detalle dokuteka-generico-fitxa

Musika, gaitz askori aurre egiteko tresna

Musikak sentimenduak azalerazteko ahalmen berezia du, komunikatzeko eta emozioak eragiteko tresna ikaragarri baliagarria baita. Eta, hain juxtu, horretan oinarritzen da musika-terapia. Arantza Bereziartua psikologoa eta musika-terapeuta da eta hainbat musika-tresnaz baliatzen da gaitz ezberdinei aurre egiteko. Autismoa, Down sindromea edota Alzheimerra duten pertsonekin lan egiten du eta doinuen bitartez aurrerapen handiak egiten dituztela esan digu.

Komunikazioa, integrazioa eta espresioa lantzeko baliagarria delako asko dira musikaren aplikazioak. Emaitzak ez dira egun batetik bestera ikusten, baina agerikoak dira gaixoek ematen dituzten urratsak. Arantza Bereziartua psikologoak haur zein helduekin lan egiten du, Uliazpi Fundazioan. Taldeka ala banaka, musika-tresnez baliatzen da gaitz fisiko edota psikologikoei aurre egiteko: autismoa, Down sindromea, paralisia, Alzheimerra.

Bere ustez, musikaren bitartez sentimenduak azalerazi egiten dira. Horregatik da oso baliabide eraginkorra. Auto-estima indartzea, motrizitatea lantzea, mina gutxitzea eta komunikatzeko ahalmena bultzatzea dira musika-terapiaren helburu nagusiak.

Musika-terapia saio bat
Altzari serioak eta aseptikoak bazterrean utzita, musika instrumentuek eta lurrean esertzeko koltxonetek hartzen dute protagonismoa terapia-gelan. Han aurkituko ditugu instrumentu sinple asko: danborra, triangelua, txindatak, panderoa, marakak eta xilofonoa, besteak beste. Inprobisazioa oso garrantzitsua dela esan digu Arantzak, "doinuek pertsonaren sentimenduen berri emango dutelako". Horregatik, instrumentuak ondo jotzea ez da garrantzitsuena: "Gelan dauden instrumentuak jotzen dituzte, doinuak inprobisatuz. Horrez gainera, abestiak kantatzen ditugu eta instrumentuekin erritmoa eramaten dugu".

Bere ustez, ez dago musika edo soinu magikorik eta instrumentu guztiak izan daitezke baliagarriak. Eskusoinua erabiltzen du berak, hori jotzen ikasi zuelako aspaldi. Horrela, musika-terapia espezializazioren berri izan zuenean, bide horri ekitea erabaki zuen, psikologia eta eskusoinua uztartzea ahalbidetzen ziolako.

Egitura eta iraupen desberdinak
Taldekide kopurua sei eta zortzi lagunen artekoa da eta saio bakoitzak ordubete inguru irauten du. Arantzaren esanetan, saioen egitura errespetatzea oso garrantzitsua da, gaixoek errutina ikas dezaten. "Lehenik ongietorri abestia kantatzen dugu; beti bera. Ondoren, bakoitzari galdetzen diot ea nola dagoen, jakin dezaten noiz hasten den saioa. Gero, inprobisazioa lantzen dugu eta bakoitzak nahi duen musika-tresna jotzen du. Abestiak ere kantatzen ditugu; errazak, beraiek ikasteko modukoak. Ondoren, eskusoinua ateratzen dut eta beraiek akonpainamendua egiten dute. Eta agurtzeko, abesti bat kantatzen dugu. Hasiera eta bukaerako abestiak beti berberak dira, jakin dezaten noiz hasi eta bukatzen dugun".

Taldearen arabera, ezberdin egituratzen ditu saioak. Esate baterako, Alzheimerrak jotako helduekin, garai bateko kantak lantzen ditu. "Azpeitiko gizon bat izan nuen behin eta San Ignazioren abestia kantatzean izugarri hunkitzen zen; hizketan hasi eta gaztea zenekoak kontatzen zituen. Beti zegoen haserre, baina eskusoinuarekin abestia jotzen hasten nintzenean, hizketan eta barrez hasten zen, bere bizitzako une horrek poza ematen ziolako".

Bereziartuak banakako saioak ere egiten ditu eta emaitzak azkarrago atzematen direla dio. "Hitz egitea kostatzen zitzaion pertsona batekin komunikazioa lantzen aritu naiz. Hasieran, ez zuen ezer esaten. Orain, ordea, bertsolari baten moduan dabil: inprobisatutako abestien bitartez, gauza asko kontatzen dizkit".

Bestalde, terapiaren iraupena aldagarria da gaixoaren arabera. "Depresioak jotako pertsona baten kasuan, adibidez, terapia bukatutzat eman dezaket hobeto ikusten dudanean. Down sindromea edota autismoa duten pertsonekin, berriz, ez da bukatzen; beti izango da onuragarri". Emaitzak ere, gaixoaren arabera neurtu behar dira. Aurrerapauso txikiak diruditenak, batzuentzat oso handiak izan daitezke-eta. "Hasieran, bazen mutil bat gelako txoko batean esertzen zena, isolatuta. Orain, koltxoneta jarri bezain laster, etorri eta eseri egiten da. Hori aurrerapen handia da niretzat, taldea nigana etortzea helburu bat delako. Baina beste batentzat huskeria izan daiteke".

Oraindik homologatu gabe
Gauza berria dirudien arren, musika-terapia ez da gaurko kontua. Aspalditik frogatu da gizakiongan −eta baita animaliengan ere− musikak duen eragina. Ameriketako Estatu Batuetan, esate baterako, 50eko hamarkadatik existitzen da musika-terapeutaren irudia. Euskadin, ordea, oraindik ez da tratamendu-gisa kontsideratzen. "Lanean ari gara, baina homologatu gabe dago oraindik". Halere, hemendik gutxira homologatzea lortuko dutela uste du Arantza Bereziartuak.

detalle2

Docuthèque

B2
30-04-2007

x61pRelaContWAR

  • Prado (Kazeta5), Oihana
16509252

x61pViewCountWAR

7551

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR