detalle dokuteka-generico-fitxa

Iñaki Dorronsoro: "Zinearen negozioan konfiantza oso aldakorra da"

Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean Iñaki Dorronsororen (Gasteiz, 1969) filma ikusi ahal izatea ezusteko handia izan zen askorentzat, bere lehenengo pelikula (opera prima) heldutasun handia erakusten duen lana delako. "Opera primen akatsa buruan daukazun guztia lehenengo pelikulan sartu nahi duzula izaten da. Onerako ala txarrerako niri hori gertatu zait, eta horregatik norbaitek esaten didanean kontatzeko pelikula, ez dakit oso ondo zer esan: bide asko, elkargune asko ditu eta, beraz, konplikatua da" dio Iñakik.

Pelikula honetan, izan ere, genero-nahasketa nabarmena eta garrantzitsua dago: zine metafisikoaren eragina ikusten da, sentimendu erlijiosoekin nahastuta, errua, seme iriolea, boxeolariak bere managerrarekin duen harremana... alde batetik, eta beste alde batetik genero-zinearekiko harremana atzeman daiteke: amerikar zinea, zine beltza, boxeoaren azpigeneroan.
Iñakik egitasmo hau martxan jartzeko hamar urte behar izan ditu. Aurretik laburmetrai pare bat —Jaque por una dama (1989), El ojo del fotógrafo (1992)— eta dokumental batzuk idatzi, produzitu eta zuzendu zituen. Tarte honetan telebistan (Version española, Días de cine eta Cuadernos de rodaje saioetan) aritu da.


Irakurleek zertaz ari garen uler dezan, defini ezazu zer den La distancia. Zein da argumentua?
Suspense-pelikula bat da. Hasi, suspense-pelikula baten antzera hasten da, baina gero pertsonaia ez-ohiko samar baten filma bihurtzen da. Beste pertsona bat erailtzeagatik erruak zigortutako boxeolari bat da. Ez-ohikoak dira, era berean, gizon honen indar fisikoa, izaera eta ausardia. Hasiera batean badirudi honek guztiak indartsuago egin beharko luketela, ez hain hauskor. Baina, erruak eraginda hauskor agertzen da. Horretan ere atipikoa da. Errua "garai bateko" elementua baita, elementu erlijiosoa. Pertsonaia, beraz, partikularra da. Oinarrian, pertsonaia honen eta bere aurkariaren (polizia baten) arteko harremana dago. Polizia ustel honek bultzatzen du beste pertsona bat hiltzera. Errua hobeto eramateko bere bekatuak garbitzen saiatuko da eta horretarako beste pertsonaiekin jarriko da harremanetan.

1992an El ojo del fotógrafo egin zenuen. Denbora asko pasa da orduz geroztik...
Asko. Errodajeak hasi behar zuen egunean nire kezka nagusia zen herdoilduta egongo ote nintzen. Telebistan aritu nintzen lanean eta han denetik egin nuen, irudia hartzea izan ezik. Muntaia asko egin nuen eta, gainera, nahiago nuen. Telebistan irudiak hartzearena oso lan azkarra izaten delako, baina muntaian erritmo zinematografikoa lan dezakezu. Beraz, oinarrian zine-irudiekin lan egiten nuen.

Aktoreen zuzendaritzari dagokionez, Federico Luppi, José Coronado... ofizioa badakitela suposa liteke. Baina, badira tartean bi "ezezagun": Miguel Angel Silvestre eta Belen López. Nolakoa izan zen bi aktore hauen casting-a?
Castinga oso zaila izan zen, pelikula bera teknikoki konplikatua zelako eta Miguel Angel baino eskarmentu handiagoko aktoreei eskaini bagenien ere, ezezkoa eman zigutelako. Ondorioz, hasi berria zen jendearen artean bilatzen hasi behar izan genuen. Bat-batean ezerezetik 30-35 urteko aktore on bat ateratzea zaila da, 25ekoak bai, ordea, harrobia hortxe baitago. Miguel Angelek begirada garbia zuen, arriskutsua zen bere eskarmentu-eza, baina bere gaitasun fisikoa ikaragarria izan zen. Harrigarria bada ere, hilabete eta erdiren buruan boxeolariaren papera egiteko prestatu zen:
Beleni dagokionez, gauzak desberdinak ziren, zeren nahiz eta ezezaguna izan, askoz ere heziago zegoen, ibiliagoa zen eta nahiz eta paper txikiak egin zituen zinean, oinarrizko gauzak menperatzen zituen.
Besteekin, hau da, José Coronado edo Federico Lupi bezalako aktore ezagunekin lan egitea, gustu handiko lana da: esan zer egin behar duten eta kito.

Egitasmoa martxan jartzea 10 urte kostatu zitzaizun. Hemendik aurrera ez zaizu hainbeste kostako, ezta?
 Hala espero dut, baina ez dakit. Negozio honetan, kontuz ibili behar da konfiantzarekin, oso aldakorra baita. Suposatzen da errazagoa izango dela, produkzio-lana ere egin duzulako eta ate joka ibili ordez, ireki egingo dizkizutelako. Nire ustez, La distancia aurkezpen-gutun duina da, gauza desberdin asko dituelako: sentimendu ezberdinak, une dinamikoak, kirola... gauzatxo asko hartzen ditu bere baitan. Ez dit La guerra de las galaxias egiteko aukerarik eskainiko, baina egitasmo bat aurrera ateratzeko bermea bada. Nik, hala ere, ez dut ezer esaten produkzio-etxea ez daukadan bitartean. Orduan pasatuko diot gidoia beharrezkoa denari, ez lehenago.

Nola baloratzen dituzu dirulaguntzak emateko politikak?
Ez dugu dirulaguntzarik eskatu La distancia egiteko, ezta aurreko lanerako ere. Dena dela, niri kulturari laguntza ematea oso ondo iruditzen zait, baina kontua da zenbat laguntzen diogun kulturari. Garai batean, eta nik ezagutzen dut kasuren bat, oso modu desordenatuan ematen ziren dirulaguntzak eta badira hainbat pelikula dirulaguntzez gain sosik jarri gabe erabat aurrera atera direnak. Arriskua zerora ekartzea zilborrari begira egoteko aukera zabaltzea da eta hori ez zait asko gustatzen. Ez dut uste behar adina diru ematea denik modurik onena kultura sustatzeko.


LA DISTANCIA
Daniel (Miguel Angel Silvestre) boxeolari gaztea da. Bere ametsik handiena Espainiako Titulu Nazionala lortzea da, eta gertu izan du behin baino gehiagotan. Baina bere borroka-estiloa ez da erasokorra, defentsan hobeto moldatzen da, eta horregatik ez du lortu garaipen hori. Guillermo (José Coronado), bere homosexualitatea eraman ezinda bizi den polizia ustela ezagutuko du, eta honen erruz hilketa baten aferan sartuta ibiliko da Daniel, eta horren ondorioz, bere bizimodua hankaz gora jarriko du Danielek.

 

 

detalle2

Docuthèque

C1
18-04-2007

x61pRelaContWAR

16509466

x61pViewCountWAR

4068

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR