutegia" deitzen dugun atala, eta hor euskarazko produkzio guztia biltzen dugu. Beste alde batetik, "material didaktikoak" deitzen diogun atala daukagu; hor egongo lirateke material arinak, hizkuntzak ikasteko edo irakasteko materialak; zein hizkuntza? Guztiak, berez. Eta gero jendearen eskariaren arabera: ingelesa eskatzen da asko, espainola ere bai, frantsesa, alemana, italiera... Zientoka hizkuntza auto-ikasteko materiala. Eta azkenik, atal zentrala eta espezializatuena: "hizkuntzalaritza aplikatua", non aurki daitezkeen soziolinguistika, hizkuntzen didaktika, bigarren hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntza, psikolinguistika, hizkuntza eta hezkuntza lantzen dituzten gaiak.

 

H.- Zenbat liburuz ari gara hizketan?

I. I.- Liburutegi honen filosofia da txikia izatearena. Ez da liburutegi handi bat, eta ez da izango sekula liburutegi handi bat. Orain momentuan izango ditugu 35 bat mila item; item, nahi baduzu, liburu, bideo, DVD, CD, kasete eta abar. 35.000 item, 28.000 erregistrotan, 28.000 titulu nolabait. Titulu bat izan daiteke entziklopedia bat, eta berrogei bolumen izan. Bestalde, mila bat bideo, DVD... DVD asko ari gara ekartzen. DVDa gaur egungo produkturik fashion-ena da. Gainera, guretzat, oso ona. Azken finean, DVDak hizkuntza aukeratzeko aukera ematen baitizu. Zuk aukeratzen duzu zein hizkuntzatan ikusi, entzun, azpi-tituluak ditu... Eta gero aldizkari espezializatu eta ez hain espezializatuetan seiehun bat titulu ditugu, eta horietatik, erdiak edo, 250en bat aldizkari bizirik, normal-normal jasotzen ditugunak, espezializatutako aldizkariak dira hizkuntzalaritza aplikatuan.

 

H.- Eta baliabide hauen datu-baserako sarbidea on-line dago, ezta?

I. I.- Bai. Zuk erantzun nahi badiozu gizarte zabal bati, geografikoki urruti samar dagoen jendeari, beste sistema batzuk antolatu behar dituzu. Gaur egun hori, hainbat gauza behintzat posible dira teknologi berriei esker. Azken, aspaldiko urteotako lana izan da, nolabait, katalogazio guztia egunean izan eta Internet bidez eskaintzea. Hori oso arrunta da, biblioteka guztiek egiten duten zerbait da. Beste alde batetik, biblioteka espezializatu bat izanik informazio asko dago, ikaragarri dago, galduta, kakotx artean, artikuluetan. Gero eta gehiago datu-basetan biltzen da informazio hori, eta guk ere horixe egin genuen modu, horrela, automatikoak erabiliz, eskanerra, OCRa, eta abar. Orain, momentu honetan 85.000 artikuluren informazioa biltzen duen datu-base bat daukagu erabiltzaile ororen esku.

 

HABE Liburutegiko zerbitzuaren inguruko edozein argibide behar izatera: www.habe.org  liburutegi@habe.org

 

Nevadako Unibertsitateko Euskal Liburutegiko arduradun

 

H.- Hegazkina hartuta, itsasoz beste aldera egingo dugu. Nevadako Unibertsitateko Euskal Liburutegiko arduradunek deialdi bat zabaldu zuten eta aurkeztu egin zinen.

I. I.- Gehiegi pentsatu gabe eman nuen izena. Hautaketa-prozesuko urratsak eman eta azken fasean hara joateko gonbitea egin zidaten, azterketako azken faserako, eta han ikusi nuena gustatu egin zitzaidan. Aukeratu nindutela esan zidatenean, nahiko zalantzak ere izan nituen baina, han ikusi nituenak bultzatu ninduten azken erabaki hori hartzera.

 

H.- Zer ikusi zenuen han?

I. I.- Proiektuekin lan egiten dela eta jendearen inplikazioa handia dela. Oso erakargarri egin zitzaidan hori. Beste alde batetik, horrelako toki batera joatea profesionalki beste mundu bat eta beste hizkuntza bat ezagutu eta menderatzea. Profesionalki, hura beste galaxia bat da eta asko dago ikasteko. Han azken finean Estatu Batuetako unibertsitate bateko biblioteka batean egongo naiz, eta horrek badu erakartzen nauen zerbait.

 

H.- Nevadako Unibertsitateko euskal liburutegiak zein ezaugarri dauzka?

I. I.-Orain berrogei bat urteko egitasmo bat da. Hirurogeiko hamarkadan bi gizon handi bildu ziren. Alde batetik, William A. Douglass ikerlaria eta beste alde batetik, Jon Bilbao bibliografoa. Bien artean Estatu Batuetan "Euskal ikasketak" eremua sortu zuten. Orduan pixkanaka handik eta hemendik liburuak biltzen eta forma ematen hasi ziren. Gerora eskaria handitu egin da, eta egituratu egin da. Elkarren osagarri diren bi erakunde daude gaur egun: alde batetik, Centerra, Center for Basques Studies, azken batean unibertsitateko euskal gaiak eta ikasketak bultzatu eta ematen dituena. Eta bestetik, liburutegia, unibertsitateko liburutegi handiaren atal bat dena eta Euskal Herritik kanpo, erreferente bat, edo nahi badugu, euskal gaien inguruan erreferente handiena dena.

 

H.- Bertan izanda zaude eta zerekin topo egingo duzun gutxi gorabehera ba al dakizu?

I. I.- Bai. Ni han izan nintzenenean, nolabait nire eskaintza edo nik egingo nukeena azaldu nuen. Nik bizikleta baten antzera irudikatzen dut: gurpil bat biblioteka horren aurreko gurpila da, Estatu Batuetako unibertsitateen eremuan dagoena, eta hor, tresneria aldetik eta, nahi baduzu, egitura, funtzionamendu aldetik hor dago txertatuta. Fenomeno, oso ondo! zeren bai baitakigu hori maila onekoa dela. Baina, beste alde batetik lantzen dituen gaiak euskal gaiak dira, eta euskal gaiaren produkzioaren %80 edo %90 Euskal Herrian bertan sortzen da. Baina, hango eta hemengo erakunde eta liburutegi, argitaletxe eta bestelakoen arteko harremanak ez dira, nahiz eta makina bat saio egin diren, oso finkoak. Beraz, horixe da landuko dudana, hasiera batean. Hori izango da lehentasuna. Euskal Herriko liburutegi, erakunde, argitaletxe eta bestelakoekin harremanak bideratzea, elkarren osagarri izan daitezen.

 

H.- Ederki ezagutzen duzun mundua, ezta?

I. I.- Bai eta hori baliatzeko asmoa dut. Hemen urtetan landu dudan sare profesionala hara eramaten eta erabiltzen saiatuko naiz.

 


x61pRelaContWAR

detalle2

Docuthèque

C1
19-01-2006

x61pRelaContWAR

16515374

x61pViewCountWAR

5475

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR