Docutec
Bizikleta, etorkizuneko garraiobidea ote?
Semaforo, auto-ilara eta aparkaleku eskasak direla eta, autoa hartzea infernuaren pareko da askorentzat: hiriburuetan bizi direnentzat, batik bat. Horrela, gure hirietan gero eta gehiago dira leku batetik bestera joateko bizikleta hartzen dutenak. Ekologikoa eta praktikoa, bizikleta garraiobide egokia da. Halere, Europako iparraldeko herrialdeetan ez bezala, bizikletaren kultura deiturikoa sendotu gabe dago oraindik gure herrietan. Kalapie elkarteak bizikletaren erabileraren alde lan egiten du. Elkarteko kideen iritziz, bidegorrien sarea osatu gabe egotea eta trafiko ugaria dira hiriko txirrindularien oztopo nagusiak.
Asko dira astebururo bizikleta hartu eta txangoak egiten dituztenak. Baina aisialdirako ez ezik, txirringa garraiobide aproposa da gure hiriburuetatik zehar ibiltzeko. Gauzak horrela, aparkaleku-kopuru eskasak eta trafiko ugariak bultzatuta, gero eta gehiago dira autoa alde batera uzten dutenak.
Hirietako kutsadurak ere, bizikletaren aldeko apustua egitera animatzen gaitu. Garraiobide ekologikoa izanik, bizikletaren kultura herrialde garatuen adierazle dela esaten dute adituek, garapena ingurugiroarekiko errespetuari lotuta doalako. Horrela, autoa garai industrialaren ikonoetako bat izan bazen ere, badirudi, bizikleta garai berriko garraio nagusietako bat izango dela. Finean, hiri garbiagoa izatea, bizi-kalitate hobearen seinale da.
Garraiobide alternatiboak aintzat hartzen baditugu ere, oraindik oso urruti gaude ipar Europako herrialdeetatik. Holandan, esate baterako, bizikletak paisaiaren osagai nagusi bilakatu dira. Jende guztiak erabiltzen du: haurrek, helduek zein gazteek. Denek, emakumeek zein gizonek bizikleta erabiltzen dute egunero; lanera joateko, paseatzeko edota erosketak egiteko.
Egokiak dira gure hiriak bizikletaz ibiltzeko?
Kalapie bizikletaren aldeko elkarte donostiarra da. 1989an sortua, bizikletaren erabilera sustatzeko jaio zen. 500 bazkidek osatzen dute elkartea eta sarritan sentsibilizazio kanpainak abiatzen dituzte. Izan ere, bidegorriak egitea ez baita nahikoa: ohitura hartu behar da.
Carlos Gonzalez Kalapie elkarteko zuzendariaren hitzetan, "ezin da esan bizikletaren kultura Euskadin hedatuta dagoenik". Halere, itxaropentsu dago: "Gero eta gehiago gara bizikleta garraiobidetzat hartzen dugunak eta etorkizunean Europaren mailara iristea espero dugu".
Ildo horretatik, gure hiriak prestatu gabe daudela nabarmentzen du presidenteak eta oztopo ugari aurkitzen dituztela aitortzen du. "Pixkanaka-pixkanaka gure hiriak gero eta egokiagoak dira txirrindularientzat, baina oraindik lan asko dago egiteke. Bidegorrien sarea osatu gabe egotea eta trafiko ugaria dira aurkitzen ditugun oztopo nagusiak. Horrez gain, hiriburua inguratzen duten zonaldeetara iristeko bideak hobetu behar dira. Bestalde, bizikleta eta garraiobide publikoak konbinatzeko aukerak zabaldu behar dira eta baita aparkaleku gehiago ere". Instituzioetatik gero eta ahalegin handiagoa egiten bada ere, kanpaina gehiago egin behar direla aldarrikatzen du Gonzalezek. "Instituzioek bizikletaren erabilera sustatzeko esfortzu handiagoa egin behar dute. Hemendik urte gutxira Gipuzkoa guztia bizikletaz zeharkatu ahal izatea espero dugu".
Aldiz, Kalapie elkarteko kideak pozik daude jendearen erantzunarekin eta euren lanak fruituak eman dituela uste dute. Udari begira, hain zuzen, hamaika jarduera antolatu dituzte. Urtero bezala, txangoek berebiziko lekua izango dute. Irteeretan trafikoa saihesten saiatzen dira eta ibilaldi errazak aukeratzen dituzte, pertsona guztien neurrira.
"Gipuzkoako txokoak ezagutzeko aukera ona da. Abiadurak ez dauka garrantzirik, paseo lasaiak egiten ditugu paisaiari begiratu ahal izateko". Zikloturismoak gero eta jarraitzaile gehiago dituela garbi dago: Bidaiatzeko modu merkea da eta autoentzat ezkutuan dauden txokoak ezagutzeko aukera ematen du.
Helduentzako ikastaroak antolatu ohi dituzte Kalapie elkartean. Horrela, agerian gelditzen da bizikletaz ibiltzen ikasteko adin mugarik ez dagoela. Eskolak ordubetekoak izan ohi dira eta elkarteko kideen arabera, hirugarren eskolan oreka mantentzeko gai izaten dira ikasleak.
Segurtasunez aritzeko
Txirringa hartu baino lehen, komeni da segurtasun neurriei erreparatzea, ibilaldian zehar arazorik ez izateko. Carlos Gonzalezen aburuz, "bizikleta baldintza onetan mantentzea oso garrantzitsua da. Atera baino lehen, argiak zein txirrinak funtzionatzen duten baieztatu behar da". Horretaz gain, kontuan izan behar dugu bizikletak gure neurrikoa izan behar duela. Bestela, bizkarreko zein belaunetako lesioak izan ditzakegu. Ibilbidea ere, martxan jarri baino lehen aukeratuko dugu. Gonzalezen aholkuei jarraiki, erantzukizun zibileko asegurua edukitzea ezinbestekoa da. Eraman beharreko ekipamenduari dagokionez, kaskoak dauka lehentasuna. Arina izan behar du eta zirrikituak izango ditu airea pasatzeko. Bestalde, gomendagarria da oinarrizko arazo teknikoei aurre egiteko tresnak gainean eramatea, hala nola: puzgailua, bihurkina, giltza ingelesa eta balaztentzako kableak, besteak beste.
